2010-06-30

Bizitza geldoa


Gaur siesta garaian, Indiaraino bidaiatu det, loak hartu aurretik. ETB1ko erreportaje bat.

Indiari buruzko erreportajeetan beti harritzen naiz zer edo zerekin. Gaur izugarri ondo pasa det ez dakit ze leinutako gizasemeak biluzik paseatzen ikusiz Gangeserako bidean, sano-sano. Baita parrez lehertu ere beste baten sinismen partikularrarekin:

Gizonak errepideak energiaz gainezka daudela sinisten du, eta alderik alde dabil, orain alde batean, orain bestean belauniko jarriz, eta errepide bazterrari muxu emanez; energia jasotzeko edo.

Euskal-Herrian zennnnnnbat energia jasoko lukeen!! :-)

Hinduisten sinismen eta siniskeria bilduma alde batera utzita, atzera ere txoratu nau haien pakeak, haien patxadak…

Eta halaxe, abiatu naiz bizikleta hartuta, patxada horren antz pixkat izango duen ez dakit zer horren bila bidegorrian behera, Azkoitiraino; eta hortik gora, Elosu aldera.

Eta han zer aurkituko?

Puntua

Akats genetikoren bat daukat, beti topean, edo ia topean ibiltzera eramaten nauena; baina nik ez dakit arrazoia zein dan, azkenaldi honetan indargabe daukat: mantso nabil. Eta mantso zabiltzanean bakarrik hartzen dezu inguratzen zaituen guzti horren kontzientzia:

Ziztu bizian zoazenean, nahikoa izaten dezu zure arnasa eta hanketako mina erregulatzen, eta bihurguneetan ez ateratzen.

Mantso nindoalako, puntu egokia hartuta, Elosun gora, erreparatu nien:

- bidea zeharkatzen zuten kakalardo txikiei, bixi-bixi, errepidearen txirrikitu txikitxoen gainetik saltoka zebiltzanak

- erreparatu nien zuhaitzek pasatzen uzten zuten eguzki-izpii zoragarriei


- erreparatu nion emakume baserritarraren galtzerdi zuri-zuriei, belauneraino altxata zituenak; eta hark esandakoari ere bai:

- Sakau egin beharko diozula, hemendik gora…

Beti galdezka nere buruari, nundik atera ote zuen euskara batuak “sakatu” hitza, eta horra, nere etxetik 14 kilometrora...

- erreparatu nion, inguruko baserrien izen zoragarriei (juten naizen hurrengoan gogoratuko ditut, eta ipiniko ditut hemen)

- Eta erreparatu nion azkenik, nere martxa ez zigortzaile zoragarriari, nere arnas doinu gozoari, eta eguzkiak gogor jotzen bazuen ere, laztan ederra izan zan, soinean sentitu nuen bero ezin goxoagoari.

Elosun

Elosun gora, hiru kotxerekin topo egin nuen. Ia ordubeteko igoeran, hiru kotxe! Eta Elosura irisi nintzenean, han ez zegoen arimarik.

Hasierako argazkia, Elosuko frontoi barrenetik aterata dago. Bertako frexkuran eseri nintzan, eta entzun nituen txoriak, haizea, eta beste ezer ez.

Z O R A G A R R I A

Hinduistek, beren meditazio saio landu hoietan, halako zerbait sentitu behar dute.

Elizaren barruko patio batera ere sartu nintzen, ilunpean zegoen leiho baten argi ederrak liluratuta, eta ezinegon txiki bat ere sentitu nuen, han ez baitzegoen, ez haizearen soinu goxorik, ez txorien konpainiarik. Isiltasun erabatekoa.





Goazen etxera

Etxerako bidean, tomate landare batzuen atzean, han, baserritarra.

- Apaaaaaaa! Aizu, Aizpurutxora bide zuzenen bat bazan hemen inguruan, ala?

Baserritarrak azalpen zehatzak eman zizkidan, eta ekarri zuen kanpora gaztelerak euskaldunoi eskeini digun hitzik kuttunenetakoa:

- Bai, baserri hura ezkerretara utzi, ta handik behera, sekulako aldapa zegok, kontuz ibili hadi. Bi bidegurutze ikusiko dituk, Bietan eskubira hartu. Erreza daukak. Hori bai, lehenengo aldapa PUTI hori jiyo beharko dek!


