2009-10-30

30/10/2009

Oreka txar horretan bizi gera



Bernardo Atxagak Iruneri gauza polit eta mamitsu asko kontatu zizkion. Orain burura datozkidan batzuk: troskistaren pasadizoa; maitalearen ordain epela; leihorik gabeko etxeak eta paisaia; ikuskera jibarizatzailea....

Baina neri atentzioa gehien eman zidana, hauxe:

“Lanpetuta nagoen? Bueno... Badakizu, egunak asko dira, baina lanak, are eta gehiago. Oreka txar horretan bizi gera. Nik lana badut eta egunak ere baditut, baina ez zaizkit ondo batzen. Beti esaten det, asteak beste egun bat izango balu… Eta horrelaxe bizi gera, beti larri, beti estu..”

Alajaina. Inor patxadatsu somatzen banuen, bera zan, Bernardo Atxaga.

Jakintsuenak ere larri bizi badira... Ze esperantza daukagu jakintzatik hain urruti gabiltzanok?

Irudipena daukat, kortesiazko erantzun moduko bat bota ziola Iruneri. Berari ez zegokion bat. Posible zaiola berari lasai bizitzea, eta halaxe bizi dala.

Hori sinistu nahi det, ""Estu-ta-larri" trenetik jeisteko erabakia hartu baitet egunotan. Latza litzateke, ahalegin serio bat egin ondoren, ezinezkoa zaidala konturatzea!

Ez da ezinezkoa, ezta?

____

2009-10-23

100 urtera iristeko formula

Telleriartetik, Brinkolara.

Bada bidegurutze bat Brinkolan, Olazahar baserriaren parean, bi adar dituena: batek Barrendiolako urtegirantz eramaten zaitu, eta besteak burdinbideari segitzen dio.



Nere asmoa urtegira jutea zan, baina bera ikusi nuen. Bere alaba-iloba-laguna edo dana dalakoaren besotik helduta.

Makur makur eginda, makulu batez lagunduta…

- 95 baietz!

Argi dezagun zalantza.


GEZURRAK KONTA DITZAGUN, TRALARA, TRALARA


Ez dago ondo gezurrak esatea, baldin eta helburu zuzen bat tartean ez bada.

- Arratsaldeon! Aizue, urtegirako bidea ezagutzen det baina hemendik ez naiz sekula abiatu. Nora dijoa bide hau?

(Begiak itxita ere asmatuko nuke aurrera egiten bide horretan, bertako barraskiloek agur eta guzti egiten didate, baina, amona haren adina jakin beharra neukan! Adina, eta hain luze bizi izateko sekretua, tokatzen bazan)

- Hortxe gastatzen da. Ez dezu inguru hau ezagutzen orduan… Ta? Zu nungoa zera ba?

Batek bestea ekarri zuen, eta danetik pixkat probatu genuen: metereologia, soziologia, ekonomia, geografia, gastronomia…

Hamar bat minutuz egongo ginen hitz eta pitz, eta segunduak aurrera egin ahala, nere harridura haundituz-haundituz zijoan: amona hark ez zuen ateratzen bere adinaren gaia!

Burua argi-argi. Belarria, nerea baino zoliagoa, mingain arina… Adin horretara hain ondo iristen dan edozeinek, bere adina aipatzen dizu, harro; hamarretik hamarrek bai.

Baina berak ez!

Mariapaina? 97 urterekin? Bai ote?

...

Azkenean!

Ez zuen berak aipatu, bere alabak-ilobak-lagunak (?) baizik.

- Zenbat urte esango zenuke dauzkala?

- Ba... Ez dakit ba… Zeuk esan...

- 97!

(premio Patxi!)

- Joooooe… 100 urteak gertuan dituzu orduan! Aizu, eta zein da ba hain luze bizitzeko sekretua?

Parre lotsatiz biak.

- Ez dakit ba zein izango dan... Baina geratu ere ez da egiten egun guztian. Bixkorra!

- Bai, ni geldi, gutxi egongo naiz. Beti izaten da zeozer egin beharra…

Albako dukesarekin akordatu nintzen... 82 urte uste det dauzkala.




Eta aipatu ere egin nion. Klaro ba. Hura, mugitu, gutxi, bizi guztian, eta horregatik hain estropeatuta.

Parre egin zuten biek.

Genetikak bere garrantzia izango du, nola ez ba, baina badaezpadaere, badakizue. Luze bizi nahi badezue, mugitu asko eta sarri ipurdia, Brinkolako amonatxo bixkor honen modura.

