2011-06-20

Lainoa, photoshop lanetan

Aurrekoan, esnatu, sukaldeko leihoan kalera begira ipini, eta...


Lainoak Irimo mendia photoshopeatu zidala konturatu nintzen. Beranduago,  eguzkiak bueltatu zidan lainoak photoshopeatutakoa - eskerrak -.

Munduan zehar, Donostiatik irten gabe

Jun dan asteko kontuak dira, baina ederrak iruditu, eta hemen jartzea okurritu, eta gaur arte tarterik ez ordenagailu parean jartzeko (Ejekutiboaren bizimoduak holako gorabeherak ditu).

SUEDIA

Ortodonzistarenean. Sartu gera alaba eta biok, eta itxaron-gelara zuzenean. Itxaron-gelaren hondo-hondoraino. Bertan, gure parean, moda-aldizkari batetik erori berria dirudien neska ezin ederrago bat.

Ezin ederragoa dalako, paradoxa galanta, ez diot begiratzen oso begi-zeharka ez bada (begirada bakoitza ondo-zukutuz bada ere). Alkarrengandik gertuegi, edo bera nere aldean ederregi, bitakoren bat. Begiei ondo eusten diet, bestela Loctitez itsatsita bezela leudeke eta berarengan.

Eta, euskalduna izan arren, halako edertasuna, neri Suedia etorri burura. Suedia, eta hango emakumeak, hain fama ona dutenak (Suedian ez naiz inoiz egon, baina, fidatzen naiz egon direnetaz)


FINLANDIA


Alabari jarri beharrekoa jartzen dioten bitartean, jai eman didate. Ordubetetxo bat.

Euria ari du, eta ez du ematen gogo haundirik itsasoa ikustera juteko, baina pekatua da Donostiara etortzea eta itsasoa ez ikustea (lehorrekoon kapritxoak).


Hondartzan, arimarik ez…




Itxoin itxoin!





Bi bañista. Iritsi dira ertzeraino, kendu dute arropa, eta blaust! Barrura. Eguzkia, ondo gordeta. Ura, oso epela dagoenik ez dirudi behintzat. Antza gehiago du paisaiak Finlandiarekin, Karibearekin baino…

Inbidia. Bulkada bat, lau zankadatan beraiekin bat egiteko, baina, nere burmuina botere faktiko hutsa eginda dago. Operazioa bertan behera geratu da.


BRAZIL


Ortodonzistara bidean, Easo kaletik noa. Harresi ikaragarri bat, espaloi estu baten gainean, eta harresian ondo txertatuta, harriak baino lehenagoko zuhaiska eta zuhaitzak.



Begirada gora eramatea nahikoa da Amazonaseko oihan batean txiki-txiki sentitzeko, zuhaitz erraldoien oinarrian han behean, anakonda, lorito eta tximuen artean.




ERRUSIA

Izan zitekeen Albacete, tabernaren izenari erreparatuz gero: “Bar Cirilo”, baina, hemen ere, begiak itxiz gero, Errusian bertan zaudela dirudi. Bi kamarera gazte daude, alkarrekin hitzegiten. Nola errusieraz ari diren, ezin jakin zertaz ari diren, Kazajistango ekonomiaz edo legatza prestatzeko maneraz, baina bi txoritxo dirudite, eta ezin doinu politagoa darie.


EUSKAL HERRIRA BUELTAN


Zirimiria. Alaba ortodonzistarenetik jaso, eta parkinera.

Parkinean, euskal poeta bat ikustea iruditu zait. Eskilaretan gora.

Baina, segurantzarik ez. Horregatik, bere kotxe ondoraino hurbildu naiz, kuxkuxeroa ni, eta, hau dek hau, kotxe barrena garbi-garbi, txukun-txukun dauka. Toaila beige bat, toles eginda, hau ere txukun-txukun, atzeko jarlekuan.

Poeta txukun bat? Bai zera. Ezin bera izan, nahastu egingo nintzen. Poeta guztiak desordenatuak behar dute izan.

Ala?



_______

2011-06-14

Askatasuna bai, baina...

