Aurten ere, egin degu San Ferminetara jun-etorri azkar bat.
Zezen askorik ez degu ikusi, baina beste batzuk bai, gordetzeko modukoak. Besteak beste...
Jun dan mendeko eskaparateak, eta bertako xehetasun txikiak...
Ziudadelako paretan zehar irriparrea paseatzen duten emakume loredun bakartiak...
Alde zaharrera sartzeko gonbitea egiten duten eszena bukolikoak...
Eta ez sartzeko gomendioa ere egiten dutenak...
Garbitasunarekin obsesionatuak eta izotz-saltzaile zereginik gabekoak...
Glogo-buru asko saltzeko asmoa duten buru solteak...
Argako balkoiak Titanic-en proatzat hartzen dituztenak...
Baztango euskaraz hitzegiten duten eta paisaia sanfermineroarekin hain ondo nahasten diren edertasun gaupaseroak...
Eta, beren "zezen" partikularra noiz pasa zain dauden mozkor abailduak, zezenen zain adi-adi dauden jende multzo haundien ondoan...
... Baina, danetan ederrenak, momentu ederren jasotzaile amateur honentzako behintzat, San Ferminetan hain oparoa dan maitasun eta erotismoaren baratzetik hartutakoak.
Besteak beste...
Puzzle orijinalak osatzen dituztenak...
Egurrezko hesiaren gogortasuna probatu nahi duten maitale saiatuak...
Kajerotik dirua ez beste zeozer ateratzeko asmotan dabiltzanak...
Bikotea kate-motzean lotzeko ilusio xaloaren jabe direnak...
Jun dan egunean nahikoa kezkatu nintzen, ispiluan, nere burua beharrean, Juan Alberto Belloch ikustea iruditu zitzaidanean
Bere bizarra baino haundiagoko begiluzoekin.
Errua, nere pareko bizilagunak dauka. Bueno, ez berak xuxenki. Balkoian ipini duen kanarioak, izatekotan. Goizero-goizero esnatzen nau, eta nahita ere, ohean buelta eta buelta, ezin atzera begiak bil egin...
Egia esan, kanarioa dan ere ez dakit. Izan daiteke kanario, jilguero, edo ruiseñor. Neuk, txoriak gustoko izan arren, hauetako zein izan leiken bereizteko kapazidaderik ez.
Euskaldunak oso gogoko izan dituela zalantzarik ez ordea. Ikusi besterik ez dago ze izen politak ipini zizkion mokodunari, honi izen bat ipintzeko beharra suertatu zitzaion garaian:
Nola leike baina, hain izen politak dituen izaki txiki bat… hain KABROIA izatea…
Kanario baten kantua, despertadore baten gauzarik antzekoena baita. Diferentzia xume batekin: hari ezin dizkiozula pilak kendu, edo desentxufatu; batipat amildegiaren beste aldean, pareko bizilagunaren jabego pribatuaren barruan dagoelako.
Baina beharbada, errua ez da guztiz berea, bizi ditugun garaiona baizik. Ezagutzen ditugu hezurrik gabeko gereziak, hazirik gabeko mahatsa, esne gehiago emateko sortutako behiak…
Ni etsita nago: txori hau genetikoki manipulatuta dago.
Inguruko etxe bat botatzen ari dira egunotan. Aurrekoan, biak lanean aldi berean, kirrixkileta eta demolizio-bola, zin dagit, txoriari gehiago entzuten zitzaiola.
Baina bere berezitasun nagusia, ez da hau, baizik eta beste misteriotsuago bat:
Gauza jakina da, txoriak, eguna argitzearekin bat esnatzen direla, eta hasten direla kantuan. Zergaitik hasten da orduan hau, Euskal-Herriko, europako, munduko gainerantzeko txorien aldean, ordubete lehenago?????
Jun dan asteko beroekin, nere kalean, mundu guztia leihoak zabalik, lotan. Kalean, arimarik ez. Kotxeen zaratarik ere ez. Kale-garbitzaileak eta beren barredora oraindik martxan jarri gabe. Zarata bakar bat ere ez. Berea bakarrik, Julian Gaiarrek beretzako nahiko lukeen eztarri miragarriarekin, etxe guztietara sartzen…
Zergaitik hasten da ordea hain goiztar kantatzen?
Bi hipotesi:
a) bere jabeak ez dio afaltzeko nahikoa alpiste ematen, eta goseak esnatzen da
b) nere parean, hiru leiho eskubirago, beste txori bat ere bada, hura ere bere kaiolan - azken hau, munduko beste txoriekin batera kantuan hasten dan klasekoa -. Hura kortejatzen ari ote da? Puntuak irabazten, konpetentzia iritsi baino lehen?
Edozein modutara, ez du hutsik egiten. Minutu batzuen gorabeheran, bostak eta bi, bostak eta sei, bostak eta lau… Lanera txintxo-txintxo, hutsik egin gabe, goizero-goizero, operario japoniar bat bezain fin.