___

2009-10-20

Salba ditzagun perretxikoak

Atzo bizikleta pasiatzera irten nintzen, eta neu haren gainean.

Telleriartera iritsi nintzenean…




Errekan zer ikusiko eta…

Karramarru bat!

Nere bizitzan ikusten nuen lehenengo errekako karramarrua. Hura poza nerea!

Harri baten azpian ezkutatu baitzan, ezin izan nintzen beharbezela fijatu. Haundia zan. Gorrixka. Baina, euskalduna ote zan, nik ikusitako karramarro hura, ala txiklea jan eta saskibaloian jolasten zuen?

“Aphanomyces astaci izeneko onddoak sortutako afanomikosi deritzon gaitza da; hainbat lekutan “karramarroaren izurritea” deitua izan dena. Onddo hori ziurrenik, Ameriketatik Europara ekarri ziren karramarroen bidez ailegatuko zen gure ibaietara eta urte gutxitan bertakoen populazioak suntsitu zituen.” (zientzia.net)

Edonola ere, gehiegizko arrantzak ere lagunduko zuen errekako karramarroaren desagerketa ia erabatekoan. Nik hala entzunda daukat behintzat. Deskarga errekan, Urretxun, bazirela ugari karramarroak, gehiegizko arrantzak batere gabe utzi zuen arte...

....

Gehiegizko “arrantzak” gure mendiak perretxikurik gabe utziko dituen bezela, norbaitek erabaki zorrotzen bat hartzen ez badu. Argi ibili.

Perretxikuak arriskuan

Gaur mikologo bat izan da Euskadi irratiko Faktorian, Aranzadi Zientzia Elkarteko Joxe Manuel Lekuona ikerlaria, eta esan du, horixe, argi ibiltzeko mendiari deskantsatzen uzten ez badiogu. Gehiegizko sukarra dagoela perretxikuekin. Ez dagoela ez neurririk, ez bururik.

Imajinatu, hemendik hamar bat urtera edo:

"Atzo bizikleta pasiatzera irten nintzen, eta neu haren gainean.

Telleriartera iritsi nintzenean…

Bide ertzean zer ikusiko eta…




Perretxiku bat!

Urteak perretxikorik ikusi gabe. Hura poza nerea!"

____

20/10/2009

20/10/2009

20/10/2009

Aztarna arkeologikoak Meakan

20/10/2009

2009-10-19

19/10/2009

Barrendiolan, pake-pakean

Urtegi hau egin aurretik, hemen ibilia naiz, gora eta behera, eta orain amorraiak dabiltza, eta ura izoztuta ez balego, igual ni haiekin batera (...Bai zera, baina hain geratzen zan poetikoa...)

19/10/2009

2009-10-18

Gizartearen tendentzia aldakorrak

Gaur Amaraunako neskek, Arantxa Artzak eta Edurne Ayusok, ez dute edozein ekarri irratsaiora.

Jarri gerrikoak, bidaia luzea da eta:

Euskal Herriko unibertsitateko gizarte zientzien eta portaera zientzien metodologia saileko irakaslea, Daniel Hermosilla.

Beste Dani bat ere bazan, Dani Lasa, titulu motxagoduna: Mugariz jatetxeko ikerketa burua.

Oso gauza interesgarriak esan dituzte, adibidez, ez dala harritzekoa oharkabeko kontsumitzaile beroa izatea. Izan ere, askozaz ere errezagoa da, - erosteko gaitasuna izanez gero behintzat -, karrotxora hau eta beste sartzea, produktu bakoitzaren informazio zehatza irakurtzen, honen inguruan hausnarketa luzeak egiten, eta erabakiak hartzen ibili baino.

Kontsumitzaile arduratsu eta proportzionala izateak, denbora eta neke assssssko eskatzen du.

(esaidazue neri. Zenbat egun eman ote ditut nere sakelako berriaren modeloa aukeratzen. Ez zait berriz gertatuko (?).

Produktoaren sozializazioaz ere hitzegin dute. Taldean sartzeko helburuak bultzatuta erosten omen ditugu hainbat produktu...

Tira tira... Ba halako zerbait izango da!

Ze esplikazio du gaur goizekoak bestela?


