2012-01-08

Mendekua


Mendeku hitza ez dezu nere hiztegian aurkituko. Ez da esistitzen. Baina, nere inguruko batzuk ikusita, esango nuke, batzuentzako, mendekua gauza betegarria, lasaigarria dala...

Noiz eta, besteak egindako mina inola ere gainetik kendu ezin danean. Egin dizuten horren eraginak, zure bizitza baldintzatzen duenean, modu erabatekoan..

Baina pasatako zerbait bada, aspaldikoa, zure oroimenean baino geratzen ez dana... Ze zentzu dauka mendeku bila ibiltzeak? Mendeku-goseak, min egin dizun harekin lotzen baitzaitu; hark egindakoaren mamia, egunez egun gizenduz juten baita...

...

Badaude ordea, mendekuaren unibertsoan, adibide txinpartagarriak. Hauxe, aspaldian entzun dedan onena:


DOZENA BAT KROKETA


Poteoan, jendea beti toki beretsuan ibiltzen da, eta jende berdintsuarekin alkartzen da, ordu berdintsuetan. Nere bi lagun hauek, beti harrapatzen ditu hirugarren batek taberna berean. Beti hauek baino beranduago sartzen da... Eta ez du sekula, sekula gero, poterik ordaintzen.

Biei izurratzen die, baina bati, besteari baino gehiago. Gaur tabernara sartu danean, sekula baino gaiztoago begiratu dio bigarren honek. Arraultz bat bere begien aurrean airean eustea balego, frijitu igual.

Bestea, egunero-egunero bezela, gonbidatzera behartuta sentitu da:

- Apa, ze hartu nahi dek?
- Atera baxoerdi bat.

Gaur presaka dabil ordea, xuhurra. Kamarerari zuzendu zaio:

- Gaur bazkaria prestatzen hasteko gogorik ez daukat eta, prestatuidazu dozena bat kroketa, eramateko.

Jun da kamarera barrenera, sukaldera, eta xuhurrak, komunerako bidea hartu du. Depositoa hustutzera, etxera abiatu baino lehen.

Ekarri du kamarerak kroketa paketea, Albal paperean bilduta; mostradorean utzi, eta atzera sukaldera abiatu da...

Xuhurrari kariñoa dion horrek, momentua aprobetxatu du. Estutu du trinko eskua, eta....

BUM!!!!

Goitik behera.

Albal pelota haundi bat zana, zapal-zapal eginda geratu da.

Kontu guztiarekin, nolabaiteko pelota itxura eman dio atzera.

(Ezer gertatu ez balitz bezela.)

Sabotatzailearen begirada, gozatu egin da pixkat. Parreari eutsi ezin dion bestearen intziriak kutsatuta....


______

Sem comentários:

Enviar um comentário