Halako batean kanta baten esanahia aurreratu zuen. Pako Aristi, Asier Serrano, Euzkitze, Egaña… Ez dakit zeinena dan letra, baina askatasunaz ari zan:

Gutxi gora behera, hau zioen: oso umetan gerala benetan libre. Aurreiritzirik gabe, bildurrik gabe, lotsarik gabe, inolako loturarik gabe…Eta horrexegatik dala hain zuzen hain garrantzitsua gauzak desikastea, jatorrizko horretara ahalik eta gehien hurbiltzea.

Polita, ezta?

Oso polita, eta oso… Konplikatua.

Mundua ez baitago jende librearentzako egina. Libre izaten saiatzen dan hura, askotan, seinalatua izaten dalako, juzkatua, eta egurtua.

Ez gera errespetuan heziak, taldeari zor zaion errespetuan ez bada. Neurri jakin batzuetan ibiltzera gehiago, eta ai, neurri hoietatik pixkat aldentzen dana.

Libre izateak bere abantaila haundiak ditu, baina ez da zerua. Inpernutik ere zerbait badu. Eta, pertsonaren arabera, lotuta bizitzea, erosoagoa, eta atseginagoa ere izan daiteke.

Honetan ere neurri egokia bilatu behar - harritzekoa -.

( Esango nuke, diskaren azalak kanta horrekin zerikusi haundia duela.

Ederra, azala ).


2011-06-13

Lehorrean ere bada posible surf egitea

Etxera bueltan, han! Musika kontzertu batekin egin genuen topo. Klaro, ekainean gaude. “Udaberriko kontzertuak”.

Zein tokatzen da gaur?

Pianoa, kontrabaxua, akordeoia eta… Ahotsa. Zein da? Ezaguna egiten zait.





Entzun nuen kanta bat, eta gustatu egin zitzaidan, asko, eta geratu egin nintzen gehiago entzutera. Baina ez zan gustatu zitzaidan gauza bakarra izan neska honen ahotsa, eta bere taldearen musika. Beste zerbait ere bazan, oso erakargarri egin zitzaidana.

Neska honek surfeatzeko duen abilidadea. Aritz Aranbururi tokatu ote zaizkio inoiz, hain olatu petralak. Hurrenez hurren:

Eszenatokia ez da oso altua, eta ero txiki hoien esku-eskura dago. Eskuraegi dago. Zer gehiago behar du ume batek, eskilara batzuk, “zarata pixkat”, eta kable motroilo bat aurrean baino? Han pilatu ziran, dozena bat ume, zein baino zein tximinoago. Ni zain egon nintzen, ea zeinek egingo zion lehenago tira mikrofonoaren kabletik, edo zein igoko zitzaion buru gainera "platanoaren bila".

Umeak, olatu petral bat. Baina baziren beste batzuk ere: Gunea ibilgailuentzako itxita egon arren, jun-etorriko bidea egin zuten motorzale batzuk, bafleen musika zeharo estali zutenak.

“BBRRRRRRRRMMMM!!!!”

Beste olatu bat: mutiko koadrila bat, bakoitza bere bizikletaren gainean, motorrik ez dutelako penatan, eta hain zuzen horregatik, motorrena baino zarata haundiagoa atereaz:

- EEEeeeeeeeee! Aoooooooooo!!!!!!!, IeeeeeeeeeAAAaaaaaaaaaaa!

Artaldea bakarrik zuten faltan.

Beste bat, ez besteak baino txikiagoa: eszenatokia "PPP"  ibilbidearen aurrean dago (PPP: Paseo, Pipas y Pacasa): koadrilak, familiak, bazkideak, kintoak… Zumarragatik Urretxura eta Urretxutik Zumarragara bidean…

Beste bat: eszenatoki parean dagoen tabernaren terraza, hamar bat mahaiduna. Haietako bakoitzean, unibertso txiki bat, bakoitza bere unibertso-erdiguneari begira. Denak ez behintzat Mireni begira. Gehiago ondokoak esaten zuenari begira, oihu eta imintzio artean.

Eta bueno, ni ere izan nintzen, abestietako batean, tarte labur batean, zurrunbilo zoro bat, betiko lagun bat (ekar ezazue zuen irudimenera: neska, ilekixkurra, guapa, eta sexapil ukaezinaren jabea), patinetan demostrazio txiki bat egiteko eskatu, eta gustoa nola ukatuko nion ba. Han egin nituen bere inguruan lau buelta...

