2011-10-16

Bi olatu, eta apustu bat



Etxeko gela baten papera aldatzen hasi zera, ra-ra-ra… Eta han azaltzen da inoiz, honen aurretik egon zan paper zaharra, zuk gogoratu ere egiten ez zenuena: olatu txiki moduko bat igotzen zaizu behetik gora, paper hari lotuta etortzen baitzaizkizu, irudi edo gertaera hura, pertsona hura, emozio hura…

Ba asteburu honetan, neri bi olatu behintzat etorri zaizkit, behetik gora, inungo gelatako papera aldatzen hasi gabe.

Bata, duela 20-30 bat urte ikusten ez nuen pertsona bat ikusi nuenean. Ez edozein pertsona. Nere hormonak lehendabiziko aldiz dantzan jarri zituen neska.

Laburra izan zan aztoramena, praka motxetan nenbilen garai hartan, baina ez horregatik hutsala. Sufritu nuenik, ez det gogoratzen; gozatu nuela, hori bai. Nere masailak gorri-gorri gogoratzen ditut, belaunak dardarez, hura pareko espaloian pasatzen ari zala. Sekula ez nion hitz-erdirik zuzendu.

Begira geratu nintzaion, aurrekoan,  hainbeste urteren ondoren ikusteaz harrituta, berak ere begiratu zidan, eta – Hola -, esan nion, eta berak ere – Hola - , neri.

Bueno. Garai hartan baino zeozer urrutiago behintzat iritsi nintzan. Hemendik 30 urtera, aber eguraldiaz edo hitzegiten diodan pixka bat.

____


Bigarren olatua, usain bat izan zan.




Brinkolatik gora igo nintzan atzo, eguzkia gordetzen hasi zanean, Urbiarako bidean. Uste det nahasketa bat izan zala. Pinu-erretxinaren usaia, isiltasunarekin nahastuta…

Nere gaztetako mendi-ibilerak gogoan. Aspaldi mendi goietako pake sentsazio hori sentitu gabe. Hau ere sentsazio mistikoa, 10 urte nitueneko neskatxa harekikoa bezela.

_____


Mendi goietako pake hori, laister sentitzera noa berriz. Gaur lagun bati apustu latza egin diot eta. Ezetz San Donatora goraino igo, nerekin.




Ez baitet sinisten igotzeko kapaz danik, enbido gogorra bota diot: kapaza bada, hiru “Sálvame” ikusiko ditut, hirurak eserialdi batean.

Apustua egin ondoren, saio horrek lau ordu irauten duela enteratu naiz, - ezjakina ni -.

Elur-ekaitz bat tokatzen dan egunen bat aukeratu beharko da. Bera, ez baitakit kapaz izango dan San Donatora igotzeko, baina ni hiru “Sálvame” eserialdi batean ikusteko, inola ere ez. Seko erotu gabe ez behintzat.


____

2 comentários:

  1. Hi haiz hi masokista..... nahiago Konpostelaraino oin azpian txintxetak sartuta jun!

    ResponderEliminar
  2. Ez diat uste igoko danik, baina galtzen badiat, kontatuko diat esperientzia.

    Santu izendatuko ote nauten, martirioa pasatzea lortzen badiat ;-)

    ResponderEliminar