2010-07-29

Harrapatzen bazaitu...

Zezenketak debekatu behar diren? Nola baimendu diren inoiz, hori litzateke egin beharreko galdera. Zergaitik gizakion inor sufriarazteko grina hori. Nola izan leiken plazer hartzea inoren sufrimentuarekin…

Aurrekoan Azpeitian izan nintzen, errekortariak ikusten. Hor bai, gizakia eta animalia, biak berdin, edo, izatekotan, gizakia animaliaren azpian, nekez irtengo da ta zezena zezenplazatik gizakia baino okerrago.

Ia urtero harrapatzen dute errekortariren bat. Azpeitian ere harrapatu zuen iaz txapeldun izan zana. Hura ohorearen bila eta, zezenak ez du ohorerik irabaziko horregatik.

Ni liluratuta geratzen naiz beti neretzako izugarri ederra dan espektakulu honekin, eta etxera itzulitakoan, doble gozatzen det nere argazki makinak ateratakoak ikusiz.

Zeuek ere halakoekin gozatzekotan, zezenaren gainean egin klik.




(argazkiak banan bana ikusi nahi izanez gero, lehenengoaren gainean klik egin, eta ondoren teklatuaren geziekin aurrera eta atzera ibili)

____

Keixetako egiyan, ispiritu bat dantzan

Aurrera darrai nere udako bizimodu txirrindulari-nekazal-turistak… Edo aurrera zerraien behintzat, atzo arte.

Polpol iturriraino jutea sartu zitzaidan buruan.

San Antoniotan,
Polpolera bidean
laino artean, bi amoradu
maldan gora...


Beti bezela, GPSrik gabe, Polpol iturria nun zegoen arrastorik gabe, duela 30 urteko informazio eskasa (oso eskasa) baino ez neukan.

Gorlan, bikote bat. Senar-emazteak. Informazio turistikoa emateko prest.

- Ez ez, hortik bidia bukau eitxen da, baserri baten. Polpol iturrira joateko, bide hortatik gora hartubiozu.

Ze paisaia ote dago bidia bukatzen dan baserri hortan? Nola geratuko nintzan ba ezagutu gabe….





Eta ondoren bai. Jakin-mina aseta, Polpol aldera goazen.

Harritzekoa neregan: galdu egin nintzen. Baina artistek eta zientzilariek diote, akatsei esker sortzen direla artelanik-asmakizunik bikainenak, eta holaxe iritsi nintzen bada…

… Hona:





Keixetako egiya

Trikuharria.

Ez dakit zuetako askori berdina pasako zaizuen, baina neri behintzat oiloipurdia jartzen zait dolmen baten parean jartzen naizen bakoitzean. Harri haiek guztiak hor diraute, milaka urteren ondoren, eta ni nagoen tokian, orduan ere baziren ni bezelako bi hankako euskaldunak…

Nolakoak ote ziren?

Etxera bueltatzea erabaki nuen, bidean gehiago galdu eta gehiegi nekatu baino lehen, baina burutazio hau gogoan nerabilela:

- Eta, nundik kristo ekarriko zuten harrizar hau? Nola moldatuko ziren? Hau ez baita metxero-harri bat. Gutxienez… Berrogei lagun beharko zituzten, baina hala ere, ze teknika erabiliko zuten? garai hartan gurpilik ez baitzuten ezagutzen….

Eta nere burutazioaren bigarren zatia etorri zan, lehenengoa baino arlote eta zirikatzaileagoa:

- Eta… Ze nolako kabroia izango zan dolmenaren azpian lurperatu zutena? Ze nolako kabroia izan behar zuen! Berpiztuko ote zan bildurrez tamainako harrizarra gainean jartzeko!

Parrezka nindoan, nere burutazioarekin…

Desgrazia gertatu zanean:

Tutankamonen maldizioa nola, harrizar horren azpian bizi dan ispiritu txerren horri ez zion graziarik egin nunbait nere ateraldiak, eta, manifestatu egin zan, parre egilearen aurka.

Pista zabal bat. Harririk gabea. Laua. Inolako zailtasunik gabea… Lur harrotu zati bat baino ez bapatean: irrist egin dit aurreko gurpilak, eta erori naiz aurrerantz. Mailatu det belauna, beste belauna, besoa, eskua, eta garraintzitsuena, saihets bat… Edo bi.

