2012-01-03

Bederatzi urteko deabru batekin


Bi mutil koxkor, galdezka, gaur arratsaldean. Halako batek esan diela kaleko zinema dagoela nunbaiten, ea nik ba al dakidan nun dan.

Neuk, arrastorik ez, baina Jaungoikoak zerbaiterako ipini zuen Interneteta gure bidean ;-)

Nahiz eta, batzuetan, konexioaren ardura Deabruak berak daramala dirudien: oso, oso motel zebilen.

Zain umeak. Isilune luzeak ez dirudi asko molestatzen dienik, eta neuk berriz, adarra jotzeko gogoa mingainean, hazkurez….

Han zebilen bietako bat, mobil batekin jolasten.

-          Mobila daukazu?
-          Bai.
-          Zenbat urte dauzkazu?
-          Bederatzi.
-          Bederatzi urte? Eta, zertarako behar dezu ba, mobila? Andregaiari deitzeko?
-          ¿?  

(bederatzi urteko mutil koskor batzuen hiztegian, “andregai” hitza ez da esistitzen)

-          Nobiari deitzeko?

Lotsatuta atzera egingo zuelakoan…

-          Bai, badaukat nobia, baina ez diot deitzen.

Harrapazak.

Webgunea ez zan kargatzen. Ni zain, eta bera, temati, mobilean kuxkuxeatzen. Halako batez, irriparrea atera zaio:

-          Hala, Patxpitx!

Ahozabalik neu. Alubita, bederatzi urterekin, inguruan zeinek duen Bluetootha konektatuta, horretan entretenitzen zebilen. Nere ezizena aurkitu, eta aparteko grazia egin ez dio ba, kabroiari.

-          Zu zera Patxpitx??

-          Egia esatekotan egon naiz, baina esan det nere artean: “Bederatzi urterekin holakoa bada, hamalaurekin Hacker zorritsu arriskutsu bat izango da”

-          Ez.

-          Ja, ezetz!

-          Ezetz, ez naizela ni.

-          

-          Ea… Beste bati galdetuta jakin beharko dezue zinemarik badagoen, orria ez baitzait kargatzen. Ala, segi, ea hortik zehar zorte gehiago daukazuen!

Umea ordea ez da konforme geratu. Bere hacker senak agintzen dio erantzun egokia aurkitu arte ilunpeak zeharkatzea. Azken ate ireki batekin topo egin du. Justu atetik sartzen ari zan nere adiskide bat (hura ere, Bluetooth uhin eremuaren barruan, “patxpitx” izateko hautagai)

-          Zu zera Patxpitx?

Nere adiskideak euskera askorik ez daki.

-          Qué? Bradpitt????

…..


Sekula inork ni Brad Pittekin nahastu gabe. Ilusioa egin dit. 


____

1 comentário:

  1. "Andregaia" hitza pleistozenokoa dek, motel, normal ez ezautzea.

    ResponderEliminar