...

Nere artean: baina nola demontre konzentratuko da ba neska hau, tamainako itsaso zakarraren erdian? Nola surfeatu hain olatu deabruak? Batipat, bere musika ez dalako hain zuzen “kalejira” estilokoa (hona adibide bat, toki berean, tximu beretsuekin), baizik eta, berak Uztarriako elkarrizketa honetan esan bezela, “lasaia, eta oso intimista” dan bat.

Ba, lortu zuen ba. Lortu zuen bere kantak, osorik, eta arte haundiz borobiltzea. Erabat konzentratuta, maisutasun inbidiagarriaz.

Surflari aparta, bai jauna.

Konzertuaren bukaeraraino geratu ginen, eta gozatu genuen puska bat. Eta esan zuen bat, oso gogoan geratu zitzaidana, baina beste baterako utzi beharko, dana egun berean ezin esango degu ba.


_____

Ekibalentziak





Pedro Miguel Etxenikek dio:

"Ehunka-milaka-milioika galaxia daude unibertsoan, hori ere jakin dugu; eta baita gure planeta hau ez dela ehundaka-milaka-milioka galaxia horietako baten bazter bateko zoko batean dagoen planeta koxkor bat besterik. Pentsa: argiak zortzi bat minutu behar ditu lurretik eguzkirainoko bidea egiteko, baina ehun mila urte behar lituzke gure galaxia zeharkatzeko. Hortik atera kontu, zeinen gauza txiki eta ezdeusa garen."

Eta, gauzak zer diren, arantza bat hazkazal barrenean sartzen zaigunean sentitzen degun mina, unibertsoa bera baino haundiagoa da.


____

Sikiera hankak frexkatzeko, sar naiteke bertara?



Atzo arratsaldean, patinak jantzi eta patinatzera jun nintzan, nere txikiarekin. Tokia ezagutzen dezuenok,  “mahairaino”, Aginagara hartzeko bidegurutzeraino.

Bertan, zubiaren gainean, bi lagun zeuden, alkarrekin hitzegiten, behatza erreka aldera luzatuta. Zeri begira ote daude?

Han, iskina batean, amorrain bat. Potolo-potoloa.

Poza hartu nuen, haundia. Nere etxe parean ere, Zumarragan bertan, ikusten dira arraintxo ale batzuk tarteka. Erreka nola datorren, horren arabera.

Eta, aspaldi buruan dabilkidan galdera etorri zitzaidan atzera burura: hauetakoren batean, bainu bat hartu beharko da ba, Urola errekan? Bai ala?

Urola errekaren ondoan bizi geranok ez degu ezagutu honen eboluzio makala. Duela urte batzuk, erreka lantegi askok bere hondakinak botatzen zituen hustubidea zan. Gero araztegia ipini zan, eta lantegi askok beren hondakinak botatzen zituen hustubidea izaten segitzen zuen. Baina, pixkanaka-piskanaka, ez dakit krisiak lantegi batzuk itxi ahala, edo bestela, erreka garbitzen-garbitzen jun da, eta askotan orain, errekak ura dakar. Ur garbia. Itxuraz garbi-garbia behintzat. Eta bertan arraitxoak ere ikusten dira.

Errekako uraren kalitatea neurtzea, ez dirudi airearena neurtzea baino zailagoa. Airearena neurtzen da, baina errekarena, ez. Edo, akaso, hau ere neurtzen da, baina hala bada, sekretuko kontua da. Guri, Zumarraga-Urretxuko herritarroi, hiru urtez behin edo, egunkariek ekarri ohi duten diagnosia baino ez zaigu iristen: “hobetu da-ez da hobetu-gure errekaren egoera hau eta hau da”.

