2011-10-27

Josete, zuk esan eta nik bete

Ordenagailua zarata ateratzen hasi zan. Ohi zuena baino haundiagoa, askoz-askoz haundiagoa. Aulkitik altxa, zutitu, eta distantzia hartu behar izan nuen. Ze zarata zan hura? Zarata bakarrik ez, han hasi zan, dardarka! Nere amaren etxeko garbigailuarekin gogoratu nintzen, zentrifugatze arazo larriak zituen hura…

Zer egin? Itzaldu? Zein da kablera hurbiltzen dan Brave-Hearta?

Argiaren automatikoa itzaltzera jun nintzen, kuarto txikira.

Isiltasuna etxean, bapatean.

Tentuz, ordenagailurantz abiatu nintzen...

Gelara sartzeko ahalegin erdian gelditu nintzen. Atzera egin nuen, harri bilakatuta. Atzeraka erori nintzen, pasiloko paretaren kontra.

Lurretik ikus nezakeen. Zer zan hura? Espejismo bat, aluzinazio bat...

Truko bat. Truko bat  zan! Telebistako broma bat. Kamara ezkutu bat... Baina ondo egina gero. Hezur-haragizkoa zirudien, nahiz ke-itxurakoa zan. Begiak hala ere, oso biziak, gorrixkak, haiek bai ziruditela benetakoak...

- Eup.

- Zer da hau, Euskal Telebistako programa berriren bat?

- Marka da gero, beti gauza bera entzun beharra. Telebistak munduko jeniooi ekarri digun kaltea.

Ahoa zabaltzeko asmoa nuen, nere susmoa egiaztatze aldera, baina kez egindako esku luze bat ikusi nuen nere potroetaraino iristen. Nere izeba Felirekin gogoratu nintzen. Nola txikitzen zituen baserrian intxaurrak, bere esku hutsez lagunduta.

Nere aienea mundu honetakoa zan, potroak estutu zizkidan ke-itxurako esku hura bezela.

- Josete naiz, ordenagailuz ordenagailu dabilen jenioa. Eta hau da nere leloa: "neu naiz Josete, zuk esan, eta nik bete".

- Jenio bat... - arnasa berreskuratuz, kostata - Baina ez al zineten lanparetatik ateratzen?

- Ai... Disneyk munduko jeniooi ekarri digun kaltea. Lanparak? Zeinek dauka gaur egun etxean lanpara bat? Munduko jeniook aurrera egin degu, munduak bezela, eta plaka-base eta mikroprozesatzaileen artean aterpetzen gera.

- Loteria moduko bat tokatu zait orduan? Jenio bat zera?

- Ajam.

- Eta nahi dedana eska dezaket? Josete?

- Ekilikua. Nere izena, Josete. Zuk esan, eta nik bete.

- ...

Hura nere bizitzako aukera izan zitekeen.. Burua lanean ipini nuen.

- Azkarragoak ikusi ditut...

- Ez dakit ordea, zer eskatu. Erabaki zaila da...

- Tira ba. Zu bezelako zalantzatientzat, Pack berezi bat daukagu.

- Pack bat?

- Bai. Pack konpleto bat. Danetik pixkat duen bat.

- Eta zer du ba?

- Ba, edozeinek beretzako nahiko lukeen pakete bat, horra: lan on bat. Bulego batean, bista ederrekin. Ardura haundirik gabe eta internet egun osoan. Soldata polita, eta jai egun asko urtean. Etxe bat: zentro-zentroan, terraza haundia, azken pisuan. Kotxe dotorea, 4x4 bat, luxuzkoa. Kontukorrente potolo bat. Gastatu ahala betetzen dan hoietakoa. Lagun koadrila haundi bat, paseatzera ateratzeko hoietakoa. Bikote bat, zure edertasunaren araberakoa. Amorante bat ere bai, aukeran. Umeak ere aukeran. Lau arte nahi dituzunak. Izen bat ere bai. Alegia, ez zerala gizagaixo bat: jendeak miresten zaitu, edo tira, miresten du zure estatusa, boteretsu baitzera. Direktibo, politikari... Gisa horretako zerbait. Osasuna ere badezu, eta gimnasioko inbidia, zu zera.

