2011-11-26

Urrutiko intxaurrak lau, bertaratu eta... Hamalau

Lau intxaur, edo, hori ere ez. Horixe pentsatu nuen, Itsasoko San Lorentzo ermitara iritsi eta, hura begien parean ipini zitzaidanean.





Nere espektatibak haundiak ziren. Ermita bat, basoan galduta. Holako izen politarekin: "San Lorentzo". Ederra behar zuen...

Baina, “minimalista” tokatu.

Lau pareta.

Atea...Barrokoa ote? Gotikoa? Erromanikoa?




Kanpaiak, bat, eta hura ere, erdi eroria.





Leihoak... Bat. Leiho bat. “Esperantzari leiho bat”, dio abestiak. Hau baino haundiagoa izango al zan!





Sekula ikusitako ermitarik “umilena”. Han ikustekorik ez zegoela eta, ospa egitea pentsatu nuen...

Baina bazegoen han, informazio panel bat. Ea, egin diezaiogun kuku bat.

Nahikoa parre egin nuen. Ermita hura, umila izango da, baina ez horregatik historiarik gabea. Begira zer aurkitu nuen:




Gertakizun bitxi bat:

"Ermita honekin lotuta, 1799ko gertakizun bitxia dago jasota: lehorte gogor baten ondoren, uztak salbatzeko asmotan, prozesioa egin zen Itsasotik San Lorentzora. Goizeko 7etan hastekoak ziren, baina herriko alkatea agertzen ez zenez, honi itxaron gabe apaizak prozesioari hasiera eman zion letaniak abestuz. Alkatea, noski, hasarretu egin zen, eta arratsalde hartan bertan kontzeju edo udalbatza bildu zen apaizarekin. Eztabaidaren berotasunean, apaizak “mozkorra” deitu zion alkateari. Apaizak ziegan pasa behar izan zuen gau hura. A zer komeriak herriko bi goi-karguen artean!"

Kizkitzako beste pasadizo hartaz gogoratu, eta nere artean, parrezka: “baina ze motatako jende xelebrea bizi da Ezkio-Itsaso inguru honetan?!”

Eta hau bakarrik ez. Beste hau ere aurkitu nuen:





Fernando katolikoa!

Zer egiten duen Fernandok hor, badator azalpen misteriotsu bat panel horretan. Fundamentuzko gauzarik ez, baina tira, neri arratsaldea alaitu zidan.

Ikastolan seguru ikusiko nuela bere aurpegia, testu-libururen batean, baina ez nuen gogoratzen nolakoa zan.

A ze gaupasa aurpegia! Bizarra kendu gabe... Ze kuxidade da hori, errege batentzako? Etxeko bata jantzita... Ketxup mantxa bakarrik falta du alkandora zurian...

Eta, bertan nengoenez, leiho txiki horretatik barruan zer ikusten zan ikustera abiatu nintzan. Ez nuen gauza haundirik espero. Eta, zer aurkituko eta...

Ez dakit nundik. Leiho hartatik ez behintzat, barruraino sartu zan, justu momentu hartan, bera...





Lorentzo.

Kontrastea, poema eder-asko bat ernetzeko modukoa. Dana ilun, eta, ze bazterretatik sartu dan, jun eta jakin, baina hantxe barruan bera...




Eguzkia.

_____


Nun eta, ustez lau intxaur ximel baino ez zegoen toki batean... Hamalau, azkenean.

Itsasora bidean, atzera egin nuen topo berarekin, Lorentzorekin, mendiaren atzean ezkutatzera zijoanean.






Sem comentários:

Enviar um comentário