2010-01-22

Hiru aste

Gaur nere lagun Idoiak esan du, denbora ziztu bizian dabilela. Asteak FIUUU pasatzen zaizkiola, ia batere akordatu gabe.

Datorren urte hasieran aurtengoaren hasieraz zertaz akordatuko naizen galdetu diot nere buruari. Eta erantzun dit nere buruak: ezertaz ere ez, Patxi.

Beraz, lantxo hau hartu det, hiru aste hauetako lerroburuak behintzat zerrendatzea.

Ia ba.

HIRU ASTE

Hiru aste pasa dira urtea hasi zanetik. Alajaina, ezagutu izan ditut urte hasiera xamurragoak.

Hasteko, osasun kontuek endredatu ninduten. Hamar bat egun egin nituen kili-kolo. Urteberri egunean, jaiki nintzen komunera, eta korrika iritsi behar izan nintzen ohe ertzeraino, ziplo eroriko ez banintzen, txorabioak jota.

Bihotzerrez ere ibili nintzen, denboraldi luze batean.

BIXOTZA

Bihotzaz ari naizela, melodramarentzako tokia ere izan da asteotan: oso eramanzailak dira giza-harremanak batzuetan. Bihotza – zentzurik zabalenean – oso kapritxosoa da. Gazte nerabe baten modukoa: gaur baietz esaten dizu temoso; bihar ezezko borobil batez harrituko zaitu.

Hiru hegaletatik atakatu naute, bihotzhauste sentimentalek: konpondu dira, gutxigorabehera. Baina aspaldiko partez, gogoa ilun erabili det. Ikatzezko bekozko ederaskoa paseatu det.

UMORE BELTZA

Belztasunaren ekuador inguruan, gogoratzen naiz ezagun batekin alkartu nintzela, supermerkatuan:

- Aiba Patxi, zer moduz, ondo hasi al da urtea?
- Bufff… (zergaitik izango ote naiz hain sinzeroa, holakoetan?) Ez oso ondo. Osasuna alde batetiiiiiik… Gero beste hau ere izan daaaaa….

Han nun botatzen didan berak, ni bezain sinzero, eta ni baino dexente zehatzago:

- Bai, ba gu ere… Hau (bere senarra seinalatuz) ERE batean hasi da gaur bertan…

- (Autx!)

Jakina, zer zan nere inpernutxoa, letra larriz idatzitako ERE baten aldamenean? Uste det zeozer gorritu ere egin nintzela, eta segituan, nahi gabe, Munillari nola, Haitiko lurrikara etorri zitzaidan mingainera, baina tira, nik afan publizistarik ez daukat Munillak bezela, eta isilik gelditu nintzen, nola ez ba.

BOTERE AHALTSUAK

Gauza politak ere gertatu dira. Fenomeno paranormal baten antzeko zeozer izan zan, beste egun batean: aspaldiko lagun batekin alkartu nintzen, bere haur jaioberria kotxekapotaren barruan zuela. Txikia, negar eta negar ari zan. Denbora asko omen zeraman.

Zenbat egun ditu? Hainbeste. Ze izen dauka? Hauxe…

Heldu nion behatzetik, hitzegin nion goxo-goxo, eta isildu egin zan. Ttak! Radiokasetaren STOP tekla sakatu banu bezela-bezela.

Jakina, kasualitatea izan zan, baina botere ezezagunen baten jabe ez ote naizen pasa zitzaidan burutik, momentu batean.

Eta txikiaren amak, telefonoa eskatu zidan.


----


ERREMATEA

Bestela, lanean besterik gabe, familia ere ondo, eta okupazio nagusi bat: sukaldea. Jo eta fuego nabil sukaldean, aspaldiko partez (hogei urte baino gehiago da “aspaldi”). Lasañak, marmitakoak, entsaladilla rusak, gailetak eta pastelak klase guztietakoak…

Chimay urtea, ez da hasi ere egin. Tira, gauza batean ez bada. Zerbeza mota desberdinak probatzen nabil. Hamar bat probatu ditut, eta grazia du zein dan orain artekoen artean txapeldun:




Ale ba. Datorren urtean inork galdetzen badit zertan nenbilen urtebete lehenago, zeozer zeozer aterako det, oroimenaren zakutik.

Antibirusak lagun.

______

2010-01-20

Ba al zatoz buelta bat ematera??

...

Dohai berezia daukat…

Hanka sartzeko

Izakera kontu bat da. Gizaseme zuhurrak bi aldiz pentsatzen ditu gauzak esan baino lehen. Bere erabakiak seguruagoak dira. Lasaiagoa bere bizimodua.

Neu funanbulista xamarra naiz. Zalantza izaten dedanean, gauza bat esan edo ez esan, gauza bat egin ala ez egin… Nahiago izaten det luzamendutan ibili gabe lehenbailehen salto egitea...

Hop!

Orain gutxirarte ez nengoen jabetuta nere ezaugarri honetaz. Gaizki eramaten nuen hainbestetan hanka sartzearena. Nere burua zigortuzale ere banintzen.

