2010-02-21

Zuhaitzak eta zerua

Zuhaitzak eta zerua, mugakide, eta paisaia zoragarrien sortzaile.

21/02/2010

2010-02-16

Thoreau: Desobedientzia zibila



Ze gauza ederra dan liburu elektronikoa (klikatu Thoreauren gainean), eta hala ere, paperezkoaren aldean... Begira sarean jarri duenak, nola azaldu duen:

"Dena den, zure asmoa testua inprimatzea bada, agian hobe zenuke guri kopia bat eskatzea. Arrunt garestiago ez zaizu aterako, eta, azkenean, liburu askoz atseginagoa izango duzu eskuartean."

Ref: Sustatu


Onintza Enbeitari entzun diot Faktorian, Andoni Egañak ez daukala sakelakorik. Eta lan pixkat hartu det pentsatzen, eta konturatu naiz, nere inguruan pertsona bakarra ezagutzen dedala, bakar-bakarra, sakelakorik ez daukana. BAT.

2010-02-15

Eta Berriaz ari naizela...

...horra zerekin egin dedan topo, ustekabean.

Bai, iragarkiak "gastatu" egiten dira, eta kajoian bukatzen dute, baina handik denbora batera ikusten dituzunean, halako poza ematen dizute. Bai ala? Hau oso ondo egina dago gainera.


Bost minutu Berria irakurtzen



Atzo Berria korrika ta presaka irakurri nuen, baina atera nuen gauza ederrik, bost minutu exkaxetan:

Lakasta eta Zaldieroak, “hamaika” eta “bost”en inguruan botatakoak (hemen txintxilikatuko dutena, iragarritakoaren arabera), Zaragozako lagun haren galderak ekarriz atzera...

Eta Anjel Lertxundiren zutabea, oso hunkigarria, baina, gauzak zer diren, beste kanta hura gogora ekarri zidana ( San Balentin eguna zan eta, horregatik beharbada):

“bihotz baten lekuan, mila banituzke…”

____

2010-02-14

Nun bizi diren famosoak

Disney Chanel ikusten ari zala, nere alabaren galdera:

“Famoso guztiak Hollywooden bizi dira?”




Isilunea…

Semearen erantzuna:

“Ez. Benito Lertxundi Orion bizi da.”

_____

Tres en uno


Markos Zapiainen etorria sasoi onean dago. Bolara luzea darama sarri-sarri idatziz, lehorte luze baten ondoren.

Ezagutzen ez badezu, tori ale bat, oso-oso berea. Tres en uno: harritu x ikasi x parre egin.

____

Muniain urruti iritsiko da

Asper asper eginda egon naiz, Athletiken gaurko partidaren bigarren zatia ikusten, bapatean Muniainek...


deabru txiki horrek, irriparrea erauzi didan arte.

Lurrera bota dutenean egin duen keinu batek salatu du: area txikian sartu da, baina, golaren bila baino gehiago, penaltia bilatzera.

Txintxoek uzta kaxkarragoa jasotzen dute. Bizitzan, gaiztokeria ez baina, malezi pittin bat, oso ondo etortzen da.

____
Nere seme-alabek telebista gehiegi ikusten dute. Bat nekatu egiten da beti haien atzetik ibiltzen, eta komeni baino gehiagotan etsi egiten du, baina termino berri bat sortu da. Nik behintzat hala deitzen diet nereei, telebistaren aurrean orduak ematen ikusten ditudanean. Beti toki berean, geldi, postura berean...

Ume lorontziak.

Ontziko patroiak gereziak zituen gustoko

Gaur goizean txoraturikan egon naiz telebistari begira, gosaldu bitartean.

Istanbulgo itsasartean...





Urpeko 13 km.ko tunel bat egiten ari dira. Asia eta Europa lotuko dituen tunel bat. Marmaray izeneko proiektua. Milaka miloi euro kostako den lan erraldoia.





2010.erako bukatzeko asmoa omen zuten lana, baina, halako batean, sorpresa!

Aztarna arkeologiko batzurekin egin dute topo.





Balio haundikoak nunbait, gelditu egin dute obra.

Erreportaian oso polit ipini dute: gatazkarik ez da izan, danak txintxo, arkeologoek ikerketa guztiak bukatu bitartean (urtebete, bi urte…), baina…

Nere artean: zenbat ote dira, zeharo atsekabetuak? Horrelako obra itzeletan beti izaten dira ta, dirua azkar egin nahi dutenak. Erabat abailduta, amorra eginda, antsiak hartuta…

Eta hantxe bitartean, katiuskak itsasoan sartuta, arkeologo saiatuak: kantuan, lasai, patxadaz… Zulagailu erraldoiekin baino, brotxa txikiez, milaka urte dituzten egur eta ontzi umelak garbitzen… tzi-tzi-tzi-tzi-tzi…

Han! Eguneko notizia: hondoratutako itsasontzi baten patroiak, duela bi mila eta bostehun urte, gereziak zituen gustoko!



Oh! Informazio ezin garrantzitsuagoa, zain, zain eta zain, mahaian tarrapataka ari diren korbatadun etsituentzat.

...

Baina historiak, pistak ematen ditu, irakurri nahi dituenarentzat.

Itsasontzi asko aurkitu dute toki berean. Tsunami batek hondoratu zituela uste dute.

Izan ere, Anatoliako falla omen dago tunela eraikitzen ari diren tokitik, 19 kilometrora. Sismologo batek esan du erne egoteko: edozein momentutan gerta daitekeela lurrikara garrantzitsu bat, erloju-bonba baten gainean eraikitzen ari direla tunela…

Ingeniariek diote, kontuan hartu dutela.

Bai emozionantea.

Eta nik, ez daukat ba Istanbulera juteko asmorik, datozen egunetan.

