2011-10-14

Parre egin, zer bestela?

Gaur nere buruari galdezka hasi naiz, noiz sentitu naizen makilatua azkenengo aldiz. Noiz eman didaten azkenekoz astindu on bat… Eta aurtengo oporretaraino jun naiz. Mediterraneoraino.

Ordu pare bat izan zan, baina a zer ordu parea. Kontua da, orain gogoratzen hasi, eta parregurea sartzen zaidala, eta nola geratuko naiz ba, neu bakarrik, nere parregure honekin? Jesukristok ere esaten zuen: konpartitzea gauza polita da.


















Alabaren desio haundi bat bete nahiean hasi zan dana. Wind-Surfa probatu nahi zuen. Lau eguneko tabarra eman zidan.

Ala ba. Orduerdiko paseotxoa, hondartzaren beste puntaraino, goazen ba.

Iritsi gera. Lehenengo zaplada iritsitakoan: Wind-surf taulak alokatzen zituen mutila.

( Betiko galdera, hura ikusi orduko: zergaitik izan behar duten surflari gehienek itxura berbera. Mutil katxarroa. Ilehori erdi-trentzatua. Melenatxoa. Txulopiszinas tankera. Honek Kurt Kobainen antza haundia zuen gainera.)
















Txiringitoan zegoen gizona, lasai ederrean, gu azaldu ginenean. Haizea zebilen eta, egun hartan, gu lehenengo, eta eguneko bezero bakarrak. Wind-surf taula alokatzeko asmoa azaldu nionean izugarrizko mesprezu aurpegiarekin begiratu zidan. Ez zeukan batere gogorik gizonak, tabernan okupatuta zeukan taburetea utzi, eta guri atenditzeko. Are gutxiago, guk wind-surf egiten ez genekiela eta, oinarrizko azalpenak emateko. Baina nunbait, ni bezela jun zitzaion azkenekoari, ezezkoa eman zion, eta maldizio bat erori zitzaion zerutik, zer dakit nik, herpes bat, almorrana gaizto bat… Eta gogoz kontra bazan ere, bigarren maldizio baten bildurrez, eman zigun taula, eta azaldu zizkigun azaldu beharrekoak.

Klaro, begirada asesino hura jasan behar. Superstiziosoa bai, baina ez horregatik derrigorrez atsegina. Ederki despatxatu zan.

Eta mendekua ere, hartu zidan. Derrigorrezkoa zala, eta txaleko-salbabidasa ipini zidan. Ez nere neurrikoa ordea – kabroia -. Uretara erortzen nintzen bakoitzean, sudurreraino igotzen zitzaidan, eta txalekoarekin batera gora etorri zitzaidan, erori nintzan aldiro, mediterraneo erdia. Nere bizi guztian ez det hainbeste ur tragatu! Salbabidasa baino, hura kitabidasa zan.

Ordu t’erdian, berrehun aldiz bai eroriko nintzan uretara! - gehiago igual - ( Jakina, wind-surf taula gainean igotzea, lehenengo aldi batean behintzat, ez da banketa baten gainera igotzea. Zeozer gehiago mugitzen da).

Eta, ura tragatzearena, kalte bakarra izan balitz!

Hura, hondartzaren bukaera zan, eskolleraren ondoan. Aizkorriko mendilerro guztian harri gutxiago dago, han hondoan zegoena baino. Erortzen nintzen bakoitzean, hankak mota eta klase guztitako harri ertzdunekin topo egiten zuten. Hiru aste beranduago, nere oinek body-paintig maisulan bat ematen zuten, danak beltzunez bete-beteta. Kolore guztietakoak.

- Aiii!! Uiiii!! Aaaa!

Txarrena ez zan mina izan, hala ere. Txarrena, wind-surf taularen gainera igotzea izan zan.

Arazo tekniko txiki bat baneukan: nere bainujantzia, ez zan egokiena. Duela bi urte, gomak bazuen indar pixkat, baina gaur egun laurdena ere ez.

Taulara igotzen nintzen bakoitzean, bainujantzia jeisten zitzaidan, ipurdi-erdiraino bai.

Nola ez ba. Hondartza, jendez beteta. Igande goiza zan.

Hiru aldiz begiratzen ausartu nintzen hondartza aldera, eta korrotxoak somatu nituen nere parean. Eguzkia baino dizdira haundiagoa zuten begi-irriparretsuak, neri begira. Algararen bat ere bai.

Egia esan, espektakulu gisa, ez zeukan berdinik. Tiketak saldu banitu sikiera.

Gehiago bai? Bai. Desexorzizatzailearen neskatilatxoa
















Nere alaba.

Klaro, taula bakarra eskatu genuen biontzat, eta hura konpartitu beharra zegoen. Pixkat tardatzen banuen igotzen, ikusi egin behar zan nola jartzen zan, berari ibiltzeko minutuak lapurtzen bainizkion! Ni, ahal bezela defenditzen nintzan:

- Aizu, 90 kilo ditudala! Olatua noiz etorriko zain egon beharra daukat, harekin batera igotzeko! Ezin det bestela!

Infanteriako tentiente-koronel askok nere alabak baino karraxi gutxiago egiten dute, eta bastante leunago.

Gero, nere harrotasuna ere bai, hura ere ondo mailatu zan. Ordu t’erdian, nik 25 metro egingo nituen taula gainean. Hark 200 egin zituen.

Autx….!

Eta, nola ez ba, perkusioa bakarrik falta zan.

200 metro hoiek egin, eta wind-surf eremutik irten ginen, bañisten artera.

Gurutze-gorrian lehenengo eguna zuen sorosle bat zegoen. Txikitan txilibitu bat euki nahi izan zuen, baina ez zioten erosi, eta gurekin hartu zuen ordaina, juxtu egun hartan.

- Piiiiiiiiiiiiii!!!!! Piiiiiiiiii!!!!!!!!!!!! Piiiiiiiiiiiiiiiiiiiiii!!!!!!!!!

Hondartzan lo goxoan zeudenak ere esnatu zituen. Eta klaro, erruduna, neu – alaba adin-txikikoa baita, hark ezin ardurarik izan – eta danak neri begira. Bañistak, eta loti esnatu berriak. Zapaterok ere ez zuen jaso nik adinako mesprezurik, Pilarika egunean.

Eta errematea, bukatzeko: Kurt Kobain bigarrenarekin berriz alkartu beharra. Ze bildurra. Hitz-erdi bat ere ez. Begiratu zidan bere begiratu fosilizatu horrekin, eta agur-erdi bat ere ez zidan esan.

Zeozer kontsolatu nintzan hala ere, txiringitoan bere ondoan zegoenari entzun nionean, azken momentuan, bere petralkeriaren arrazoia:

Tortikulisa zeukan!

Eskerrak, ez nintzan neu – ez guztiz behinik behin – Bere amorruaren erruduna. Bere lepoa zan!

Hankak minbera, bainu-jantzia titien pareraino ondo igota, eta alabaren parretxo isekarien laguntzaz – han itzuli ginen, toailara.

Erabaki sendo bat bertara iritsitakoan: Wind-surfa, berriz probatu? Ez horixe! Puentig-a sokarik gabe aukeran.


_________

Sem comentários:

Enviar um comentário