Diagnosirik gabe ere, Urola errekak zakarrontzi bat izaten segitzen duela, gauza jakina da. “Erreka eguna”tik, “Erreka eguna”ra bertan pilatzen dan zikinkeria, zikinkeria ugaria, ez du inork jasotzen, hortxe egoten da ( baldin eta, errekak berak, hazita datorrenean, eramaten ez badu behintzat). Euririk egin gabeko bolara baten ondoren, zaparrada luzeantxe batek erreka zertxobait haunditzen duenean berriz, ura beltza etortzen da, eta altxatzen dan usaia ere ez da izaten apetitua pizteko modukoa…

Baina tira, ura garbia datorren egun hoietan behintzat… Dagokionari luzatzen diodan galdera: sikiera hankak frexkatzeko, sar naiteke bertara?


__________


Mezuaren hasierara etorriz atzera: grazia egin zidan bi lagun hoietako batek kontatutakoa, eta bada goian esan dedanaren nolabaiteko laburpena:

- Lagun bat zeukeat nik, Aizpurutxo inguruan, eta hemen gorago ere, arrantzan ibiltzen dana, ta hark bai kontatzen dit, amorrainak hartzen dituela. Galdetu nioan, ea jan egiten al zituen berak hartutako amorrainak, eta bere erantzuna: amorrain hoiek jan, nik? Bai zera. Lagunei ematen zieat, haiek jaten dizkitek gustora.

____

2011-06-08

Laura for president

Hurrengo errepublikako president, jakina.

Ari da, ari da hariak mugitzen, begira nun dabilen, ordu honetan.


(Argazkiaren gainean egin klik, haundiago ikusteko)





(Felipek: edo afaltzera gonbidatzen degu, edo beste galdera bat egiten dit - Eta mikrofonoa ekarri du)

(Juan Carlosek: Hau nere belaunedo ebakuntza baino okerragoa izango da)



Zein da Laura Perez?




____

Marrazki bat egitea



5 urteko umeen gelan sartu eta margotzen zeintzuk dakiten galdetu. Denek altxatuko dute eskua.
12 urtekoen gelara sartu orain eta galdera bera egin...
17 urtekoei galdetu azkenik...

...

- "Noiz hasi zinen marrazten?" Galdetu zioten ilustratzaileari, eta ilustratzaileak erantzun...

...

Erantzunak ikusi nahi? Marrazki gainean klik egin.

Beste gauza polit sorta bat, "Gauza politak" blogean.

____

2011-06-02

Mundu earra zion...

Zenbat bitxi, Twiterren. Garbiñe Larreak binaka. Azkena, bere amari hartutakoa, benetan mundiala.

Suhiltzaile baten errukizko eskaria

Nere amaren nahikoa berdina naiz parre egiteari dagokionean. Nahiz eta, bere aldean, ni zeharo exkaxa naizen, berak 84 urte baititu, eta nik baino 48 aldiz gehiago - eta gustorago - egiten baitu parre.

Baina beste gainerantzean, biak berdinak gera: barrurantz egiten degu parre normalean.

Hala ere, aldian behin, ateratzen zaigu bioi parre algara ozenen bat. Nik atzo bota nuenak ia bota zuen parean neukan pareta.

Jun dan urtean, beste albiste ikaragarri bat ere izan zan, benetan antologikoa. Parregureak hilabetetan segitu zidan, nunbait ohitu eta, ganbarara bidali nuen arte. Eta hain dago ondo gordeta, ez naizela gogoratzen nola zan! Madrilen, konbento batean, monja bat… Aaaaai, ez naiz gogoratzen!

Atzokoa ez zait ahaztuko baina. Hemen “gordeko det", idatzita ikusi nuen bezela, itzuli gabe, jatorrizko bertsioan. Entzun zenuten albistea, noski, txintxilik geratu zan kamioia A-8an, gidaria kabinan itxita, eta suhiltzaile heroia, hura ere txintxilik, gizona erreskatatzera…





Mundiala, antologikoa, bukaera aldeko parrafoa: Zuek ere irakurri zenuten??

“… Espin asegura que en ese instante el camionero miró hacia abajo y que "fue entonces cuando se dio cuenta de dónde estaba". De hecho, prosigue el bombero, "no tardó ni un segundo en agarrarse con todas sus fuerzas a la cuerda y a partir de ese instante no se movió absolutamente nada hasta que nos subieron a la autopista con la grúa y todo acabó bien". Eso sí, antes de ser izados hacia arriba el rescatador pidió al accidentado "que al menos tirara el palillo que, una hora después del accidente, todavía mantenía entre los dientes".


