2012-01-10

Hitza bera baino garrantzitsuago


Nere ordenagailuak, tonto-tonto, bost urte egin ditu. Eta badirudi, bere azkenetan dagoela, aldiro-aldiro konortea galtzen duelako. Batzuetan hogei minutu egiten ditu bizirik, beste batzuetan berrogei, eta kapritxoak ematen dionean bakarrik, ordubete baino zeozer gehiago.

Baina hutsik egin gabe, pott! Itzaltzen da, batere abisatu gabe, traizioz. Pantaila beltz baten aurrean geratzen naiz, nere juramentuen konpainia soilarekin.

Kablea ateratzen det, atzera sartu, eta ea ba, beste bizialdi motx bat; ea oraingoan zenbat irauten duen…

Konparazioa, derrigorra da. Bai, geuk ere beste hainbeste egitea bagenu… Azkena eman, eta hala ere, aukera berri bat izan, esan ez genituen hoiek esateko; bizirik ginela bidali ez genituen “informazio-bit” hoiek bidaltzeko…

...

Baina, ez al ditugu adierazten, beste hamaika modu erabiliz, esaten ez ditugun hoiek? Baita guk konturatu gabe ere?

Nik uste baietz.

Beharbada, hitzari, merezi duena baino garrantzi haundiagoa ematen zaio.


____


2012-01-09

Debekatuta kartelak itsastea




Argazki hau, ez da nerea. Zumarragako“Foto Luz” dendako eskaparatean dago. Handik hartutakoa da.

Antioko ama birjinak berak baino misterio haundiagoa du nola lortu zuen airetiko ikuspegi hau Vierbucher argazkilariak. Garabiren batera igota edo, auskalo, baina emaitza, ikusgarria da. Oso foto ederra da.

Eta hala ere, badu orbain bat. Ez, zehatzagoa izango naiz, baten faltan, baditu hiru orbain.

Ate ondoan dauden hiru kartelak. Hiruen artean, ia ate erdiaren tamaina hartzen dutenak.

Gauza jakina da, monumentu historiko batean, pekatua dala inolako eranskinik onartzea...

Eta, instituzioek ipinitako hoiek, ez al dute berdin desitxuratzen, bere edertasunarengatik bere horretan kontserbatzekoa dana?

Sinadurak ez diezaiola artelanari, edertasun puxkarik lapurtu..

Nere iritzi partikularra.

_____

2012-01-08

Mendekua


Mendeku hitza ez dezu nere hiztegian aurkituko. Ez da esistitzen. Baina, nere inguruko batzuk ikusita, esango nuke, batzuentzako, mendekua gauza betegarria, lasaigarria dala...

Noiz eta, besteak egindako mina inola ere gainetik kendu ezin danean. Egin dizuten horren eraginak, zure bizitza baldintzatzen duenean, modu erabatekoan..

Baina pasatako zerbait bada, aspaldikoa, zure oroimenean baino geratzen ez dana... Ze zentzu dauka mendeku bila ibiltzeak? Mendeku-goseak, min egin dizun harekin lotzen baitzaitu; hark egindakoaren mamia, egunez egun gizenduz juten baita...

...

Badaude ordea, mendekuaren unibertsoan, adibide txinpartagarriak. Hauxe, aspaldian entzun dedan onena:


DOZENA BAT KROKETA


Poteoan, jendea beti toki beretsuan ibiltzen da, eta jende berdintsuarekin alkartzen da, ordu berdintsuetan. Nere bi lagun hauek, beti harrapatzen ditu hirugarren batek taberna berean. Beti hauek baino beranduago sartzen da... Eta ez du sekula, sekula gero, poterik ordaintzen.

Biei izurratzen die, baina bati, besteari baino gehiago. Gaur tabernara sartu danean, sekula baino gaiztoago begiratu dio bigarren honek. Arraultz bat bere begien aurrean airean eustea balego, frijitu igual.

Bestea, egunero-egunero bezela, gonbidatzera behartuta sentitu da:

- Apa, ze hartu nahi dek?
- Atera baxoerdi bat.

Gaur presaka dabil ordea, xuhurra. Kamarerari zuzendu zaio:

- Gaur bazkaria prestatzen hasteko gogorik ez daukat eta, prestatuidazu dozena bat kroketa, eramateko.

Jun da kamarera barrenera, sukaldera, eta xuhurrak, komunerako bidea hartu du. Depositoa hustutzera, etxera abiatu baino lehen.