Lagunak egiten

- Zer esan dit: bietan eskubitara, edo ezkerretara???

Eskubitara esan zidan, baina nik, despistatu kroniko honek, lehenengo bidegurutzean, ezkerretara hartu nuen, eta iritsi nintzen amazoniaren erdian galdua zirudien baserri misteriotsu batera: bi kate-zakur, zaunka, eta beste hirugarren bat, beltza baino beltzagoa, bildurgarri xamarra, suelto.

Elosuko amabirjinari eskerrak: bakarrik sentitzen zan, eta sekulako ilusioa egin zion nere ezusteko agerpenak. Lagundu egin zidan atzera bidegurutzeraino, kilometro bat gora, eta beste kilometro bat behera! (Zumarragaraino lagundu behar zidala uste nuen!)

Bai-txakur-jatorra! Argazki hau ateratzen utzi zidan:



Zibilizazioan berriz

Eta orduerdi beranduago, zibilizazioaren erdigunean nengoen. Korrika eta presaka dutxatu, korrika eta presaka jantzi, erosketak egin supermerkatua itxi baino lehen…

Baina, arratsaldeko geldotasun zoragarriak utzitako arrasto gozagarriarekin.

Bizitza geldoaren gurdira igo behar dedala, ahalik eta laisterren.

_______


Nola itzali bizioak




Nik gogor egiten diet nere umeei, denbora gehiegi egon ez daitezen konektatuta. Berdin zait ordenagailua, psp-a, edo telebista…

Baina ezta gogorregi ere.

Bizioa uzteko modurik onena, nik garbi daukat, bizioaren mendean erabat erortzea baita. Neuk hainbat dependentzia-mota sufritu ditut nere bizitzan zehar, eta denetatik atera naiz, metodo hori erabilita.

____


Tabakoa hiru aldiz utzi eta hiru aldiz erretzen hasi dan lagun batek esaten zidan lehengoan:

- Badakit eta, zer dan erretzeari uztea… Ze gaizki pasatzen dan. Ez dakizu Patxi ze aldapa gora egiten ari zaidan, berriz ere horretan hastea!

- Beti zure buruari kontra egiten zabiltza ordea! – erantzun nion - Gorputzak eskatzen dizunari etengabe uko egiten, eta horrela, zure burua etengabe kastigatzen. Proba ezazu urtebetez behintzat, batere damurik gabe erretzen. Lasai erre. Konbentzituta. Ta urtebete barru berriz ere erabaki zer egin nahi dezun. Baietz gutxi barru sekula baino seguruago, hau esan, lasaitasunaren eta arrakastaren talaiatik:

“Aiba! hau besterik ez al zan?”

____

2010-06-26

Arrolamendin



Hogei urte baino gehiago baziren Arrolamendira juten ez nintzala. Gogoan daukat zeharo atsekabetu nintzela orduan, gasbidea egiteko mendia “zauritu” zutenean. Mendi pista ikaragarri zabal bat, mapa baten arrasto zuzenen arabera egindakoa. Zelai eta zuhaitz magikoz, balio paisajistikoz eta antzekoez ezer jakin nahi izaten ez duen mapa hotz hoietako bat.

Ba, pista horretantxe gora egin nuen atzo, nere bizikletaz (ez dagoela gaitzik, onik ez dakarrenik), eta iritsi nintzen zuzen-zuzen Arrolamendiraino.

Bertan, mohikano pare bat (azken euskal elebakar pare bat). Bi baserritar, senar-emazteak, Legazpiarrak, euskal mohikanoaren esentziaren ardatza dan Lan-Roverra, aldamenean zutela. Bien lau hanken artean, 150 urte bai.

- Atsaldeooooon! – nik –
- Allau zea honaiño! – parrez, eurak –

Orduerditxoa bai egingo genuen hizketan. Pena, haizeak eraman izana gure alkarrizketa, baina gogoan geratu zaizkidan hiru mokadu behintzat bai eskeiniko dizkizuet, minutu pare baten prezioan.

