2011-10-24

Alper-alperrik

Gaur, beste zereginik ez eta, nere burua langintza haundi batean jarri det: bizitzan orain arte alper-alperrik sufritzen emandako orduak bata bestearen segidan ipini ditut.

Ipini ditut, xuxen-xuxen ilaran, hurrenez hurren, uste okerrak direla eta sufritutako orduak, lehendabizi. Hauek ugarienak. Bete ez diren zorigaitzen bildurrez galdutakoak ondoren, puska on bat; hanka sartuta edo ahultasunaren ondorioz egindako okerrengatik damututa emandakoak, nik ba al dakit zenbat; gaizki-ulertzeen ondorioz bizitakoak, beste pila bat; nere birtuteak atzematen ikasi arte motiburik gabe nere burua zigortuz emandakoak, mordoxka polit bat…



Ostiko bat eman diot soka hasierari. Kiribildu da, eta bihurtu da bola lodi bat, orduak xurgatu ahala haundituz jun dana, ibilian sendotuz jun dan hots bildurgarria bezela. Urruntzen ikusi ditut biak, bola eta zarata, zeruertzaren atzean ezkutatu diren arte.

Eta hementxe nago orain, hartutako lan eskergaren ondoren, emaitzarekin pozik. Pozik baino gehiago, txoratzen! Pake eta lasaitasun ederrean…



Itxoin…

Entzun al dezue zarata bat?


____

2 comentários: