2011-11-01

Hilerrira umeekin

Atzo etxeko panteoia garbitzera jun nintzen. Gurasoak holako lanetarako ez eta, norbaitek egin beharko, aurten neuk eskeini nuen nere burua, lehenengo aldiz.

Umeak eraman nituen nerekin.

Zaharrenak ez zuen etorri nahi izan, baina ez hilerriak bildurra ematen diolako, baizik eta ez zegoelako beharbezela orraztuta.

Besteak, jakin-minez eta errezeloz abiatu ziren, sekula ez direlako beren herriko hilerrian egon. Ez ditut sekulan eraman.

Neuk, aparteko ikararik ez diet, baina munduko gauzarik zatarrena, gusto txarrekoena iruditzen zaizkit hilerriak. Nola eramango ditut ba umeak holako toki batera?

Gizarte honek heriotza tabu izatea, ez da hain harritzekoa. Arrazoi nagusienetakoa, nagusiena ez bada, hilerrietako estetika bildurgarria da.

Nere seme-alabei, nere ikuskera transmititu nien, badaezbadaere, eskilaretan gora:

“Gure hilerriak mundu honetako tokirik itsusiena, eta bildurgarriena dira. Eta zentzugabekoena ere bai. Gure hildakoak toki jakin batera eramaten ditugu, haietaz gogora gaitezen, nunbaiten ditugula senti dezagun... Eta, nola jazten degu haien “etxea”? Marmol beltzez. Kandelabro barrokoz. Angustiarik latzena transmititzen duten irudirik hotzenez. Amabirjina negartiz eta Jesukristo torturatuz. Ez da kabala”

Hitzak aukeratzeko garaian ere, kontuz ibiltzeko eskatu nion txikiari, - Gure aitona-amonak han daude - esaten entzun bainion.

“Kontuz gero, ez esan zure aitona-amonak hor daudenik. Zure aitona-amonen hezurrak daude hor. Alde ederra dago ba!”

Bereizketa, derrigorrezkoa da.

Oso txiki nintzela, ni bai eraman baininduten, “amama bisitatzera”; eta gutxira arte nik bizi-bizirik ezagututako amama, panteoi hartan, zulo beltz bildurgarri hartan, pareta baten atzean zegoela pentsatze hutsak... Nere bizitzako amesgaizto-kate luze eta ikaragarriena hasi zuen

Amesgaizto haiek nere barruko zutabeak dardarez ipini zituzten, nik ba al dakit noiz arte.

Atzo berriz, hantxe ni, panteoiaren barruan belauniko, lurreko harlausari hautsa kentzen, kanpoko atetxoak itxita neu barruan nintzela, kristalak beharbezela garbitzen...

Asmo jakin bat banuen, panteoia garbitzeko nere burua eskeini nuenean. Txikitako bildur haien hondarrak, baldin eta bildur hondarrik bazegoen, betirako ezabatzea.

Eta, lasaiatasun osoz ibili bainintzen garbiketa lanetan, baita nere burua barruan erdi-itxi behar izan nuenean ere, uste det iritsi nuela nere helburua.

Azpikontzientearen zain egon behar, hark zer esango. Hura ez baitago asmo oneko ekintza hutsez lotzerik.

Bart ederki lo egin det eta, momentuz bare dago behintzat. Memoria txarrekoa, ez dirudi asko akordatzen danik.


____

2 comentários:

  1. eta zure seme-alabek nola bizi izan ote dute?

    igual haiek hasiko dira orain amesgaiztoekin; edo igual naturalago begiratuko diote hilerriari, eta baita heriotzari ere.

    ResponderEliminar
  2. Gaur trauma sintomarik ez ziaten behintzat. Gazteenak errepikatu ere egin zian. Lagunekin jun omen huan arratsaldean, baina haietako bi atean geratu omen hituan. Zergaitik ote.

    Nere txikiak, dagoeneko koxkortuta zeudek eta, gauza batzuk ulertzeko gai badituk. Txikiago direnekin ibili behar kontu haundiz, nere esperientzia hori izan dek behinik behin.

    Heriotza, definizioz dek gauza naturala, baina guk jartzen dizkiogun adornoekin... Nola begiratu modu naturalean? Nahita ere, ezin.

    Aupa Xabier ;-)

    ResponderEliminar