2012-01-04

Sen demokratikoa



Etxeko dordoka, nere seme-alabek zeharo abandonatuta duten hori, nik kupida hutsez zaintzen dedan hori, negua etorri orduko, lurrazpian sartu da. Lozorroan dago.

Haren ausentzia, beste bizidun baten presentziarekin betetzea bururatu zaie.

Zorionez, ostrukarik, edo txerri bietnamitarik ez. Untxitxo bat erosteko grina piztu zaie.

Neuk, dordokarekin hainbeste lan hartzen dedan honek, dorkoka hura etxean sartzen utzi nuen eguna hainbestetan madarikatzen dedan honek, ezezko borobila bota die, hortzak erakutsiz...

Baina, lehenengo berotasunaren ondoren, hoztu naizenean, pentsatzen jardun det, ea zein naizen ni, minoria hondar hau, haien gehiengo demokratikoa zapuzteko. Ze eskubide duen batek, bakar batek, etxeko gehiengo osoaren ilusioa itotzeko...

Baiezkoa eman diet. Ez ordea, nere zutabe demokratikoen atalaiatik, haiei diskurtso zeremoniatsu bat eskeini gabe.

Bihar beste bizidun bat izango da gure teilapean (ea ze izen jartzen dioten).

Geratzen zaidan zalantza da... Benetakoa ote dan haien nahia. Benetan nahi ote duten untxi bat. Ez ote dan, untxiaren kontu hau, beti atzetik, beti zigorka, beti lana ematen ari zaien TIRANO honen kontrako estrategia maltzurra...

Dordokarena errepikatuko ote da? Hori ote haien helburu ezkutua...?

Kontatuko dizuet...

______


Sem comentários:

Enviar um comentário