Ardien anaitasun ederra

- Ardi hoiek danak, zuenak al dira?
- Ez ez, batzuk Antzuola aldekoak, besteak Legazpikoak, besteak Urretxukoak… Hor ibiltzen dira, danak alkarrekin. Hori bai, gure motor hotsa aditu orduko, gureak bakarrik arrimatuko dira, badakite eta jana izango dutela.

Paisajearen inportantzia

- Bista ederrak daude hemen e?
- Bai… Ederrak dira bai. Hala ere… Guk lehen ez genien inportantzia ematen e? Orain bai, baina garai batean ez.


Bizikletaz ibiltzen ikasten

- Nahikoa egin dezu, honaino bizikletaz etorrita…
- Bah, etzazula pentsa. Gaurko bizikletak oso arinak dira, ondo preparatutakoak.
- Bai…. Gogoan daukat nik, klaro, orduan inork ez zeukan bizikletarik, ta halako hark ekarri zuen lehenengoa. Orain umetan ikasten da bizikletaz ibiltzen, baina orduan ez! Kosta zitzaion gizarajoari ikastea! Zenbat danbateko hartu zituen! (parrezka)


....


Zumarragako Etxeberri jatetxeari “sagardotegia” deitzen ziotela ere ikasi nuen…

Ta gero, “hodoi hotsa” (sic), entzun zan, burrundara, ta hantxe abiatu nintzan atzera, pistan behera.

Eta hementxe nago ba, orain, zuei hauek danak kontatzen.


______

2010-06-21

Gaur kamera paseatzera atera det...

... Eta argazki hauexek atera ditut.

Argazkiak ateratzen ze ondo pasatzen dedan kontuan hartuta, zer dala ta ateratzen det hain gutxitan? Zeozer pentsatu beharko det...

(gaurko uztaren zati bat zein izan dan jakiteko, igitaiaren gainean egin Klik!)














2010-06-20

Zure zenbakia irabazle suertatu da!



Zorionak Patxitraperoren irakurle! 1.500.000. bisitaria izan zera, eta horregatik, sari bat eskuratu dezu. Frigorifiko barrurako erretrato bikaina! Klikatu opariaren gainean



zure saria ikusteko.


EGUNERAKETA


Lagun batek idatzi dit esateko sari honek bere Yorkshire terrierrak baino ile gehiago daukala, ta nola arrazoia daukanari eman egin behar zaion, beste hau ere prestatu det.






____

2010-06-19

Toros y fútbol

Toros y fútbol.

Bi hitz hoien konbinazioak erreakzio alergikoa eragiten dit. Nik ez dakit zergaitik. Halako bihotzerre bat… Batere osasungarria ez dana.

Baina, aizue, harrituta nagoela. Egunotan guztiz erreakzio desberdina eragiten didatela bi hitz hauek. Bihotza erre baino, poza ekartzen didana. Oraintxe bertan, “toros y fútbol” hitzak esan… Ea berriz… “Toros y fútbol”, “toros y fútbol”…Eta, ikusten? Poza aise-aise datorkit, burmuinaren muineraino, zainetan gora!

Bi albiste hauengatik izango ote da??


Cristian haundia




Bideoa ikusi nuenean, ia lehertu nintzen parrez. Parrez bakarrik ez, Cristian Hernandez haundiarenganako harrotasunez!

“Hay que ser consciente con uno mismo” dio zezenlari ohiak.

Bai hoixe!

Gizona parregarri geratu da hankak airean altxatuz burladeroan gora, baina jakituria haundiz ebatzi du: “hobe zutik eta zezenaren bildurrez, eta ez hilarri baten oinean, bildurrik gabe, baina etzanda.”


Iker eta Sara


Iker Casillas atea zaintzen, Sara Carbonero kazetari eta andregaia atzean duela… Zeinek dio maitasuna eta lana uztarrezinak direla?





Distraitu egiten duela? Bai zera! Burugabekeria! Dio aho batez Espainiak, The Times egunkariaren teoriak boteaz hankaz gora...