_________

Traganarru izugarria

Bideoan zirrara sortzen badizu, zer izango dan zuzenean ikustea!



Kepa Dieguezenetik hartua

Gogoeta bitxi bat, eta ezusteko bixigarria, beste bat

Gaur umeei bakarrik okurritzen zaizkien galdera bakun hoietako bat etorri zait burura, Azkoititik Zumarragarantz nentorrela bidegorrian, bizikletaz.

Aizpurutxon geldi ni, Azkoitiko korrikalari bat ("Azkoitia" letrak zeramatzan kamisetan) pasa zait paretik, eta, korrikalari askok askotan transmititzen didaten pena berbera transmititu dit. Juxtu zijoan gizona, oso nekatu aurpegia zuen, eta, Aizpurutxon gora abiatu danez, oraindik zazpi kilometro zituen autobus geralekuraino gizarajoak. (autobusez itzuliko al zan Azkoitira! San vicente de la Sonsierrako geneak ditu bestela)

Abiatu naizenean, segituan harrapatu det, eta, propio, atzetik abiatu natzaio, pasa gabe, distantzia batera, bera bezain mantso.




Eta esandako galdera etorri zait:

"- Gizakiak, asmatu zuen ba, erreminta miragarria, gurpila, eta adornatu zuen burni eta beste tramankulu txiki batzuez, are tramankulu miragarriagoa sortzeko: bizikleta. Korrikan baino askozaz ere azkarrago eramaten zaituena toki batetik bestera, apenas nekerik gabe, bortizkeriarik gabe, eta paisaia disfrutatzeko aukera zoragarria eskeiniz...

Zergaitik tematzen dira orduan, gizaki batzuk, hain teknika atzeratu, baldar eta sufrigarria erabiltzen? Korrika egitea modaz pasa zala, duela ehun urte ia!!"

Tira, parretxo bat atera zaidala, bi pedalkaden artean...

Gizon izerditu sufrituari aurrea hartu, Epaaaaaaaaaa esan, eta aurrera.


___________


Baina teknologia eta zientziaren inguruan, eguneko gertakizun aipagarriena, eta atseginena, ez da hau izan, beste bat baizik.

Goizean, Faktoria entzuten, han azaldu da: sakelakoen eta minbiziaren arteko harremanaz hitzegiten, aspalditik oso oso gustoko dedan ahots bat, nere gogoko gaien inguruan, zientziaz eta, hemen eta han maiz aritzen dana. Ana Galarraga.

Jakinmina zer dan. Makina bat aldiz harrotu ditut Googleren hautsak, bere irudi baten bila. Eta danetan kale. Ana Galarragaren artikuluak Zientzia.net-en, ugari. Saioak Faktorian eta, ugari, baina Ana Galarraga fisikoa, ez zan esistitzen. Uhin elektromagnetikoak bezela. Esistitu, esistitzen dira, baina ez dituzu ikusten.

Gaur sofan etzanda nengoen, Arratsalderori begira, Amaia Artetxek sarreratxoa egin duenean: "Ana Galarragarekin egon gera..."

Beraz... Ohi bezela, segituan berari egindako alkarrizketa zetorren!!

Nik uste det nere sukaldeko erratzen kirtenek ez daukatela nik gaur bapatean irabazi dedan zuzentasuna. Tente gero! Sekulako irrikaz!!

Eta han azaldu da! Han!

Azkenean!!



(argazki hau sarean aurkitu det, orain bai,  duela gutxi ez zegoen. Bideoa, 2,21,00 minututik aurrera, hemen)

Bueno, nik hartu dedan ezustekoa! Ikaragarria. Ez bainuen inola ere horrela imajinatzen. Ez aurpegia, ez orrazkera, ez jazkera, ez mugitzeko modua...

Aingeru (zoragarri) bat espero nuen, eta deabrutxo (zoragarri) bat azaldu da!!!!

Nik hartu dedan gozatua.

Ana Galarragak zientzia gaiak jorratzen ditu, baina zientzia gaiak askotan bidelagun izaten duten zurruntasunetik urruti, oso atsegina, eta umore finekoa ere bada.

Segi ezazue bere arrastoa. Zinez gomendagarria.


_______