ORAINGO GURASOAK EZ DIRA DUELA HAIN GUTXI BEZELAKOAK


Nere txikiaren lehenengo futbol partidua, gaur goizekoa. Egun garrantzitsua bere bizitzan. Bart loak hartu ezinik egon da gizarajoa, nerbioak jota.

Nere semeak futbola usaitu bai, egiten du, baina probatu, ezin esan asko probatzen duenik. Beste batzuk badira askozaz ere abilagoak, eta seguruasko ameslariagoak, eta haientzat ere izango zan gaurkoa egun berezia.

Ba… Futbol partida jokatu dan patiora iritsi eta bertan instalatu naizenean, ezin nuen sinistu ikusten ari nintzana:

Neu nintzan han argazki kamaradun bakarra!

Baietz baietz. Neu bakarra!

?¡???

Zer gertatu da?

Ezin ulertu. Orain ez denbora asko, holako egun berezietan, kamarak dozenaka konta zitezkeen. Guraso bakoitzak bat behintzat bazuen. Argazki kamara, edo bideo kamara. Argazkilarien elkarteko txango baten itxura gehiago izaten zuten gaurkoa bezelako egunek, beste ezerena baino.

Zergaitik aldaketa hau? Zer gertatu da?

Azalpenen bat egon behar du. Zergaitik egon ziren bolara batean hainbeste, eta gaur egun ia batere ez?

Boteprontoan bururatzen zaidana orain:

a) produktoaren sozializazio fenomeno bat egon da argazki kamarekin azken urteotan, eta orain, gauza bera ematen ari da, baina alderantzizko norabidean: taldekoa sentitzeko, ez da eraman behar (ez dagoela garai batean bezela modan, alegia).

b) birus informatiko ugariek jende gehienaren argazki bilduma osoak ezabatu dituzte: teknologia digitalarekin zapuztu dira. Garai bateko kamarak berriz, pelikuladunak, ez daude modan, edo ez daude salgai (?).

c) ...

Zein ote benetako arrazoia? Chi lo sa.

___


A!

Nere semeak, eta bere taldekoek, heroikoki jokatu dute, baina 14 eta zortzi galdu dute.




(eta gaurko argazkiak, batzuk politaskoak, eskuragai ditut, nahi dituzten guraso kamaragabeentzat)

_____

2009-10-17

Eguzkia badoa..

Bere amarengana, bihar itzuliko da, eguraldi ona bada...

2009-10-16

Udazkenean goxo



Hotza gauza ondo petrala da, baina zenbat oroitzapen goxo, honi esker: ladrilloa eta ur poltsa manta azpian, txiki-txikitan; sukaldeko txapa, pasilloko estufa, gaztetan; su bajuaren lilura, eta kalefazio zentralik ez izatetik kalefazio zentrala izatera pasatzeko aldaketa zerutiarra, helduaroan.

Gaur piztu det kalefazioa, eta eseri naiz sukaldeko leiho ondoko radiadorearen gainean. Badakit ez dala komeni, baina nola ukatu nere gorputzeko atalik gurienari, tamainako plazerra.

____

Metafisika, fisika

METAFISIKA

Nere txiki batek bi gauza parregarri aipatu zituen aurrekoan, bazkaltzen ari ginela. Txikitako bi kontu.

Parrez kontatu zuen, nola berak, txikitan, sinismen edo uste zoro batzuk zituen. Adibidez, elurra egiten zuen egunetan, gu danok kristalezko elur-bola baten barruan geundela…



Beste burutazioak oraindik parregure haundiagoa sortzen zion:

Bizitza, bideojoko bat zala uste zuen. Gu danok, norbaiten bideo-joko baten pertsonaiak ginela sinistuta zegoen.

Bi burutazioek erro bera dute: bizitza harrigarria da, eta ez degu ulertzen oso ondo zer geran, nun gauden, zertan ari geran hemen.


FISIKA


Kontua da, bere bigarren burutazio zoro hori, burutazio horixe berbera, askotan pasa zaidala neri burutik. Ez naiz txikitako garaiaz ari.

Zehazki horixe bera irudikatzen det: norbaiten bideo-joko erabat sofistikatu baten pertsonaiak gerala. Gure bizitzak orain haruntz, orain honuntz bideratzen dituena, nahi erara gobernatzen gaituena...





Ni, bideo-jokoaren barruan naizela ere, jabetu egiten naiz ordea, nere benetako izaeraz.

Bideo-jokoaren akats bat naiz. Jabeak erabat dominatu ezin duen pertsonaia.