Eta bai, jakina, nola ez ba, kasualitatea hutsa izango da... Baina kontua da, Espainiak, Suitzaren kontra, galdu egin duela…

(Ha ha ha ha…)

Ikerrin, Ikerrin, ate onduan nago ni….
Ay Carbón, Ay Carbón, zuri begira naiz egon…


_________

2010-06-15

Urrea balio du



Ikusiko dezue parking zatar hau (ba al da inun parking politik?), eta galdetuko dezue, gaurko mezuaren izenburua ikusita: zerk balio du ba urrea, Patxi?

Honez gero entzungo zenuten albistea: Litio meategi baliotsua aurkitu dute Afganistanen. Ba, orain ez dala denbora asko, antzeko aurkikuntza baten berri eman zidaten neri. Afganistan baino zeozertxo hurbilago dagoen toki batean.

Hementxe, Zumarragan.

Ezagutzen ez nuen gizaseme batekin egin nuen topo, halako batez. Familiaren zain zegoen gizonkote heldu bat, hirurogeitsu urtetakoa; bere kotxearen atean bizkarra jarrita, zutik. Lasai. Neri traba egiten zidan eta, kotxea mugitzeko eskatu nion. Baietz, gizonak.

Esan ere egin nion, modurik goxoenean, doblefilan baino, aukera polita zuela hantxe gertuan aparkatzea. Parkinean. Orduak 20 zentimo.

Arrazoi nuela esan zidan, eta eskertu egin zidan informazioa.

Eta, misterioz betetako begirada batez lagunduta, beste hau ere esan zidan:

- Ba al dakizu, urrea dagoela, hor azpian?
- ¿¿¿? Zer?
- Urrea dagoela hor, parkina egin zan tokian, azpian.
- Bai zera. – erdi-parrea baino parre sendoagoa atera zitzaidan. Atearaldia ez baitzan edonolakoa –
- Hala da ba. Orain jubilatuta nago, baina parking hori egiten ni ibili nintzan. Neronek ikusi nuen. Badakit zertaz ari naizen. Venezuelan ibilitakoa naiz ni urtetan lanean, indusketa ikaragarri batzuetan, eta han ere bazegoen urrea.
- Eta nolatan ez zenuen ba terrenoa erosi? – irriparrez oraindik, baina haren hitzak interesik haundienaz jasoz – Aberastu egingo zinen!
- Ez… Esan egin nion nik enkargatuari, han zer zegoen, baina ez zidan kasorik egin. Aparagailu berezi bat ere behar da, zehatz jakiteko urrea dan, baina nik ondo baino hobeto dakit aparagailu beharrik gabe ere, hor azpian urrea dagoela.

………..

Bai, badakit. Ipuia dirudi, baina horrexegatik hain zuzen, eta benetan gertatutakoa dalako, da istorio hau hain ederra.

Urrea dagoen? Ez dakit. Edonola ere, bere horretan, urrea baino gehiago balio duen zerbait badago guzti honetan:

Gizonaren indiferentzia.

Gizonak badaki eta hor urrea dagoela, baina informazio horrek ez dio logurerik kentzen.

Estatu Batuarren modura, Afganistanen ;-)

____

2010-06-13

Gure burua obsekiatzen




Destinua

Ez berak, eta ez nik, baizik eta destinuak nahi izan du, gaur goizean, Joxe Manuel eta biok alkartzea: biok bizikletan, eta biok aurpegi dudatiz, nora jun ez genekiela.

- Xerbooooooo!
- Katxarroooooo!


Meakara baietz


Joxe Manuelek akats nabarmen bat du burmuinean, baikortasun neurrigabeko bat, eta, halaxe bururatu zaio gizonari, Aizpurutxotik Meakara jutea, portzentaia bildurgarriak dituzten aldapak gutxietsita (Marino Lejarretak bere sasoirik onenean kontuan hartuko lituzkeenak)


Erromantizismoa


Baso oparoak, txoriak kantan, bi euskaldun peto euren bizikleta gainean alkarren aldamenean, Gipuzkoako bihotzean; hauspoa beteta izanik ere, etengabeko berriketan:

- Hi, harf, harf, ikusi al huan harf, harf, Inglaterra Nigeriarren kontra? Jarf jarf.. Ez motel, harf, Aritz Lasan partidua ikusten harf, jardun netuan, harf, bai, nik ere ikusi nian, harf…


Euskal baserria


Batere espero ez genuen toki batean azaldu gera. Garai batean lau familiren aterpe izandako baserri ikusgarri batean.

