2011-10-07

Sakarina bera baino kaltegarriagoa



Oporraldi motelak aurtengoak, oso mugimendu gutxikoak, baina nahi ezta ere, beti izaten da zerbait gogoaren kajarako. Eta neri, oraintxe, gogoan jasotako hura tekla punttetara etorri.

Maiz esaten da tabernariez, psikologoak izatea tokatzen zaiela askotan, tabernari baino gehiago. Eta kasu askotan hala izango da, baina ez beti horratio. Ni atenditu ninduen hark behintzat, bezeroak ezagutu eta zaintzeko asignaturan, ez zuen nota alturik aterako.

- Me pones un cortao?

Ekarri zidan kafea, baina, nere akatsa, ez nion eskaria beharbezela, osorik egin.

- Ai, no no, me cambias el azúcar por una sacarina por favor?

- Cómo no, caballero.

Gizona sakarina bila abiatu zan, neu “Caballero” harekin geratu nintzan bitartean. Danok ditugu gure maniatxoak, eta neri, “Caballero” deitzen didaten bakoitzean, mila neurona kortozirkuitatzen zaizkit. Ohitu arteko zerbait izango da, ez dakit.

Etorri da, kendu dit azukrea katilua gainean duen platertxotik, ipini du sakarina haren ordez, baina, ez da horrekin konformatu. Bihotzonekoa gizona, aholkuak ematen hasi zait: ea ez al nekien. Sakarina oso kaltegarria dala. Minbizia sortzen duela. Askoz hobe nuela azukrea hartzea, sakarinak gaitzak baino ekartzen ez dituelako.

Ezin ebitatu irriparretxoa, begi muturretan. Batetik, Oier Gorosabelen hura irakurri nuelako, eta mediterraneoko tabernariez baino, ingles perfektua darabilten osteopata bizkaitarrez mila aldiz gehiago fidatzen naizelako. Baina batipat, tabernari haren neurri baldarrarengatik gehiago. Bezero berri bati, zer eta, minbizia aitatu? Eta hipokondriakoa baldinbanaiz? Eta gertuan halakorik tokatu berri bazait? Eta oporretan nagoela, gaixotasunez akordatzea, nere egitekoen zerrendan azken-azken ilaran badago?

Neuk bai, psikologo izan gabe, psikologia zale xamarra, saio bat egin nuen, haren aurpegiko zimurretan irakurtzen; aurpegiko kolore zuria- zuriegia deszifratzen; polo koloregabe eta zapatila zuri-nahi zikin haien historia zein ote zan imajinatzen, eta, neu bai bihotzonekoa, aholku emaile bihurtu nintzen, nere diagnostikoan gizona hipokondriako hutsa zala atera baitzen:

- Ba, zer esango dizut ba. Sakarinak kalte egingo du akaso, beste eguneroko mila gauza txikik bezela, baina nere ustetan behintzat, gaixotu-gaixotu, komeni baino gehiago kezkatzeak gaixotzen gaitu.

....

Ez dakit gogoan hartuko zuen.

____

Sem comentários:

Enviar um comentário