2011-10-06

Darwin, nere esperantza

Jun dan astean, bi egunetan gauza bera pasa zitzaidan. Nere aho sapaiak ondo gogoratzeko moduko gertaera desatsegina.

Kalean, bero. Logelak, leihoak zabalik danak, gaueko frexkura sar zedin.

Neu etxean azkena oheratzen. Telebistan edo, sukaldea jasotzen ibiliko nintzan, ez naiz gogoratzen. Ohi bezela, nere gautxori senari obedituz, berandu arte geratuta.

Banua ohera. Sartu naiz logelan eta… Jainko maitia, baina baina hau zer da??

Laino trinko bat. Ikusezina argi gutxirekin, baina ez horregatik sumaezina. Terriblea. Auskalo ze lantegitatik haizeak ekarritako erregalu pozoitua.


Nere burmuinaren erreakzio logiko-automatikoa: leihoak zabaldu, irten dadin! Baina, hain zuzen kontrakoa geratu baita! Kanpotik sartu da barrura!

Itxi det leihoa, lainoa oraindik kalean pasiatzen balebil ere, gehiago sar ez dadin; eta ohera sartu naiz.

Sudurzuloetan gora, gelako airea, sudurzuloetan behera. Gora, behera, gora, behera… bost minutu ere ez dira pasa: ahoa Cola-caoz beteta daukadala dirudi, esne ttanttorik gabe baina. Pttak… Pttak… Pttak…

Buruko mina jarri zait segituan. Ez dakit keak berak, ala nere kezkak eraginda.

Paranoiko izan gabe, burutik pasa zait lehertu dala hor nunbaiten zeozer, eta kea etxe guztietara sartzen ari dala, nerera bezela; eta hurrengo eguneko periodikoetan aterako gerala danak, istripu larri baten kaltetu zorigaiztoko gisa.

Tira, New York Timesen lerroburu nagusi izateak ere, xarmangarria izan behar duela.


_____



Kutsadurarena nere herrian, aspaldiko kontua da. Euskal-Herriko herri kutsatuenetakoa da Zumarraga. Urteak aurrera doaz, baina arazoa ez doa urteekin batera. Ondo asentatuta dago gurean.

Oso osasuntsua ez du izan behar. Kutsadura eta gaixotasunak, noraino dauden lotuta, ez da kontu matematikoa, nahiz eta inork ukatu ez, batek bestea dakarrela… Eta, bati, kezka jartzen zaio, neri, nere ingurukoei, tokatuko ote zaigun gaixo jartzeko grazia….


Eskerrak Darwini, eskerrak




Euskadi irratiko Faktorian, elkarrizketa gogoangarria.





Oso, oso polita. Xabier Erkiziak, eta beste batzuk, soinuak jasotzeko lana hartu dute, eta ari dira bitxi benetan harrigarriak lortzen. Itsasazpikoak bezela, guri aditzea ezinezko zaigunak baina hor daudenak, edo galtzear daudenak… Zeharo oharkabean pasatzen zaigun bizi-zantzu bilduma zoragarria…

Eta gogoan hartzekoak, oraintxe-oraintxe, bi. Bata, esaera bat, grazia haundia egin zidana: “Belarriek ez dute betazalik”. Adierazteko, ezer ikusi nahi ez badegu, nahikoa degula begiak istea; baina belarriak erabat isteko modurik ez daukagula.

Bestea berriz, esperantza pittin bat izatera naramana, ke-hauts-kutsadura giro trinko honen erdian:

Itsasazpian, Bilboko portuan adibidez, neurtuta daudela 140 dezibelio (oinazearen muga, 120koa izanik), eta ikusi dutela, baleek…



Euren kantua aldatu dutela azken hamarkadaotan, zertarako eta, itsasontzien zaratatik desberdinduz, euren artean komunikatu ahal izateko!

Hau sorpresa. Darwinen eboluzioaren teoria, azaletik ezagutzen nuen, baina holako aldaketak izateko, bizidunek mende batzuk behintzat behar zituztela uste nuen. Eta hara nun, baleek behintzat, lortu duten hamarkada gutxi batzuetan moldatzea!

Batek daki! Akaso, gure organismoak ere, ari dira PM10, nitrato, fosfato, merkurio, berun eta halakoetara ohitzen, baleak bezela moldatzen, eta ari gera lantzen poliki-poliki, kutsadurara moldatutako gorputz suntsiezina! Gure DNAn itsatsi, eta datozen belaunaldiei oparituko dieguna!



Zentzu exkaxeko esperantza txatxua? Baliteke, baina esperantza, azken finean…

Logela kez beteta, ahosapaia bera Cola-Caoz bete eta hipokondriak antsietate atake bat izateko zorian ipintzen nauen hurrengorako, zeoze-zeoze beharko da…


____

Sem comentários:

Enviar um comentário