2011-06-13

Sikiera hankak frexkatzeko, sar naiteke bertara?



Atzo arratsaldean, patinak jantzi eta patinatzera jun nintzan, nere txikiarekin. Tokia ezagutzen dezuenok,  “mahairaino”, Aginagara hartzeko bidegurutzeraino.

Bertan, zubiaren gainean, bi lagun zeuden, alkarrekin hitzegiten, behatza erreka aldera luzatuta. Zeri begira ote daude?

Han, iskina batean, amorrain bat. Potolo-potoloa.

Poza hartu nuen, haundia. Nere etxe parean ere, Zumarragan bertan, ikusten dira arraintxo ale batzuk tarteka. Erreka nola datorren, horren arabera.

Eta, aspaldi buruan dabilkidan galdera etorri zitzaidan atzera burura: hauetakoren batean, bainu bat hartu beharko da ba, Urola errekan? Bai ala?

Urola errekaren ondoan bizi geranok ez degu ezagutu honen eboluzio makala. Duela urte batzuk, erreka lantegi askok bere hondakinak botatzen zituen hustubidea zan. Gero araztegia ipini zan, eta lantegi askok beren hondakinak botatzen zituen hustubidea izaten segitzen zuen. Baina, pixkanaka-piskanaka, ez dakit krisiak lantegi batzuk itxi ahala, edo bestela, erreka garbitzen-garbitzen jun da, eta askotan orain, errekak ura dakar. Ur garbia. Itxuraz garbi-garbia behintzat. Eta bertan arraitxoak ere ikusten dira.

Errekako uraren kalitatea neurtzea, ez dirudi airearena neurtzea baino zailagoa. Airearena neurtzen da, baina errekarena, ez. Edo, akaso, hau ere neurtzen da, baina hala bada, sekretuko kontua da. Guri, Zumarraga-Urretxuko herritarroi, hiru urtez behin edo, egunkariek ekarri ohi duten diagnosia baino ez zaigu iristen: “hobetu da-ez da hobetu-gure errekaren egoera hau eta hau da”.

Diagnosirik gabe ere, Urola errekak zakarrontzi bat izaten segitzen duela, gauza jakina da. “Erreka eguna”tik, “Erreka eguna”ra bertan pilatzen dan zikinkeria, zikinkeria ugaria, ez du inork jasotzen, hortxe egoten da ( baldin eta, errekak berak, hazita datorrenean, eramaten ez badu behintzat). Euririk egin gabeko bolara baten ondoren, zaparrada luzeantxe batek erreka zertxobait haunditzen duenean berriz, ura beltza etortzen da, eta altxatzen dan usaia ere ez da izaten apetitua pizteko modukoa…

Baina tira, ura garbia datorren egun hoietan behintzat… Dagokionari luzatzen diodan galdera: sikiera hankak frexkatzeko, sar naiteke bertara?


__________


Mezuaren hasierara etorriz atzera: grazia egin zidan bi lagun hoietako batek kontatutakoa, eta bada goian esan dedanaren nolabaiteko laburpena:

- Lagun bat zeukeat nik, Aizpurutxo inguruan, eta hemen gorago ere, arrantzan ibiltzen dana, ta hark bai kontatzen dit, amorrainak hartzen dituela. Galdetu nioan, ea jan egiten al zituen berak hartutako amorrainak, eta bere erantzuna: amorrain hoiek jan, nik? Bai zera. Lagunei ematen zieat, haiek jaten dizkitek gustora.

____

Sem comentários:

Enviar um comentário