Bi minutuz lurrean, sorginkeriazko paraje mitologiko hartan, arnasa neregana ekarri nahiean.

Ez det ezer puskatu. Espidifena botika zoragarria da. Eta Aspitopic kremak ere bere lan ederra egiten du. Onik nago.

Eta bueltatuko naiz, Keixetako Egiyara, nola ez ba….

Dolmenaren gainean, ispiritu kabroi horren gainean, nere 92 kiloak ipintzera! Nere arbasoek ez baitzuten beren lana beharbezela bukatu. Pittin bat astunagoa behar zuen harri horrek, alajaina!

___________

2010-07-27

Zer izan zan lehenago?

Orain esango nuke neurri berean erakartzen nautela ilehoriek eta morenek, baina txikitan, ilehoriekin neukan fijazioa ikaragarria zan.

Atzo erakutsi nizuen zaldiari begira-begira…





eta Juan Luisen oiloen istorioak emandako bultzadatxoarekin … Galdera zahar hori berritu zait: zer izan zan lehenago, oiloa, ala arraultza?

Zer dala ta gustatzen zaizkit hainbeste zaldiak? Zaldiak hainbeste gustatzen zitzaizkidalako gustatzen hasi zitzaizkidan ilehoriak, ala ilehoriak hainbeste gustatzen zitzaizkidalako gustatzen hasi zitzaizkidan zaldiak?

Barka bekidate konparazioa munduko ilehoriek, lau hankako zein bi hankakoek...


;-)



















______

2010-07-25

Nabigatu, eta bizi

Atzo, larunbata, goizeko seiak aldera, iratzargailu-irratia piztu zan halako batez, eta uhin gozo batzuen baitan, hitz multzo honek bidaiatu zuen nere belarrietaraino:

- Ba al da gauza zentzugabeagorik, portuan lotuta dagoen itsasontzia baino...? Nabigatu, eta BIZI!

Seinale bat zala interpretatu nuen, eta lasai-lasai gosaldu ondoren, nere Rozinante zuriaren gainean jarrita, nabigatzera abiatu nintzen.

356 metrotik, 0 metroraino. Zumarraga-Zumaia. Goizeko frexkuran gustora, eta mantso. Zazpiak laurden gutxitan irtenda, zortzietan Zumaian nintzen.

Goizeko zortzietan, Zumaiako herriko hondartzan, eguzki izpi batzuk, eta ni, beste inor ez.





Buruan, asmo bat: nere abizen berbera duen auzoa, Iraeta, bisitatzea, nere bizian lehenbiziko aldiz. Hamaika aldiz pasea nintzan ondotik, baina sekula santan bertan sartu ez. Nola leike?


Bai polita, Iraeta auzoa…




(oharra: bi kable fototxopeatu ditut. Argazkizaleok eta gure betiereko etsaitasuna kableekin)

Eta ez paisaia honengatik bakarrik. Beste altxor haundi batzuk ere atzeman dituzte nere begi betigoseek:





Meta ahaztu bat. Plastikozko bolen aurrekaria. Pasatako denboren lekuko ederra nere begietara.

Eta bizi-bizi dirauten beste garai bateko aztarnatxoak: oraingo adosatuek ez bezela, garai bateko adosatuek...





bakoitzak bere izena zuen! Eta bai izen polit eta bixiak aukeratu zituztenak, euren etxeetarako, Iraetako herritarrek…

(irudiaren gainean egin klik ikusteko)





Gauza gehiago arrantzatzeko gogoa ere banuen, baina etxetik urruti xamar nintzen, eta gainera, beste asmo bat ere banuen. Azpeititik lau kilometro gorago dagoen Oinatz auzoa ezagutzea.

Halaxe abiatu nintzen bertarantz, eta baita bertara iritsi ere.




Harriak Oinatzen, zutik, eta etzanda ere bai...





Eta kotxeak eguraldi txarretik babesteko eraikuntza harrigarriak ere bai. Sekula halakorik ikusi gabe.




....

Nere etxearen eta Oinatz auzoaren artean, enbarazu txiki bat: Samiño mendia.





Kalanbreren bat edo beste hanketan, iritsi nintzen Pagotxetako leporaino, eta hantxe, zaldi bat geldi, parrezka. Edo hala iruditu zitzaidan behintzat neri. Halako zerbait bere kolkorako esanez:

“hemen zetorrek beste asteburuko zikloturista bat, leher eginda. Beste masokista txoro bat. Laugarrena gaur, ta goizeko hamaikak besterik ez dira”.