Ekarri du kamarerak kroketa paketea, Albal paperean bilduta; mostradorean utzi, eta atzera sukaldera abiatu da...

Xuhurrari kariñoa dion horrek, momentua aprobetxatu du. Estutu du trinko eskua, eta....

BUM!!!!

Goitik behera.

Albal pelota haundi bat zana, zapal-zapal eginda geratu da.

Kontu guztiarekin, nolabaiteko pelota itxura eman dio atzera.

(Ezer gertatu ez balitz bezela.)

Sabotatzailearen begirada, gozatu egin da pixkat. Parreari eutsi ezin dion bestearen intziriak kutsatuta....


______

2012-01-07

Pox



Hau da jun dan egunean aipatu nizuen untxia.



Pox.

Azkenean neronek asmatu behar izena. Ikusi nituen danak hain pozik, izen bat etorri zitzaidan burura:  "bizipoz".

Bizipoz luzeegi... Poz, egoki.

- Pox! ... Bota nuen.

Eta danak gustora.

Guztiz gustora ez dagoena, momentuz, neu. Etxean untxiak dituen adixkide batekin alkartu bainintzen atzo, eta zera esan zidan: kosk egin zaleak direla, eta, sofa, kortina eta antzekoez aparte, argi-indarraren kableak oso gogoko dituztela, euren, eta argi-indar instalazioaren kalterako.

Etxean libre, bere kasa uzterik ez, beraz. Atzetik ibili behar.

Baina ni bere atzetik baino, bera da nere atzetik dabilena. Maiteminduta edo, ba al dakit nik. Zapaltzeko, ostikoren bat emateko bildurrez nabil momentuoro. Aire kontrolatzailea dirudit. Beti erne, eta beti estresatuta.

Edonola ere, gauzak okerragora egingo du. Arra dalako. Haunditan, sekulako joera izaten omen dute, hala esan zidan adiskideak, harrapatzen duten lehenengoaren hankari atxiki, eta iztarteari eragiteko.

Ai, se eu te pego ai, Ai, se eu te pego.

.....

Ederra erori zait gainera...


___


2012-01-06

Aurtengo opari "sorpresa"


Internet bidez erositako gauzek badute aparteko xarma bat. Argazki makina zaharrek zuten berbera. Ezin, orain teknologia digitalarekin bezela, emaitza momentuan ikusi, zain egon behar argazkiak dendara iritsi arte; zain egon behar mezularia etxera etorri arte.

Kasu honetan gainera, irrika biderkatu egin da, - bi-derkatu ez, hamabi-derkatu - argitaletxeak arazo bat izan baitzuen eskatu nizkion hiru liburuetako bat lortzeko, eta ia bi aste kostatu baitzaio nere eskaria etxera ekartzea...

Baina, azkenean bai, azkenean, hemen da!




Erregalu paperarekin bildu nuen iritsi bezain pronto, eta gordetako kajoitik atera, eta nere zapataren ondoan ipini nuen atzo.

Zain nago orain, familia noiz esnatuko. Ez dakit erregeek aurten ekarritakoa gustokoa izango dedan – hain naiz petrala eta esijentea – Baina nik nere buruarentzako erregeei "eskatutako" honekin, inolako zalantzarik ez. Gustatu egingo zaidala, seguro!!


____


2012-01-05

Denbora ez dala hain azkar pasatzen


Aurrekoan, urtezahar egunean, kamara poltsikotik atera, eta artxiboetako argazkiak ikusiz, urtearen errepaso azkar bat egin nuen. Ez zan batere zehatza izan, baina bai oso lagungarria ia ahaztuta nituen momentu asko gogoratzeko garaian.


- Ze azkar pasatzen dan denbora! - Esaten degu maiz, eta egiaz, ez da horrela. Gogoratzen ditugun gauza guzti hoiek, danak batera momentuan gogoratzeko ezintasuna da gehiago. Patxada lagun, gertakizun bati tiraka hasten zeranean, horrek beste bat dakar, eta bigarren horrek hirugarren bat, eta hirugarren horrek... Halako batean esaten dezun arte: alajaina, ba ibili gera bai aurten, hara ta hona, eta gertatu zaigu gauza piloa.

Neu saltoka ibili naiz orain, ariketa horixe eginez, eta berreskuratu ditut momentu galdu batzuk, hementxe ipini nahi ditudanak.