2011-10-02

Inkontzientearen adierazpenak

Duela hilabete batzuk, nere buruarekin harritu nintzen, gutxitan harritu naizen bezela.

Aspaldiko ezagun batekin nengoen hizketan, eta hor bota nuen, halako batean, bota behar ez nuen haundi bat.

Ezin nuen sinistu nere ahotik irten zan hura neronek sortutakoa izatea.

Ezagun hau, ez zan sumindu. Harrigarria, baina itxuraz behintzat, ez zion minik eman nere eztenak. Errieta egitea merezi nuen, zaputzaldi bat, begirada hasarrekor bat… Holakorik ez zan izan.

Nere buruari zuzendu nintzaion segituan. Galdezka, nola zitekeen ezagun hari holako ostiko zentzugabea ematea. Azalpen eske, nun sortua zan, min emateko asmo ulertezin hura…


____


Hainbeste harritu nintzan, gertakari hura, ate berri bat zabaltzea bezelako zerbait izan zan.

Nere erabaki eta ibilera askoren azpian zer zegoen arreta jartzen hasi nintzan. Halaxe, nere ingurukoenetan. Eta, ondorio lauso bat atera det, azkenean:

Gure erabakiak ez dituela gure kontzienteak hartzen; gure barruko ume hezigabe, kapritxoso horrek baizik.

Mozorrotu egingo ditugu erabakiak hartzeko arrazoiak, hartuko ditugu biderik aldrebesenak, jantziko ditugu gure hitzak nahi erara, baina norabidea, beti, berbera izango da: ume horren apetak betetzera daramana.

Gure kalterako bada ere, ez zaigula komeni sinistuta ere… Beti haren esaneko, haren aginduetara; beti, hala ez badirudi ere.


____



Azken hilabeteotan buruan bueltaka hori dana, hara nun, gaur, Zumarragako kultur-etxean, erakusketa bat ikusten suertatu naizen, kasualitatez.


INKONTZIENTEAREN ADIERAZPENAK


Erakusketa zeinena zan, arrastorik ez neukan. If Matxikoterena.

Pila bat gustatu zaizkit koadroak.

Eta, erakusketa zaintzen duen lagunaren esanetan, neri bakarrik ez:

“Erakusketa honek ez dakit zer izango duen, baina mundu guztiari gustatzen zaio”.

Nere barruko artista esnatu da orduantxe, eta, hori zortea nerea, bi lagun hantxe, nere instrukzioak segitzeko prest. Jarri hola, itxi begiak, luzatu hankak, jarri eskubirago, begiratu gora… Neuk agindu, eta haiek bete; inkontzientea gutako bakoitzarekin bezela-bezelaxe.















______

Sem comentários:

Enviar um comentário