________

2010-02-12


Interneten aurkitu det irudi hau, baina nik antzeko zerbait ikusi det gaur arratsaldean, nere begiez. Lagun beltz batzuk, argazkiak ateratzen zizkioten alkarri. Kokoriko jarrita, elurra hartu eta kamarari erakusten zioten.

Lehen aldiz elurra ikusitakoak, zalantzarik gabe.

Guk ere sentitu genuen lilura horixe, baina, jakina, ez gera gogoratzen.

Begi presatiak

Azkenaldi honetako nere martxa hor dabil: New Yorkeko burtsako agente baten eta Heatrowko aireportuko aire-kontrolatzaile baten erdibidean (pittin bat esajeratuta).

Gaur irabazi egin diot ordubetetxo bat ordea egunari: bizikleta gainean jarrita, Cordobatik Montillarainoko bidea egin det.

Parean, film zoragarri bat: The english patient.

Ane Muñozen eta Arkaitz Basterraren gustoak eta nereak bat datoz. Atal berri bat estrenatu zuten aurrekoan, Euskadi irratiko Faktorian, Manu Etxezortu eta Nagore Telleriarekin batera: mengelak ez diren film erromantikoak! Eta hau ipini zuten lehen adibide gisa. Hartu egin nuen haien gomendioa.

Seguruasko, ekarriko det film hau berriz ere hona, badu eta nun zukua atera, baina gaur zatitxo bat erakutsi nahi dizuet, neri bereziki gustatu zaidana:

Irakurri, irakurtzen degu, baina… Ba al dakigu irakurtzen benetan?

(horrez gain: gaixoaren solaskide hinduaren erantzunak ere, badu bere "armonia")


2010-02-04

Santa Ageda bezperan, San Agustin

Baserritarrez jantzitako ume batzuk aurkitu ditut gaur arratsaldean kalean, eta galdetu egin diet ea ba al zekiten zein zan Santa Ageda. Arrastorik ere ez zeukaten. Urtero galdetzen diet ume desberdinei gauza bera, eta inoiz ez det topo egin Santa Agedaren istorioa ezagutzen duen ume alerik.

Aurten ere, urtero bezela, Santa Ageda gaxoari bularrak ebaki zizkiotela azaldu diet, eta urtero bezela, parre algaraka hasi zaizkit.

(Ume basatiak)

Egia esan, oso pelikuleroa da Ageda honen istorioa:





Zorioneko Ageda Siziliarra omen zan. Oso omen zan ederra. Quintianus senatoreak, bere egin nahi izan omen zuen, Afrodisia izeneko emakume baten laguntzaz, baina, Agedak kalabazak eman omen zizkion. Quintianus despetxatuak, bularrak ebakiarazi zizkion.

Istorioaren jarraipenak hardcoretik asko du, eta zeuek bilatu zeuen kasa, nahi badezue, morboz betetako irakurle betortz-luzeak…

(Heldu basatiak)

San Agustinekin topo

Umea paseatzera atera det gaur arratsaldean. (nere burua paseatzera ateratzeko aitzakia paregabea)

Nor bere bizikleta gainean, Urola ibaian behera abiatu gera.

Eraman degun planta, horra (hartu umearena nerearen adibide gisa):





Izen eta ospe haundiko auzo kaxko bateraino iritsi gera.





Aizpurutxo


Sekula Suitzan egon ez danak, eskuzabaltasun ahalegin bat egin dezake, eta Suitzan dagoela sentitu. Mendi elurtuak han goian… Haran malkartsuak beherago, eta haranean behe-behean, gure oinetan, ibai oparo zabala.





Aurreiritziek faena haundia egiten digute: Azkoititik Zumarragarako bidea, zulo aspergarria iruditzen zaigu, kotxez zeharkatzean oso arrunt egiten zaiguna, baina nahikoa da Aizpurutxon barneratzea, - metro gutxi batzuk, gehiago ez dago ta - honi xarma razio bat aurkitzeko.

Eta Zumarraga metropolitanoak ez dituen altxorrak ditu Aizpurutxok! Pilak birziklatzeko edukiontziak!





Egurrezko zubiaren gainetik, ibaia zeharkatu degu, eta bertako taberna bateraino iritsi gera.

Tabernaren izena: SAN AGUSTIN.

Eta bai agustin egon gerala…

Sartu orduko: bi letrero argigarri


HAY CALLOS - HAY CALDO - HAY OREJAS DE CERDO


Nere artean: “Tabernari honek fenomeno menderatzen du gaztelera”. Ba ez ba. Barraren atzeko tabernariak ez zuen hain ondo menderatzen gaztelera: emakume mozkote portugaldarra zan. Maja maja. Hiztuna oso, alaia; Santa Ageda egunaren, garaiko paisaia grixaren, tabernaren hustasunaren melankonia, erabat birrintzen zuena.

Mosto bana hartu degu, eta azeituna batzuk: saborantxoadunik ez eta, mantzanilla zaporedunak, zer egingo diogu ba.

Aldamenean, baserritar bat, kakahuesak jaten, oso konzentratuta, hitzik esan gabe, begiekin egunkari baten albisteak KIRRIS KARRAS txikitzen.

Telebista piztuta...




Justu momentu horretan, telenobelaren protagonista asesinatzen ari dira, musika goibel-bildurgarriz ondo lagunduta...

Eta kartoizko kaja baten barruan, Kika dago, txakur pekines zahar-zahar bat, gurekin harremanetan jartzeko saio txikirik egin ez duena (baserritar kakahues jaleak bezela).

Tabernari alaiak, piruleta bat eman dio semeari, eta etxeruntz poz-pozik abiatu gera.

Agustin agustin, Santa Ageda bezpera hotz eta haizetsu honetan.

_____