2005-03-01

Ilusioz gainezka


Liburu hura argitaratu zutela zabaldu zanean, berehala jun nintzen liburudendara, liburua erostera.

Gero, gogoan daukat, Zumarragakoak zeratenontzako, Arbulu drogeriaren eskaparateko koskan eserita, lehenengo begirada bat eman niola.

Emozionatuta zeharo.

Liburua zein zan?

Zumarraga-Urretxuko euskera.


_________________


Betidanik sentitu izan naiz lekuz kanpo nere herrian, nere etxean. Euskalduna, bai, banaiz. Beti izan naiz, baina nere euskerak antza gutxi dauka nere gurasoenarekin.

Nere gurasoek nahiko ondo gorde dute, euren gurasoengandik jasotakoa. Nik ez. Nere ingurukoek ere ez.

Transmisioa, zergaitik ez da ona izan? Danok dakizkigu arrazoiak.

Beti erakarri nau izugarri gure zaharragoen euskerak. Bizia, aberatsa, arina...

Nerea berriz, pobrea, errekurtsorik gabea, ez oso naturala, eta olio faltan bezela sentitu izan det. Beti ez bada... Askotan.

Betidanik nahi izan det aberastu, barneratu, ikasi. Baina ikasteko modu bakarra, baserri batera jutea iruditzen zitzaidan. Ez da euskalkia beste inon erakusten. Ez zegoen jasota ere.

Orain berriz, Xabier Lasa eta beste batzuei esker, jaso da. Eta nik, aitaita Pacoren bilobak, baditut ideia batzuk nere euskalkia zabaltzeko. Erabilgarriak akaso, zeinek daki. Neretzako, eta euskalkiak indartzeko gogoz dabiltzan beste batzuentzako.

Hiru ideia ditut (kontatu diedanei, asko gustatu zaienak). Eta datozen asteotan, hauek borobiltzen pasako det nere eguneroko denbora apurra. Erakutsiko dizkizuet.

Bukatu da, momentuz, “klikatu goizero”. Idatzi, egingo det. Asko gozatzen det, gauzak kontatzen. Baina zerrendan bigarren lekuan egongo dira nere blogak.

Ilusioz gainezka nago. Emozionatuta, eta ezin ba ihes egiten utzi, emozio honi...

Dena den, lehenago ere egin nuen bezela, mantsoago ibiliko naizela iragartzeaz batera, iragarpen berriekin nator.

Beste bi atal irikiko ditu traperoak, pixkabat aurrerago. Bata, “aberrazioak”, eta bestea, “abenturak”. Azalduko dizkizuet hobeto, hemendik gutxira.

Eta beste iragarpena, atzo erabaki nuen gauza bat.

Ipuin bat kontatu nion, ume txiki bati, eta hauxe esan zidan:

“telebistan baino hobeto kontatzen dituzu ipuiak!”

Benetan zioen! Umeek beti esaten dute egia. Beraz, Harrapatu blog-ean, mp3 formatuan izango dituzue, tarteka, nik kontatutako ipuitxo batzuk. Kontatzeko gogorik ez daukazuen egunetan, gustatzen bazaizkizue behintzat, zuen umeei ipintzeko, oheratzerakoan.

Eta hala bazan ez bazan...


Sem comentários:

Enviar um comentário