2011-06-13

Lehorrean ere bada posible surf egitea

Etxera bueltan, han! Musika kontzertu batekin egin genuen topo. Klaro, ekainean gaude. “Udaberriko kontzertuak”.

Zein tokatzen da gaur?

Pianoa, kontrabaxua, akordeoia eta… Ahotsa. Zein da? Ezaguna egiten zait.





Entzun nuen kanta bat, eta gustatu egin zitzaidan, asko, eta geratu egin nintzen gehiago entzutera. Baina ez zan gustatu zitzaidan gauza bakarra izan neska honen ahotsa, eta bere taldearen musika. Beste zerbait ere bazan, oso erakargarri egin zitzaidana.

Neska honek surfeatzeko duen abilidadea. Aritz Aranbururi tokatu ote zaizkio inoiz, hain olatu petralak. Hurrenez hurren:

Eszenatokia ez da oso altua, eta ero txiki hoien esku-eskura dago. Eskuraegi dago. Zer gehiago behar du ume batek, eskilara batzuk, “zarata pixkat”, eta kable motroilo bat aurrean baino? Han pilatu ziran, dozena bat ume, zein baino zein tximinoago. Ni zain egon nintzen, ea zeinek egingo zion lehenago tira mikrofonoaren kabletik, edo zein igoko zitzaion buru gainera "platanoaren bila".

Umeak, olatu petral bat. Baina baziren beste batzuk ere: Gunea ibilgailuentzako itxita egon arren, jun-etorriko bidea egin zuten motorzale batzuk, bafleen musika zeharo estali zutenak.

“BBRRRRRRRRMMMM!!!!”

Beste olatu bat: mutiko koadrila bat, bakoitza bere bizikletaren gainean, motorrik ez dutelako penatan, eta hain zuzen horregatik, motorrena baino zarata haundiagoa atereaz:

- EEEeeeeeeeee! Aoooooooooo!!!!!!!, IeeeeeeeeeAAAaaaaaaaaaaa!

Artaldea bakarrik zuten faltan.

Beste bat, ez besteak baino txikiagoa: eszenatokia "PPP"  ibilbidearen aurrean dago (PPP: Paseo, Pipas y Pacasa): koadrilak, familiak, bazkideak, kintoak… Zumarragatik Urretxura eta Urretxutik Zumarragara bidean…

Beste bat: eszenatoki parean dagoen tabernaren terraza, hamar bat mahaiduna. Haietako bakoitzean, unibertso txiki bat, bakoitza bere unibertso-erdiguneari begira. Denak ez behintzat Mireni begira. Gehiago ondokoak esaten zuenari begira, oihu eta imintzio artean.

Eta bueno, ni ere izan nintzen, abestietako batean, tarte labur batean, zurrunbilo zoro bat, betiko lagun bat (ekar ezazue zuen irudimenera: neska, ilekixkurra, guapa, eta sexapil ukaezinaren jabea), patinetan demostrazio txiki bat egiteko eskatu, eta gustoa nola ukatuko nion ba. Han egin nituen bere inguruan lau buelta...

...

Nere artean: baina nola demontre konzentratuko da ba neska hau, tamainako itsaso zakarraren erdian? Nola surfeatu hain olatu deabruak? Batipat, bere musika ez dalako hain zuzen “kalejira” estilokoa (hona adibide bat, toki berean, tximu beretsuekin), baizik eta, berak Uztarriako elkarrizketa honetan esan bezela, “lasaia, eta oso intimista” dan bat.

Ba, lortu zuen ba. Lortu zuen bere kantak, osorik, eta arte haundiz borobiltzea. Erabat konzentratuta, maisutasun inbidiagarriaz.

Surflari aparta, bai jauna.

Konzertuaren bukaeraraino geratu ginen, eta gozatu genuen puska bat. Eta esan zuen bat, oso gogoan geratu zitzaidana, baina beste baterako utzi beharko, dana egun berean ezin esango degu ba.


_____

Sem comentários:

Enviar um comentário