Han, baserritarra. Lapur traza hartuko ote zigun edo, kezkati aterako zan gizona, baina lasai geratu da gu ezagututakoan: arlote xamarrak bai, xelebreak arloteak bezainbat, baina parte txarreko aleak ez dirudi behintzat.

Eta nola sinpatikoak ere bageran, istorio hau oparitu digu, baserria nungo lurretan zegoen galdetu diogunean:

“Hor behean bada baserri bat, muga etxearen erdi-erditik pasatzen dana. Bertan bizi zan gizonak Azkoitian lo egiten zuen, eta Antzuolan gosaldu. Lana, Zumarragan, eta bazkaldu, Urretxun; ta etxerako bidean, Bergarako zati bat ere zapaltzen zuen.”

ONUn bulegari gisa lan egiteko kurrikulum dotorea. – baserritarrari egin diogun apuntea -

...

Segi ondo! Baita!


Aldapan gooooora, aldapan beeeeehera…


Atzera egin degu, beheeruntz, eta gero, beste bidegurutze batean gora, baina zentzudunak ere bagera, edo tira, bigarren pista honetako aldapak, gure zentzua baino indartsuagoak.

Hanka lurrera.

(isil nezakeen detailetxo umiliagarri hau, gure harrotasunak hainbeste eskatzen du, baina noizean behin apaltasun razio bat ere beharrezkoa da)


-Erromantizismoa II


Egunak eskatzen zuen eta, hor jetsi gera, Txirritaren bertsoak kantatzen – zeinenak bestela!- , aldapa behera goxuan…

Gure errepertorioan sekula hutsik egiten ez duen pieza:

Esan bezala neskatxa horrek, eman zidan albistia
Errespuesta aditu arte larri egon zan tristia
“alde batera pena hartzen det, zu modu hontan uztia,
baina zahartu naiz ez da posible, lan horieta hastia,
borondatea estimatzen det, eskerrikasko gaztia””


Goazemak etxera


Bidegorrian Jubilatuak saihestu, amona umezainak ikaratu, eta pozarren etxera. Frexkagarri bat (Goenkalek euskaldunon lexikoari oparitutako hitz izarra) hartu, eta umore ezin hobean bazkaltzera.

Eta holaxe ba,

Destinuak atzera alkartzen gaituen arte. Edo Asteasuko Joxe Manuelen osaba Juanek esaten duen bezela, destinuaren zain egon gabe, “Gure burua obsekiatzeko gogoa” jartzen zaigun arte.


______

Bizi berri bat hemendik aurrera

Ezin bestela izan:

Bukatu dira patinak. Bukatu da bizikleta. Baita mendira egiten nituen eskapadatxoak ere. Kitto kirola.

Ordenagailua? Apenas eseriko naiz bere aurrean.

Gizendu egingo naiz asko, eta nere kolesterolak egingo du gora eta gora.

Lagunekin egoteari utziko diot.

Erosketak eta “hilalabiziko” ezaugarria duten zereginak bakarrik egingo ditut.

Lanera jun beharko da, ze erremedio, biziraupena dago jokoan. Baina irteera ordua iritsi orduko, fitxatu eta ziztu bizian abiatuko naiz etxera…

Berarengana…



derecha









Nere sofa berria. Nere sofa ZORAGARRIA! Mendean hartu nauena, inork orain arte hartu ez nauen bezela.

Zertan ari naiz hemen???? Banua segundurik galdu gabe bere altzora.


2010-06-12

Zer egin nahi dedan hil baino lehen

Gaur globo haundi bat puztu dute Zumarragan.





Ikuskizun zoragarria izan da. Lehenago ere ikusita neuzkan globoak beste toki batzuetan, baina nere etxe ondoan, inoiz ez, eta erabat desberdina da. Askozaz ere bereziagoa, ederragoa da egunero ikusten dezun paisaiaren baitan.

Iñigo Fernandez Ostolazak idatzi zuen hartaz akordatu naiz. "Zer egin nahiko zenuke hil baino lehen?"

