2011-10-30

Anestesia

Atzo gerra-argazkilari batekin egon nintzen, zerbeza batzuk hartzen.

Zerbeza eta zerbeza artean, makina bat kontu kontatu zidan. Hurbilenak, Libian bizi izandakoak, Gadafik azken egunak pasa zituen tokian bertan jasotakoak, duela egun gutxi batzuk.

Bere web-gunearen berri eman zidan, eta etxera iritsitakoan, zuzen jun nintzen ordenagailura, kontatu zizkidanak ikustera.

Ikusi nituen bertako argazki guztiak... Eta harritu egin nintzen, nere buruarekin.

Ez dizuet esango argazkiekin aztoratu ez nintzenik, bai eragin baitzidaten, baina ez inola ere, nik espero nuen neurrian.

Bonba eta baletatik gertu, oso gertu egon behar dezu argazki hoiek ateratzeko. Eta hantxe imajinatzen nuen bera, Andoni, frankotiradorearen bila zebilen haren aldamenean




edo sua zerien misil-makina haien ondoan...




Baina, ez nintzen bereziki bildurtu.

Zergaitik baina? Etxeko sofa erosotik ikusitako gerra pelikula eta telefilmeak dira, nere aztoratzeko ahalmena zeharo anestesiatu dutenak?

Albistegietan ikusten ditugun irudi latzek, zirrara molestoren bat sortarazten digutenean, nola desegiten ditugun segundu erdi batean, zaping azkar bat eginez, umore edo txutxumutxu saio batera pasaz... Hori izango da?

Munduko tragediak, urrunak zaizkigu, eta askotan, benetakoak direla badakigun arren, fikzio huts bihurtzen ditugu.

Zeharo anestesiatuta gaude.

Baina ez da anestesia hori, beti, kasu guztietan, guk nahi gabe, gu konturatu gabe jasotzen deguna. Anestesia interesatua ere bada batzuetan:

Kontatzen zidan Andonik, euskaldunon trebeziaz, gerra-teknologian asmatzaile gisa. Nola sortu ditugun, adibidez, mina detektaezinak...

Gure industriaren parte-hartze zuzenaz, ez arma sorkuntzan bakarrik, baita  arma hoien zati solteak egiteko garaian.

Kontatzen zidan gure instituzioen eskuzabaltasunaz, arma-lantegi euskaldunekin...

Baina, et-et-et...

Orain PAKEAN bizi gera eta, nola arduratuko gera holako gauzetaz.


_________


Andonik beste gauza asko ere kontatu zizkidan, zirraragarriak, ahaztezinak, baina nola orain badaukadan haren aztarna segitzeko modua, erraz sortuko da haietaz aritzeko hizpidea.

Beste batean.

_________


Hemen Mezularian egin zioten Elkarrizketa:


Sem comentários:

Enviar um comentário