Ez dakidana da, jokoaren jabearentzako, pertsonaia gogokoa ala endredo bat naizen. Endredo bat banaiz, akaso bere helburua ni garaitzea da; lehian gabiltza beharbada...

Ea zeinek irabazten duen.

Batzuetan, - batzuetan bakarrik – banaiz gai pasatzen zaidana distantzia pittin batekin ikusteko. Neri gertatzen ari zaidana, hirugarren bati gertatzen ari zaiola sentitzeko.

Estudiatu egiten det, nahiko modu hotzean, gertatzen zaidanaren ezaugarriak, legeak, eta eragina.


_________

Aitor, Danubion behera


Txirrindulari kontalari trebeen fenomenoa zabalduz dijoa. Hona hemen Aitor, Danubion behera dijoala, Bengalako tigrea, Francisco Martin Bahamontes eta beste bi txirrindulari-turistekin batera. Onen-onena, bideoaren bukaerako komentarioa, gaur goizeko lehenengo parre-algara erauzi didana.

____

Bizimodu modernoa



House telesailaren zale haundia naiz. Gaur denboraldi berriko lehenengo atala eman dute, ohizkoa baino luzeagoa (edo bi izan dira?). Izugarri ona. Artelan bat, nere gustorako.

Gero, sukaldea jaso beharra egon da, eta gero labadora, eta gero beste lan aitorrezin batzuk, eta ordubatak aspaldi jo du... Eta bihar zazpiretan gora...

Bizimodu modernoa.

____

2009-10-15

Zumarraga, hiri zaratatsu hori

Belokiko gain paketsu eta isiletik bai behintzat, somatzen da zaratatsu, eta somatzen da hiri.

15/10/2009

15/10/2009

2009-10-14

Oh, l'amour

14/10/2009

Urbilen ondo pasatzen da

Donostiatik, Urbilera.

Emakumeak denda barrura, trapu artera, eta gizon hau, kanpoko bankua ipurdiarekin pixkabat lustratzera.

Ez nago bakarrik ordea. Nere herrikide bat aurkitu det, eta hasi gera holako egoera batean ohizkoak diren gaiak ateratzen: emakumeak, erosketak, umeak… Baina nahi gabe, biok berriketari finak baikera, alkarrizketa hari berriak sortu dira, eta garai bateko kontuak esaten hasi gera.

- Gogoratzen zera hartaz? Bai, hura ere jun zan. Aizu, eta nundik ateratzen zuen hark bizibidea? Denda ia beti hutsik izaten baitzuen. Ba zera saltzen omen zuen, bai zera, baietz baietz, klaro, beste garai batzuk ziren eta, egia, ez nintzen gogoratzen, ba badakizu zer gertatu zitzaion hari ezta? Badakizu homosexuala zala…. Bai bai. Ta zer gertatu zitzaion ba? Joe, ia parrez lehertu nintzan. Bai ala?


KARROARI BULTZAKA

Toki aproposa da Urbil jende famatua ikusteko. Euskal-Herria hain da txikia. Han nun ikusten dedan, karroari bultzaka, euskal artista bat, nere ezaguna.

Hurbildu natzaio atzetik, eta jolasguran, bizkarrean eskubiko aldean tok, ikutu diot, eta ezkerraldean ezkutatu naiz.

Pikarditxoaren ondoren, hantxe topo egin du, zoro irripartsu honekin. Eupa! Ze habil? Hementxe, ez zekiat zer, ez zekiat zar…

Alkarrizketa ondo jarraitu det, baina xelebrea izan da nere gogoak momentuoro erakutsi duen gogoa (onarbedierredundantzia): karro barruan nere lagunak zer zeraman jakiteko tema izugarria.

Zorionez, ondo eutsi nien nere gogoaren bridei, eutsi nituen zakurrak, eta apenas utzi nion bere asmoa betetzen. Datu soil bat baino ez nion utzi jasotzen. Euskal artista haundi honek, MAYO txokolatea jaten du.

Supermerkatuetako kajerak (kajero/ak idatzi behar nuen, baina inork ezagutzen al du gizonezko kajerorik?) zenbat gozatu behar duten hainbat pertsonaia ezagunen karroan datorrena ikusiz! horrekin gogoratu nintzen.


HOMOSEXUALAREN PASADIZOA, PUBLIZITATEAREN ONDOREN

Jakina, beste garai batzuk ziren, oraingoen aldean, homosexualekin askozaz ere zekenago eta zakarragoak. Egin ezazue hogeitamar urte atzera. Ezkutuan ibili behar derrigorrean.