Pereza haundia ematen dit, egia esateko, nere heriotzarekin pentsatzen hasteak, baina horrelako lanik hartu gabe, bai esan dezaket ozen: hil baino lehen globoz ibili nahi nuke.

Horretantxe ari nintzela, momentu hori imajinatzen, hunkituta, poesiaz blai... Nere barne-mintzo maltzurrak, barne-ahots zirikatzaileak, ezin izan du ahoa itxita izan:

"Globoa erorita hiltzen ez zeran bitartean..."

Ezin ukatuko degu, alubita horrek bere umore puntua dauka.

_____

2010-06-11

Ez da iraungiko zarata



Hau da Irimo menditik ikusten dan ikuspegia. Urretxu eta Zumarraga. Nahikoa ondo agertzen da, gutxigorabehera halakoxea da. Baina gauza garrantzitsu bat falta da:

ZARATA

Bai, zarata entzuten da Irimo gainetik. Fabriketako zarata, trafikoaren zarata. Mendian zaude, baina ez zaude bakarrik. Hiri zaratatsua segika datorkizu atzetik.

Zaratarik gabe bizi ziren jun dan mende hasieran, eta zaratarik gabe biziko gera mende honen bukaera aldera. Badirudi eta, energia-iturri berriei esker, aurki ezagutuko ditugun makina eta motoreak, eztanda beharrik gabe, isilak izango direla.

Baina hala izango bada ere, ez dira desagertuko inola ere - lau mende pasata ere ez, ken ezazue burutik -, espezimen zaratatsu jakin batzuk.

Zarata ez baita ondorio hutsa bakarrik. Askoz gehiago, batzuetan, helburua...



“Adi danok! Banator eta!

Bai, badakit, zarata ikaragarria da! Baina neuk sortzen det, nerea da!

Danok neri begira!!!!”



____

2010-06-10

Patxada ederrean




Gure arbasoek bazuten guk ez daukagun zerbait:

P a t x a d a.

Ez zeukaten erlojurik.

Haien tertuliak imajinatzen ditut. Han ez zan eskumuturra altxatu eta, erlojuari begiratuta, “baniak, berandu nebilek!” esaten zuenik.

Nahikoa mugatuta ere egongo ziren entretenimentuen aldetik, eta, irudipena daukat, halabeharrez, orain baino gehiago egingo zutela amets, eta irudimena ere astinduko zutela gogotik…

Eta orain baino nahasiago ibiliko zirela; orain ez bezela, zaharrak eta gazteak alkarrekin.

Atzo gozatu ederra hartu nuen: hamarkada batzuk atzera egin genuela iruditu baitzitzaidan momentu batez.

Bost lagun alkartu ginen. Batek 70 urte inguru bai. Bestea, nere adineko burusoiltxoa. Haren aldamenean, Jeremias, ikatza baino beltzagoko Ginear gaztea, gurera etorri berria. Eta kuku bat eginez, azkena, herriko gazte bat, momentuak eskatzen zuen bezela, bertsolaria.

Bostok ingelesez. (Shakespearek burua altxatu balu… )

Belarretan jardun berritan bezela aritu ginen. Gerizondo baten itzalean egon gabe, gerizondo baten itzalean, kontu-kontari. Mutiko beltzari gauzarik xelebreenak erakusten, hala nola, Athletiken himno zaharra… “Athleti-athleti Clú, de linda tradición…” edo poetry izanik ere, poetry ez dan gure bertsolaritza.

Holako fundamentuarekin, ingelesez ere saiatu ginela!

“we are here five people,
and we aren’t fool at all,
we are talking all the time,
and not playing football…
….

Eseri neska, eseri motel, gurekin lasai. Jarraitu bertsoa.


___________

2010-06-09

Ezin apartatu begiak...




Sorgingarri jaio ginen eta... Zer egingo diogu ba.

Arantxak ni ikusi orduko, ezin du besterik egin.