Holako gogoeta jakintsuaren jabea, hemen:





Pagotxetatik behera, dana aldapa behera da. Dutxa, bi litro Aquarius, sofa, ohea, sofa, ohea…

Ea datorren larunbaterako bixkortzen naizen. Nabigatzea gauza ederra da, baina ibilbidearen arabera, nekagarri xamarra ere izan leike.


_____

2010-07-11

Argazki bat behintzat atera diot

Munduan izan diren artistak, beren artea edozein dala ere, edozein huskeria erabiltzen ariko ziren gogoan… Bapatean zerbaitek liluratu zituen arte.

Gero lanean jarriko ziren, eta burutuko zituzten ikusitako hark sentiarazitako obra eder hoiek.

Nik gogokoen dedana, auskalo zergaitik, Dalik egindako hauxe:





Leihoan jarrita dagoen neska honi begira imajinazen det Dali, bere baitatik kanpora, gero koadroan marraztu beharreko xehetasun guztiak jasotzen.

Neuk, nere burua artistatzat ez daukan honek, lilura momentu bat izan det gaur arratsaldean, Zarautzen.

Aurrean neukan arren, ez naiz bere presentziaz ohartu bapatean ikusi dedan arte. Bere ile luze zoragarria bankuan pausatuta; esku batez, leun-leun, motots zati bat hartu, eta honekin jolasten…

Argazki bat behintzat atera diot.

Hauxe…

Politika eta futbola

Bereiz litezke futbola eta politika, nahi izanez gero. Baina bereizezinak dira futbola eta politika nahastuz gero sortzen diren ondorioak.

Eta neretzako, ondoriorik txarrena, futbol mundial honen ondoren, ez da izango espainiarzaletasuna zabaltzea, baizik eta espainiartasunaren botaren zabalera eta pisua haunditzea. Lehen aukera txikiren bat bagenuen euskaldun gisa munduan zehar ibiltzeko, gure selekzioa izateko, erruki hemendik aurrera.

Poz liteke bat bere burua euskaldun batenean ikusita, munduko txapeldun. Baina onartu egin beharko du, horrek daukan prezioa. Uko egitea zor zaion eskubide bati: nahi duen elastikoarekin mundial batean parte hartzeko eskubideari.

Ni ez naiz inor Espainiar selekzioan parte hartu nahi duen euskaldun bati kargu hartzeko, berak aukeratzen baititu bere lehentasunak; eta seguruasko kirola baino, irabaztea, lehenengo izatea, bigarren mailako kontua dalako neretzako, ematen dit amorru pixkat “axaleko” beste kontu horrek: zapaldutako identitatearenak.


(irudian, Manolo, Paul olagarroaren espainiar aldaera, euskal muskuilua jaten. - ez zaio bidentzia ahalmenik ezagutzen - )






2010-07-10

Eguneko argazkia

Despistaturen batek oraindik deskubritu gabe izango du beharbada, baina gehien-gehienok bai ezagutzen dezue lepoluzearen gainean dagoen botoitxoa: "eguneko argazkia"

Bertan, bereziki gustatzen zaizkidan argazkiak ipintzen ditut. Lan erreza dirudien arren, ez dakizue ze esijentea naizen gogoko ditudan argazkiak aukeratzeko garaian, gehienetan zenbat luzatzen naizen.

Gure aukerek ere definitu egiten gaituzte. Nere aukeraketak definitu egiten nau, eta argazki hauei begira ere, halamoduzko irudipen bat osa dezakezue neri buruz. Zer dan neretzako eder, zer pizgarri, zerk hunkitzen nauen.

Gaur altxor haundi honekin topo egin det. Will Pearson argazkilariaren "The rain project". Ezin gauza xumeagoa, eta aldi berean, neretzako behintzat, ezin ederragoa.





Eta askoz haundiago eta harrigarriago, hau ere eder-ederra, 360 ikuspegiak.





Honexek bete nau gaur. Basamortu batera salto egin, Full Screen sakatu, eta hantxe ni, bakar-bakarrik, pake-pakean...


____

2010-07-09

Alabarekin etxera bueltan

Zergaitik ez zaidan gustatzen udara

Banentorren gaur kalean behera etxeruntz medikuarenetik, bufaka. Alaba aldamenean.