Ba, ba omen zuen mutil-laguna gizon honek, eta Londresen jendea askozaz ere toleranteagoa dala entzunda, homosexualak kalean eskutik helduta lasai asko ibiltzen direla bere belarrietara iritsi ondoren, han abiatu omen ziren biak Londres aldera, gerrikoa askatzera.

Pozik gizona. Pozik mutil-laguna. Eskutik helduta biak goxo-goxo, alkarri dioten maitasuna pasiatzen, hain gustora!

Han nun jarri zaion bapatean, zeharo ustekabean, bere begien pare-parean...





Autobuses Apaolaza.

Bete-beteta autobusa. 160 begi, Zumarragarrak danak, bi usapalei adi-adi begira…

______

Zain dezagun gure ekosistema

Egiptoko piramideetan baino hauts gehiago aurkitu det nere ordenagailu barruan. Arnas hartu ezinik gaixua. Zureak nereak adina badauka. Ez izan bihozkabea, eta hartzazu destorniladorea.

2009-10-12

Dinosaurio xelebreak



Dinosaurioak aspaldi desagertu ziren, baina badiraute batzuk, mundialak, blog honen barruan, bizi-bizi. Harpidetu ta zabal zazu.

____

Aparkaleku bakarra libre

Atzo labirinto baten barrunbeetan sartuta ibili nintzan.

Donostian.

Aspaldi kotxez bertara jun gabe, ohi bezela Boulebarreko parkinean aparkatzea zan nere asmoa, baina laranjaz jantztiako udaltzain batzuk, labirintoaren irteera, hau da, nere kotxea aparkatzea eta bertatik irtetzea galerazi zidaten.

Preso nere kotxearen barruan, Donostian bueltak eta bueltak ematen.

Boulebarreko parkinean, Okendokoan, Buenpastorrenean, Fnac-eko hortan… Bakoitzean, udaltzain laranja pare bat, aurrera segitzeko aginduak ematen – parking guztiak beteta zeudelako-. Neri, eta Donostiako kaleetako errepideak erabat betetzen zituzten berrehun mila kotxeen gidariei.

Batere klaustrofobikoa ez dan hau, klaustrofobiko sentitzen hasi zan, eta ihes egin nuen Donostiako beste puntaraino estuasunak hartuta.

Bat.

Aparkaleku BAT aurkitu nuen libre Donostia guztian: Haize orraziaren inguruan.

Ea ba, goazemazu olatuak ikustera…



Bare bare zegoen itsasoa. Ohizko espektakulurik ez… Gu iritsi ginenean.

Han azaldu ziren. Argazkilaria, eta ezkon berriak.



Esan beharrik ez dago, espektakularra izan zala hauen etorrera eta ibilera. Haize orrazia jendez gainezka, eta begi guztiak, nola ez ba, haiei begira.

Argazkilaria, senar ezkonberriari erreguka, harkaitzetan gora juteko, eta klaro, argazki hoiek betirako gordetzen baitira, egongelako pareta nagusian haundi haundi… Argazkilariari kaso egin behar zaio.






Publikoa, banatuta. Danak erreguka. Erdiak gizona eror ez zedin erregutuz, eta beste erdia hankaz gora eror zedin errezatuz. Ni, guztia jasotzen, notario.

- Hop, ai!

Estropezu egin zuen bai, bi aldiz.

- Uffffffff… Ez da erori, eskerrak. – bihotzonekoak -

- Ooooooo… Ez da erori, ze pena. – maltzur halakoak -

Ezkonbizitzaren bide malkartsuan izango dituzten estropuz ugarien abixua.
Seinale bat.

Baina tira, momentu txarrak etorri bitartean, guapo-guapo jarrita, goza dezagun pixka bat.




____


Sorginen bat ere bazebilen han nunbait…

Esan bezela, itsasoa bare-bare, alpertuta zeharo. Inolako asmorik gabe Haize orraziko zuloetan gora haizea bidaltzeko.

Ba… Jarri ziren hiru neska turista bertako zuloegi begira, eta, bapatean, hola, zeharo ezustean danontzako, FUUUUUUUUUU!!!!! Haizea goruntz indar haundiz!

Haiek hartu zuten sustoa...

Nik egin nituen algarak!

Donostian aparkaleku bakarra libre, eta nere zortea huraxe, han tokatzea.

____