Nere akats hau atzeman, eta onartu dedanetik, esango nuke zuhurraren lasaitasunetik gertu nabilela, eta nere bizia badala, zuhurrarena baino atseginagoa.

(damutuko ote naiz bihar goizean, orain idatzitakoaz?

Banua ohera, perspektiba bainu bat hartzera)


____

2010-01-19



Komunean lasai irakurtzeko moduko artikulu nabarmena, Pello Zubiriarena. Hemen pasarte bat:"Denok egiten dugu ‘hori’ baina ez da esan behar. Txukundadeari lotutako tabuak, hala ere, saihestu litezkeen milioika heriotza estaltzen ditu. Gero eta jende gehiago bizi delarik hirietan, eginkarien kudeaketa hil ala bizikoa da, bai osasunarentzako eta bai giza duintasunarentzako”

Urtetan ikusitako iragarkirik amorragarriena

Ez dakit zer pentsatuko zuen Pau Blanch aktoreak, VISIONLABen azken iragarkiaren gidoia erakutsi ziotenean. Neri buruan ez zait beste aukerarik kabitzen honako hau baizik: Pau Blanch aktoreari, gidoi hau, disparate hutsa iruditu zitzaion.

Baina gauza jakina da, hainbat aktorek gogoz eta arimaz kontrako makina bat lan irensten dutela bizirauteko, edo izartegirako bide malkartsuan maila batzuk igotzeko.




Pertsonaia itsusi bat antzezten du. Bera ikusitakoan, emakumeei botagurea, BOTAGUREA! sortarazten dien gizaseme itsusi bat.

- Patxi! Ez hain txarrera hartu! Umorea da! – esango dit akaso baten batek - . Bai, halaxe da. Helburua horixe du: ikuslearengan irriparrea sortaraztea, baina neri ez baitzait inola ere parre eragile egiten, inorenganako nazka adierazpenak, zergaitik eta, itsusia izateagatik!

Botagurea pizten duena emakume bat izatea: hori bai pentsaezina. Inori ez zitzaion burutik pasa ere egingo Pau Blanchen papera egiten emakume bat jartzea.

Neri, egia esan, berdin dit emakume ala gizon izatea. Transmititzen dan mezuak inporta dit: alajaina, itsusiak zer eta, botagurea ematen du.

Horrelako mezu subliminal uholdearen erdian, gure gaztetxoak (gaztetxoak bakarrik?) korrenteak eramaten ditu, eta halaxe sortzen dira haiengan mila konplejo, mila ezintasun, mila bildur. Mila gaixotasun.

Ez daukagu lan makala, estetikaren tiraniari aurre egiten.

Eta hauek, ederra izanik pentsatu eta idatzi ditudanak. Imajinatu idatziko nituzkeen bortizkeriak itsusia banintz.




____

2010-01-11



Egunen batean, Donostiako klub nautikoa, kostaldetik bereiziko da, eta itsasoan barneratuko...

Erradiadorearen ondotik

Atzera begiratzen det eta komiko xamarra iruditzen zait, baina tira, badu xamurretik zerbait, eta erotik ere bai (xamurretik baino gehiago igual).

Gaztetan, holako elurte bat izaten zanean, sarritan juten nintzen mendira. Goretexik ez, kamiseta termikorik ez. Pentsaizue, polainak ere ez nituen jazten (ez nituen eta).

- Mendiko botak (garai hartakoak, baina garai hartakoak txarrenetakoak)
- Barruko kamiseta (Ocean, Abanderado)
- Alkandora (koadroduna, noski)
- Jertse lodi bat (korapiloduna)
- Sira bat (zuloduna)
- Praka bakeroak (Lois)

Tranbia hartu, eta bietako batean jetsiko nintzen:

OTZAURTE

CEGAMA-APEADERO


Goiz guztia elurretan pasatzen nuen. Aizkorriraino ia beti iristen nintzen. Iristen ez banintzen, galduta ibili nintzelako.

Txorixo bokadiloa, laranja bat...

...

Geltokira iristen nintzenean, askotan, baina askotan gero, ordubete baino gehiago tokatzen zitzaidan egotea tranbiaren zain. Bi orduz berandu zetorrenean. Neka-neka eginda. Mela-mela eginda. Izoztuta...

Bakarrik.


______


Zergaitik bakarrik?

Arrazoia galdetzen badidazue, esango dizuet asko gustatzen zitzaidala bakardadea. Thoreau moduko bat nintzen. Gehien-gehienetan bakarrik ibiltzen nintzen. Naturarekin armonian, nere buruarekin bakarrizketan, pake-pakean…

Baina gaur, psikoanalistarena egitea bururatu zait. Izan ere, batzuetan, egiten ditugun gauzen oinarrian, azpi-azpian, beste arrazoi bat egoten da. Ustez, A-gatik egiten ditugu gauzak, baina B da benetako arrazoia: gure buruari onartuko ez dioguna, edo, batzuetan, gure buruari ere erabat ezezaguna zaiona, hori ere bai.