(Egunak etorri, egunak jun, egitekoak dozenaka, beti zeozer egiteko, beti erlojuari begira.

Neuronak arrastaka, lo egon nahi zutenean iratzargailuak esnatu dituelako, goizeko zazpi t’erdietan.)

Esan diot patxada ederrean zetorren nere alabari, etsipenak jota:

- Ez zait udara gustatzen.

Eta orduantxe, esaldia bukatu orduko, norbait kantuan somatu det gure ezkerrera. Eta gaineratu det:

- Begira, hemen datorren honi bai gustatzen zaio udara.

Zein izango eta… Jeremias! Gurera etorri berria dan Ginearra. Musika entzuten kaskoak jantzita, kantuan gizona.

- Hellow Yeremias!

Ez nau ezagutu. - Zein da sudurraundi hau? – hori etorriko zitzaion burura.

Gure azken elkarrizketa gogorarazi diodanean, orduantxe marraztu zaio irriparre zabal bat belarritik belarrira, eta segituan bota diot, merezi zuen lorea: hau da, zein zan ez genekiela, udara disfrutatzen badakien norbait somatu degula gure aldamenean.

Parre egin du, eta azkarra gizona bera, diagnostiko zehatza bota dit, nere burutazioak azaldu dizkiodanean, zergaitik ez zaidan gustatzen neri udara:

umeak dantzan dabiltzalako beti nere inguruan, mariburduntziak nola.

Gizonari eskua eman irribarretsu, adio esan, eta aurrera.


Pastila berri batzuren beharra


Atarira sartzen ari ginela, hantxe ezagun bat, nerekin antzekotasun bat baduena. Nik umeak dantzan nere inguruan, eta berak ere bai. Alaba ze ederra dagoen ikusita, esan egin dio, ossso, ossso ederra dagoela. "Zenbat urte dauzkazu? Bai neska maja zaudela"

Eta orduan atera zait, asteko ateraldi xelebrea:

- Bai, ossso maja da bai. Pozik bizi da gainera. Zera bakarrik, - farmaziatik gentozen eta, horregatik etorri zait beharbada – Ez dituztela asmatu oraindik fundamentu pixkat izateko pastilak, bestela erosiko nizkiokeelako bi kaja.

Emakumeari ez dio aparteko graziarik egin, baina neri bai, eta alabari ere bai. Eta orduan ez det pentsatu, baina pentsatzen det orain, merkatura ateratzen direnean neretzako ere erosiko ditudala, beste bi kaja.

____


Fundamentufaltaduna, hemen:





P.d.: krisialdiak gorabehera, udara gustatzen zait, gustatuko ez zait ba.

__________

2010-07-08

Konparazion konparando

Tabakoa ze kaltegarria dan danok ezagutzen degu. Osasun agintaritzak hartutako neurri guztiak, balekoak, eta tabakoaren legeak ezarritako zigorrak, neurtuak eta aproposak.

Alkoholarena… Beste gauza bat da. Danok dakigu alkoholak ez duela dependentziarik sortzen, ez duela osasunean eragin zuzenik, eta garrantzitsuena eta begibistakoena, gehiegizko kontsumoak ez duela, tabakoak ohi bezela, edalea komara, edo heriotzera egun bakar batean eramaten.

Euskadi directo saioan, atzo arratsaldez.

Iruña es una fiesta!



___

La roja

Ez, ez naiz horretaz ari, Urretxun aurrekoan zintzilik ikusi nuen beste pankarta “gorri” honetaz baizik.



Gazte komunistak? Halakorik geratzen al da ba? Pentsatu nuen ikusi nuenean…

Eta etxera bildu orduko, Wikipediari galdetu nionean - gazte komunistei zor diedan errespetu guztiarekin – honek eman zidan erantzunarekin nahikoa parre egin nuen.

“2006an IV kongresua egin zen EPKrekiko lotura aztertzeko. Horren ondorioz zati bat bereizi zen, baina beste bat EPKrekin jarraitzea erabaki zuen. Hori dela eta EPKrekin jarraitu zutenak ez zuten IV. kongresu hori onartu. Banandutako taldeak Gazte Komunisten Batasuna (GKB/Unión de Juventudes Comunistas-Euskal Herria) sortu zuen. Banaketa horren ondorioz eztabaida gogorrak sortu ziren, talde bakoitzak ez duelako bestea onartzen.”

Monty Python haundiak gogoan.



____