2013-02-19

Ea zein ateratzen dan gailen


Atzo eman nion hasiera, emozio haundiz, nere txirrindulari denboraldiari.

Nahiz eta gorriak ikusi behar izan nituen, martxan jarri baino lehen. Toreroak nola behar izaten duen bere koadrilako bat prakak jantzi ahal izateko, ba, holako baten premia izan nuen nik atzo kulotea eta kamiseta jazteko. Azken txoixo hondarrak nola sartu geratzen dan axal mutur horretan, holaxe sentitu nintzen.

Baina tira, lortu nuen, eta egin nituen 20 kilometro.

Iaz asko ibili nintzen. Lekeitioraino iritsi nintzen behin, Dorraoraino beste behin. Pajara pare bat baino ez, martxotik irailerarte.   

Baina ez dakit ba aurten iaz adina ibiliko naizen. Asmoa badet, baina... Premiazkoa ikusten det, ibiliko banaiz, oinarrizko txirrindulari ekipoari, partxe, puzgailu, eta abarrekoei, osagarri txiki bat eranstea.  















Pisutsuegia, akaso?


Luzeegia, igual?





Azken hau behintzat bai. Ez du toki askorik eskatzen.

HIRU bider egin bainuen topo iaz, ezkerreko karriletik, bazterrak joaz, hots ikaragarriz, deabruaren abiadan zihoazen hiruna kotxezale garungaberekin. (Udanan, Gorlan, eta Bidanin). Amona xahar, baserri-txakur, eta ni bezelako txirrindulari despistatuekiko batere errespeturik gabe.

Aurten ere aurkituko ditut, espezie hau ez da errez iraungitzen.

Ea zein ateratzen dan gailen.


______


Estimatzekoa litzateke, hala ere, beste irtenbide paketsuago batzuk bilatzea.  Batipat desarme garaian gabiltzalako. Ez garungabe hoiek besterik merezi dutelako.

Enpresa berriren bat sortzeko ere balioko lukeelakoan nago.

Nik ideia botatzen det, eta lehenengo enprendedoreak har eta gara dezala, berarentzat debalde:

Aldapan gora zoaz, eta, ozta-ozta ikusi dezu. Berak zu bezain ozta-ozta. 120 km orduko abiadura baitarama, Korostiko antenaraino bidaliko zaitu. 

Mundu honetako zure azken bi segundoak ote dira…?

EZ!

Txirrindu-eiekzio sistema martxan jartzen duen botoia sakatzeko gai izan zera! Hegan irten zera goruntz, pilotu amerikarra bere F-18an nola!





(tuneletan ez erabiltzekoa)

____

Sem comentários:

Enviar um comentário