Memorian atzamarka ibili naiz.

Tranbiaren zain nengoela, bazan gauza bat, zeharo erakartzen ninduena, txoratu egiten ninduena:

Apeadero haietan, bazan aterpe moduko bat. Bertan idatzita zeuden, giltzen edo harrien laguntzaz egindako pintadatxoak, paretan:

1982-05-27 AMAIA – MAITE - Aupa Andoain! KEPA MIREN ETA ANE 19881-08-28 - IDOIA X JON 1985-03-04

Geltoki guztietan daude antzekoak, baina apeadero hauetan, askoz gehiago.

Zein ote ziren idazle anonimo guzti haiek? Baina batez ere, neska haiek, zein ote ziren neska haiek? Nolakoak ote ziren? (mendizaleak ziren behintzat, garai hartan nik neska batengan izugarri preziatzen nuen dohai bat...)…

Nola entretenitzen nintzen neska haien itxura eta izaera imajinatzen!

Psikoanalistak xuxurlatu dit: mendira bakarrik juteko arrazoia, mendian haietako lamiaren batekin topo egitea zan.

Bultzagarri guztiz erromantikoa, auskalo ze abestik nere burmuinean su goriz idatzitako arrasto ezabaezina…
















Basa andere maitagarria
goizaldez topa zintudan,
lanbro lainotan argi izpia
behor azkar grin zurian.

Bide ertzetan,
oihaneko sakonetan
biluzik nengoen zure bila.
Ene ileak
leundu eta apainketan
ibili ninduzun besartean.



----


Asteburu honetan, apenas zapaldu det elurra. Elurra, hotza dago. Oso gauza bustia da gainera. Mendira jutea? Burugabekeria…

Ez dago orain mendira bultzatzen nauen lamiarik nunbait – nere psikoanalistari kasu egiten badiot behintzat – .

Eta mendira jun ez naizenez; perezak, alperkeriak eta utzikeriak mendean, oso mendean hartu nau eta, nik ateratako argazkirik ezin erakutsiko dizuet, baina Zuk baditu zoragarriak, eta hari hartuko diot bat, mezu xarmangarri xelebre hau girotzeko pixkat.





____

2010-01-02

Adi artista txiki honi, musika-izar bihurtuko da ta, hemendik ez hain urrutira. Apustuak onartzen dira.

2010, Chimay urtea



Jun dan egunean, supermerkatuan, oso gauza bitxia gertatu zitzaidan.

Pentsatzen aritu nintzen – badakizue, sekula abandontzen ez nauen nere afizio kuttun hori - beste askotan pentsatutako gauza batean:

Afrikako erdialdeko gizaseme bat, eskasirik gorrienean bizi izandakoa, Europara kamioi baten azpian etorri berria, lehenengo aldiz sartzen da supermerkatu batera: pasiloaren erdian, hor geratzen da, geldi. Begiak hara eta hona, dantza urduri batean; harridurak ez ezik, lilura ikaragarri batek gidatuta. Hainbeste produktu ezberdin, hainbeste ale bakoitzetik; ilara luze hoiek, sapairaino altxatzen direnak…

Emozionatuta…

Galdera bat piztu zuen beste batenean sumatutako emozio horrek. Ordurarte sekula egin gabea:

- Eta, produktu guzti hauetatik, zenbat probatu dituk ba, Patxi?

Egia. Supermerkatuetan, izugarrizko aukera egoten da, baina gu apenas irtetzen gera gure betiko aukera estu horretatik. Sota-caballo-y-rey, beti.

Errepaso bat eman nuen, pasilo ezberdinetan, sail guztietan zehar. Harrituta geratu nintzen, zenbat gauza ezezagun zeuden. Zenbat! Izen eta jatorri zeharo ezezaguna zutenak, zer ziren ere ez nekienak, sekula probatu gabeak...

Nola ez ba, bizitzarekin alderatu nuen – badakizue, sekula abandonatzen ez nauen nere beste afizio kuttun hori, xehetasun txikietan bizitzaren metaforak bilatzearena – Eta pentsatu nuen, bizitza badala supermerkatu erraldoi bat, guk apenas esploratzen deguna...

Eguneko uztarengatik pozik, - metafora kaxkarragoak jasotakoa naiz - berandu nebilen eta, kajara jo nuen pauso presatiz...

Baina...

Besoa luzatu nuen - hop! - zerbezak pilatuta zeuden apal batera, kajara heldu baino lehen, azken momentuan.

- Hauxe. Izen xelebrea dauka. Ea ze zapore daukan…

Neri piztu zitzaidan irriparrea, letra txikia irakurri nuenean!




____


Ze asmo, 2010 urte berrirako? Ba, danetan politena, hauxe beharbada: oso urrutira jun gabe, edo inora jun gabe ere, bertatik-bertara dauden gauzen esploratzaile izatea.

Ea ez dan urte hasierako asmo hutsala gertatzen, eta zer kontatu ugari ekartzen dizuedan.

______