2011-10-08

Hiru kamarero

(Zure burua ikusten badezu hauetako batengan islatuta, kasualitate hutsa da.)

Hotelean parean tokatutakoak:

Hiru kamarero. Batek berrogeiak, hogeitamar bigarrenak, eta bi aldiz hamar hirugarrenak.

Zaharrena, gizon serioa da, oso arduratsua. Beti ostalaritzan ibilitakoa, negozioa ondo ezagutzen duena; baina oso gora iritsi ez dana. Hain zuzen, zama horrekin bizi da; edo beste zama batekin, auskalo zein, soluziorik gabea. Kosta egiten zaio irriparre bat eskeintzea, eta eskeintzen duenean, benetakoa dan ez zaizu garbi geratzen. Pentsa liteke, espermatozoideen gisara, kanpora iristen direnerako indarra galduta daudela oso aldian behineko bere irriparre bakanak. Karikatura bat egitea okurritu zait, eta, itsasontzi haundi baten aingura lepotik txintxilik duela imajinatu det.

Atsegina izaten saiatzen da – ofizioa ondo bete nahia – baina bere tristura estaliko duen makilajerik ez dago.

Erdikoak bai, badarama: estalki gogorra, sendoa, gutxienez errinozeronte batena, helburu bakar batekin eraikia: minik ez hartzekoa. Gizona oso isila da. Beharrezko hitzak baino ez ditu erabiltzen. Ez dizu begietara zuzen begiratzen. Ez dakizu lotsa, ala beste zerbait dan, baina ikertzeko aukerarik ez dizu ematen; erreparoa ematen dizu harekin atsegin izateak. Baina nere semeak – ikasi gabea oraindik, ume bati dagokion moduan, guztiz inuxentea -, ez du gizon biluzi bat besterik ikusten beste miloika gizon biluziren artean. Bromak egiten dizkio, bere geruza lodia alderik alde zeharkatuz. Zauri hoietatik, hoteleko irriparre beteenak, irriparre zintzoenak kanporatzen dira. - Beste ume batenak?

Hirugarrena, gazteena, neska polit bat da. Begi zoragarriak ditu. Mototx dantzari bat. Pirzing bat sudurrean. Uniformerik ez darama, eta harritzekoa da, han inor bada batere agintzen ez duena, bera baita. Derrigorrez esanekoa, etxera dirua eraman beharra: egoera latzen bat gaueko hamaiketatik goizeko hamarretara. Kutsu goibel bat badu, eta hala ere, badaki zer dan maitasuna. Nunbaiten jasotzen du, eta jasotzen duelako helerazten du bere ingurukoengana…

Baina etxera derrigorrez dirua eraman beharrak, muga bat aurkitu du, egun batean. Zerk atera duen bere onetik, auskalo. Beharbada banatzeko soberan duen eta banatzen saiatu dan maitasunak ordainik ez izateak; bere lankideen hoztasun eta zurruntasunak…

Lehertu egin da, eta bere oihuak sukalde barrenetik irten eta jangelako mahai guztien gainetik ibili dira…

Bost minutuko sesio haundi baten ondoren, elkarrizketa guztiak isildu dituen sesio urdurigarri baten ondoren, iskin batean ikusi degu, negarrez, zigarro bat eskuan duela….

Kamarero zaharrenak bere aurpegi zurrunarekin segitzen du. Lotsatuta, eta errabiaz beteta. Apenas antzematen zaio.

Erdikoa, mahai artean pasa da, bezeroen begiradak saihestuz; baina estuasunik gabe, horretan, oharkabean pasatzen, ondo trebatua baita.

Eta kamarera gaztea, behin barrenak hustutakoan, zerbitzatzera itzuli da, postreen garaian. Bere ohizko begirada atsegin eskuzabala eskeiniz. Bera ere, trebatuta nunbait, etxean ilunak utzita, kalean argiz ibiltzen.

Azken bazkaria da. Bagoaz, eta ez ditugu gehiago ikusiko.


________

Sem comentários:

Enviar um comentário