ZER EGIN?
Eskerrak behintzat, nere aldameneko bizilaguna ez naizen. Ehiztaria bera, ez dakit berari ere berdin gertatuko zaion, baina gertatzen bazaio, eskopetarekin gogoratuko dala, zalantzarik ez. Badakizue, ehiztariak, eta txoriak akabatzeko duten mania hori.
Udaletxean salatu? Jarduera Gogaikarria -actividad molesta- eritzita?
Ez, ez nintzateke kontsekuente izango nere buruarekin. Gizartea zeharo intolerante bihurtzen ari dala pentsatzen baitet aspalditik. Danak molestatzen digu, eta dana arautzeko sukarrak hartu gaitu. Pentsa, honetarako ere, ordenantza bat aterako balitz:
- 27 artikulua: balkoietako kirrixkiletak, edo genero horretako txori espezieak, ezin izango du kantuan hasi, kale-garbitzaileen barredora baino lehen.
Ez… Errealitatea aldatzea oso zaila danean, askoz errezagoa da norbera aldatzea. Errealitatea aldatu ezin dezunean, ez zaizu beste biderik geratzen:
ZURE ETSAIAREKIN EZIN BADEZU, BAT EGIN ZAZU BERAREKIN
Txoria adoptatzea, irtenbide bat da. Sinbolikoki, jakina. Zeurea egin. Zurea baldinbada, ezin dizu kalterik egin. Eta ipiniozu izen bat. Gorrotatu ezingo dezun norbaitena. Zure amarena, adibidez.
Nahiz eta, honek, ez didan neri balio. Pentsaizue, nere ama, Victorina. Bitxori, lagun eta gertukoentzat. Bitxori, bi-txori. Txori baten faltan, bi.
Beste izen bat jarri beharko zaio. Ea zer okurritzen zaidan.
SOLUZIO SOFISTIKATUAGO BAT
Haren soinu naturala, beste soinu naturalago batekin neutralizatzea da asmoa. Naturako elementuen arteko lehia natural batean gera dadila kontua.
Internetetik soinu batzuk jetsi, CD batean grabatu, eta goizean, hura kantuan hasi orduko, PLAYri eman. Ea kirrixkileta ixiltzen dan, eta mundu guztia esnatu arte konformatzen dan.
Hauek okurritu zaizkit:
Kriskitin sugea…
Kaiolako txoriek ordea, ba al dute kriskitin sugeen arrastorik? Hummm… Ez det uste bildurtuko zanik.
Katuarekin errezago
Huts egiten badu, katu haundiago batekin probatu beharko da. Probatu faltan ez gaitezen gelditu
Eta hauek danak huts eginez gero… Akaso soluzio homeopatiko bat: gaitzari, gaitz berarekin egin diezaiogun aurre. Txoriari pajaro baten soinuarekin aurre egin.
Baina, ez dakit ba, soluzio hau, etikoki onargarria dan. Karlos Iturgaitz, pajaro hori, nere kaleko etxe guztietan sartzen, goizeko bostetan…
Emango dizuet esperimentuaren berri. Ea zer gertatzen dan.
Egun batzuk daramazkit zeharo nere baitatik kanpora. Izaten dira ba, bolara batzuk, ez dakizunak nun bizi zeran ere, ze herrialdetan, ze garaitan. Berdin zaizunak kantzontziloekin edo gabe ibili, zorretan utzi edo zordunak izan. Pittin bat, haizearen baitan bazenbiltza bezela, inungo obligaziorik gabe, buruhausterik gabe, asmo sendorik gabe. Hain zure baitatik kanpora, nun, emakumeak ere ez dituzu gogoan, ezta patata prijituak ere. Mundua poltsikoan kabitzen zaizun pelotatxoa da.
Fija zaitezte ze punturaino nabilen aztoratuta, Shakiraren abesti bat itsatsi zaidala burmuin sapaian, eta ezin dedala atera. Baina, are urrutiago, ez dedala ateratzea nahi!
“Soy loca por mi tigreeeeeeeee, loca loca looooca….”
Atzera ere gonbidatu naute Etxezortuk eta konpainiak, eta Juan Carlosek ondo dioen bezela (tira, ondo-ondo… berak nahi bai ondo esan)
“Me llena de odgullo y zatizfación”.
Nere lana, aurreko astean bizi edo ikusi izandakoak kontatzea izango da. Kronika moduko bat egitea. Gauza txikiak, oso hurbilak, edozeini gerta dakizkiokeenak…
Bloga ere jungo naiz betetzen, udaran beharbezela aterrizatu ahala, baina jakin dezazuela, zuzenekoaren soka-gainean ere, nahi izanez gero, hortxe izango nauzuela.
Lehen saioan, nere bizitza zeharo hankaz-gora jarri duen baten aipamena, eta honi buruzkoak.