2011-10-15

Txibigorrian zehar



Txibigorri: euskal "bidegorri" hitzaren aldaera sinpatikoa, erdaldunen batek sortua eta dexente zabaldua gure bailaran: 
"Me voy a pasear al txibigorri (Bidegorri), un poco hasta Txiberri (Etxeberri), pero sin llegar a Pirutxo (aizpurutxo)"

____


Errepideak bai ditugula Euskal-Herrian, pareka. Baina ibiltzeko toki lauak, bidegorriak, gero eta gehiago bai, baina oraindik asko ere ez.

Zumarragan, esate baterako, bidegorri bat bada: estua, derrigorrez erabiltzaile mota askok konpartitu beharrekoa.

Bertan biltzen gera egunero: jubilatuak (bastoidunak, muletadunak, errenak, zuzenen bat ere bai), korrikalariak (errekorra haustera doazenak eta zapatilen pisua juxtu-juxtuan eramateko gai direnak – errukarriak -), txirrindulariak (oreka zer dan jun dan astean ikasi berriak, eta kamikaze eroak ere bai), patinatzaileak (abilak, eta ni bezelakoak), umeak (preferentzia arauak ezagutzen ez dituzten anarkista txiki hoiek), txakurrak (soka luzedunak – arriskutsuenak –, soka motxekoak – ito beharrean gixajoak -, eta sokarik gabeak – ez umeak bezain arriskutsuak, baina hortxe-hortxe -), emakume haurdunak (zuzen doazen bitartean ondo, albo batera jiratzen direnean komeriak) eta … Idi pare bat ere ibili ohi da tarteka, kontuak atera.

Portaventura urruti dago, eta segun ze arrisku kirolekin ere, endredu haundia da: ordaindu egin behar, edo materiala eskatu behar lagunei, edo Pirineotaraino jun behar, edo…

Keba keba: adrenalina pixkabat askatzeko, eta arrisku dosis pizgarri batez abenturazale sentitzeko, bidegorria bezelakorik ez dago.

Nik egunero ematen det bueltatxo bat.



Bidegorriko bi erabiltzaile tipiko, hemen.

_______

Sem comentários:

Enviar um comentário