2011-06-20

Munduan zehar, Donostiatik irten gabe

Jun dan asteko kontuak dira, baina ederrak iruditu, eta hemen jartzea okurritu, eta gaur arte tarterik ez ordenagailu parean jartzeko (Ejekutiboaren bizimoduak holako gorabeherak ditu).

SUEDIA

Ortodonzistarenean. Sartu gera alaba eta biok, eta itxaron-gelara zuzenean. Itxaron-gelaren hondo-hondoraino. Bertan, gure parean, moda-aldizkari batetik erori berria dirudien neska ezin ederrago bat.

Ezin ederragoa dalako, paradoxa galanta, ez diot begiratzen oso begi-zeharka ez bada (begirada bakoitza ondo-zukutuz bada ere). Alkarrengandik gertuegi, edo bera nere aldean ederregi, bitakoren bat. Begiei ondo eusten diet, bestela Loctitez itsatsita bezela leudeke eta berarengan.

Eta, euskalduna izan arren, halako edertasuna, neri Suedia etorri burura. Suedia, eta hango emakumeak, hain fama ona dutenak (Suedian ez naiz inoiz egon, baina, fidatzen naiz egon direnetaz)


FINLANDIA


Alabari jarri beharrekoa jartzen dioten bitartean, jai eman didate. Ordubetetxo bat.

Euria ari du, eta ez du ematen gogo haundirik itsasoa ikustera juteko, baina pekatua da Donostiara etortzea eta itsasoa ez ikustea (lehorrekoon kapritxoak).


Hondartzan, arimarik ez…




Itxoin itxoin!





Bi bañista. Iritsi dira ertzeraino, kendu dute arropa, eta blaust! Barrura. Eguzkia, ondo gordeta. Ura, oso epela dagoenik ez dirudi behintzat. Antza gehiago du paisaiak Finlandiarekin, Karibearekin baino…

Inbidia. Bulkada bat, lau zankadatan beraiekin bat egiteko, baina, nere burmuina botere faktiko hutsa eginda dago. Operazioa bertan behera geratu da.


BRAZIL


Ortodonzistara bidean, Easo kaletik noa. Harresi ikaragarri bat, espaloi estu baten gainean, eta harresian ondo txertatuta, harriak baino lehenagoko zuhaiska eta zuhaitzak.



Begirada gora eramatea nahikoa da Amazonaseko oihan batean txiki-txiki sentitzeko, zuhaitz erraldoien oinarrian han behean, anakonda, lorito eta tximuen artean.




ERRUSIA

Izan zitekeen Albacete, tabernaren izenari erreparatuz gero: “Bar Cirilo”, baina, hemen ere, begiak itxiz gero, Errusian bertan zaudela dirudi. Bi kamarera gazte daude, alkarrekin hitzegiten. Nola errusieraz ari diren, ezin jakin zertaz ari diren, Kazajistango ekonomiaz edo legatza prestatzeko maneraz, baina bi txoritxo dirudite, eta ezin doinu politagoa darie.


EUSKAL HERRIRA BUELTAN


Zirimiria. Alaba ortodonzistarenetik jaso, eta parkinera.

Parkinean, euskal poeta bat ikustea iruditu zait. Eskilaretan gora.

Baina, segurantzarik ez. Horregatik, bere kotxe ondoraino hurbildu naiz, kuxkuxeroa ni, eta, hau dek hau, kotxe barrena garbi-garbi, txukun-txukun dauka. Toaila beige bat, toles eginda, hau ere txukun-txukun, atzeko jarlekuan.

Poeta txukun bat? Bai zera. Ezin bera izan, nahastu egingo nintzen. Poeta guztiak desordenatuak behar dute izan.

Ala?



_______

2 comentários:

  1. Falta izan zaizkizu Liechtenstein edo Mónaco. Ortodontziaren prezioagatik, diot. ;-)

    ResponderEliminar
  2. Arrazoi, Jozu! Mónacon ere izan nintzen! Kontatzea ahaztu ;-)

    ResponderEliminar