1. Irudiaren gainean egin klik
2. Dantzan ibili xagua, Arantxaren gainean lehendabizi, karratuaren kanpokaldetik ondoren.
3. Aukeratu hizkuntza: Basque
4. Txertatu "enter text" karratuan honako hau (eta ez beste ezer, horrekin bakarrik dabil eta):

"Ezin apartatu begiak Patxitrapero liluragarriarengandik"

5. Effect karratuan, "Echo" aukera egin.

....


____

Management



Joseba Etxeberriaren aitak bere semearekin nola, neuk ere nere gain hartuko ditut nere txikiaren ibilera artistikoaren hainbat ardura, hala nola, lehenengo kontratuak, disketxeekin harremanak, aldizkari, irrati eta telebistekin esklusibak, platino diskek eragindako irabazien kudeaketa... Badakizue zertaz ari naizen, artista bati hain endredugarriak zaizkion arlo zabar guzti hoiek.

(Bost urte barru jubilatuta -asko jota-).

Momentuz, hemen daukazue, zuen gozamenerako, eta gogoan ondo gorde dezazuen, proiekzio ikaragarriko musikari nabarmen honek jendaurrean emandako lehen agerpena (agerpen historikoa).

UUUUuuuu! UUUUuuuu! uuuUUUU! Fiuuuuuuu!!





____

2010-06-08

Txirrindularitzak badu etorkizunik

Aurrekoan familiarekin izan nuen bazkaria, Aztiriako erretegian, Gabirian.

Oso toki gomendagarria da. Ez bakarrik jaten ondo ematen dutelako, begia hainbat bitxikerirekin goxatzen zaizulako baizik: bertako dekorazioak ez dauka preziorik.

Perletako bat, pareta batean aurkitu nuen hau:





Marko Pantani haundiaren koadro bat, porra ipintzeko erabili dutena!

Horra, Marco Pantanik eta beste hainbatek jaso duten ordaina: koadro batean nabarmen eta dizdiratsu agertzetik, porra gainean itsasteko horma-txapa izateraino.

Haren bilakaera tragikoak ofiziokideak pittin bat atzendu balitu sikiera... Baina ez ba. Badirudi txirrindularitzak ez duela etorkizunik ditxosozko doping-a dala ta...

Mesfidantza laino bat zabaltzen da txirrindulari bakoitzaren buru gainean...

Baina, hara! Bapatean, argi-izpi bat azaldu da!

Euren osasuna arriskuan jarri gabe, espektakulua ematen segitzeko aldaera zoragarria!

Hamaika ikusteko jaio gerala? Ikusi degu hamabigarrena: Fabian Cancellararen gainean daude jarrita mundu guztiaren begiak, bizikleta "trukatu" duela susmatzen baita! Ikusi bideoa.

Txirrindularitzaren etorkizuna horixe da beraz? Bizikleta-koadro fotoboltaikoak... Litio-pilez elikatzen diren motor ezkutuak.. AUPA!

Bueltatu egin dira, Pierre Nodoyuna eta Patan haundiaren garaiak!



Zoro hoiek euren katxarroen gainean! Bai jauna! Irabaz dezala maltzurrenak!


______

Banator... Banago... Banoa...

2010-06-04

Kkinzona irratian



Jun dan ostiralean kkinzona irratian izan nintzen. Aitorrek eta Gorkak, manoimano, mingaina dantzarazi zidaten. Guardia zibilak seguro galdera gutxiago egiten duela; eta neu ere, nola batere hiztuna ez naizen, ba luzatu egin ginen asko.

Irratsaioak halamoduzko muga jarrita duelako, bestela oraindik han ginen. Gustora arrayua.

Ene zenbat gauza bota nuen! Gehienak, ezagutzen nituenak, makina bat aldiz martxikatutakoak; eta gutxi batzuk aldiz, ezustean, auskalo nundik sortu zirenak, zeharo harritu nindutenak. Ez nekien eta nere baitan neuzkanik! Baina hantxe atera ziren!

Bi fazineroso hauek herriko norbait eseri eta interrogatorio latz bat egiteko langintza garrantzitsua dute ostiralero. Eta benetan diotsuet, esperientziak bermatutako hitzak hauek: elkarrizketatuek eurek nahi baino gehiago hitzegiten dute.

Arratsaldeko zortzietan. Abisatuta zaudete.





____