Ahoa listuz bete zitzaidan, eta begiak zabaldu, aspaldi ez bezela.

- Ondo! Ez det gehiago entzun nahi. Horixe eskatzen dizut, Josete.

- Ederki! Hola gustoa ematen du. Hala ere... Nere lanak hala esijitzen du ta, pack alternatiboa aurkeztu beharrean naiz.

- Pack alternatibo bat?

- Bai. Askozaz ere xumeagoa. Hain da xumea, ez duela tokirik behar. Dohai batzuk dira.

- Dohai batzuk? Zein baina?

- Lau baino ez. Laburrak, eta gogoratzen errezak. Horra: 1.- Daukazuna estimazeko ahalmena. 2.- Norbera zein besteak maitatzeko gaitasuna 3.- Gozatzeko gaitasuna 4.- Garrantzitsua zer dan bereizteko ahalmena.

- ...

Pentsati atzera.

- Autolaguntza liburu batetik ateratakoa dirudi...

- Ajam....

- ....

- Eta? Ba al gera? Beste ordenagailu batzuk zain ditut. Zein da zure aukera?


____



Urtebete beranduago



- Josete!

- Et-et-et, etzaitez nahastu. Zure txanda pasa zan.

- Baina hemen zaude!

- Pen-drive-a erori zitzaidan. Oraintxe gogoratu det nun zegoen.

- Baina hemen zaudenez gero... Mesede bat egin behar didazu.

- Ez nabil oso eskuzabal. Hala ere, entzuteko desiatzen nago. Zer daukazu esateko?

- Beste pack hura nahi det, dohaiez beteriko hura.

- Ha ha ha...

- Nere bizitza kaka bat da.

- Bai ala?

- Bai... Lanean gaizki nabil. Zer dakit nik, motibazio falta. Etxeak akatsik ez, baina lehengo zaharrean gustora nengoen, huraxe daukat gogoan etengabe, zertarako aldatuko nuen. Todoterrenoa ondo dago, baina hain haundia da, eta ni hain baldarra gidatzen, tailerrekoak nik baino gehiago ikusten du. Dirua bai, baina, dagoeneko ezerk ez dit ilusiorik egiten, dana esku-eskura baitet. Koadrila bai, baina lagun-minik batere ez. Andregaia bai, baina, nahikoa maite ote dedan ez dakit. Amoranteagatik ote dan, ez dakit, harekiko beste hainbeste sentitzen baitet; bai, amorantea ere hartu bainuen. Umerik ez nuen hartu, baina, hain hutsik sentitzen naiz, merezi ote duen ez dakit esaten. Ezer badaukat, nere botere apurtxoa, badakizu? Politikan sartu bainintzen, baina ez dakit lehen baino gizagaixoagoa ez ote naizen sentitzen...

- Ba, zer egingo zaio ba, beste pack hura, gastatu zan, eta gainera, esan dizudana: zure txanda pasa zan.

- Eta, orduan, erremediorik ez?

- Erremediorik ez. Ase ezinda bizitzera kondenatu zinen.


_______

5 comentários:

  1. Hoi dek Joselitoren lehengusu hurrun kabroia!
    jewjewjew

    ResponderEliminar
  2. Patxi, oso-oso politta!!
    Dakagunaz disfrutatzen ikasiko bagendu...
    Laztan bat!

    ResponderEliminar
  3. Gustatu zait zure parre moldea: jewjewjew... Oso ganberroa ;-)

    Leire, pack alternatiboaren lau hoiek ez nituen autolaguntza liburu batetik jaso. Neu jarri nintzen, nere kasa, pentsatzen, zein liratekeen pertsona baten fundamentuzko ondasunak, eta hoietxek atera. Ez dira kamutsak, ezta?

    Pozten naiz, gustatu izanaz

    Beste laztan bat zutzat :-)

    ResponderEliminar
  4. nik ere laztan bat nahi det!!
    jew jew jew (uste det Gabai-ren komikietako parrea dela)

    ResponderEliminar