2010-09-30

Ametsetako Bilbo

Gutxi, oso gutxi lo eginda jun nintzen Bilbora. Laino moduko batek estali zuen nere ikuspegia ezinbestez, egun guziz. Eta, horrexek hain zuzen lagundu zidan ulertzen zergaitik zaidan hain erakargarri Bilbo.

Ametsetakoa bezelakoa dalako.

Oso gogoko det amets egitea, nahiz eta, uste det, nere jan-ohiturak garai batekoak baino askozaz ere ordenatuagoak eta sanoagoak direlako, apenas amets egiten dedan orain (tripa beteta oheratzen nintzenean, nere lo saioak zinemaskope hutsa ziran).

Amesgaiztoak ere gogoko ditut, pentsa.

Hain errealak diruditen beste bizipen eta sentsazio hoiek. Benetakoak baino indar haundiagoz itsasten zaizkizunak batzuk…

Esnatu eta… Aiba! Amets bat zan. Lasaitu, eta liluratu, gure buruak bere kasa ibiltzea erabakitzen duenean sortzen dan mundu bitxi eta harrigarri horretaz.

Ametsetan, dana nahasten da. Berria zaharrarekin. Txikia haundiarekin, eta batere logikarik gabeko gauzak guztiz logikoak direnekin.

Bilbon bezela-bezela.






_______


Belostikale kalera eraman ninduten azkenean, patchwork denda batera. Aldamenean zituen, orain gogoan ditudala… Bideoteka ez zirudien bideoteka bat, piercing-ak egiten dituzten denda bat, txakurrentzako boutique bat, betiko ultramarinos xaharra, hipika denda bat…

Eta hori dana, lehen begiratu batean. Nahasketa xelebreagorik, kostata.

....

Eta momentu erromantiko bat ere jaso nuen. Erromantizismorako ez baita derrigorrezkoa Donostiarena bezelako inguru glamourosoa.





(Hurrengoan, ondo lo eginda jungo naiz. Aber zer aurkitzen dedan)

(Iberdrola dorrea oso urrutitik ikusi nuen oraingoan. Hori ere, beste baterako gaia)

____







2010-09-24

Faraoiaren sindromea

Bihar Bilbora naramate, oraindik ez dakit oso ondo nora eta zertara. Atzo, proposamena egin zidatenean, baiezkoa eman nuen, automatikoki, piloto automatikoarekin; siestatik irten berritan ez bainaiz nere burua nabigatzeko gauza.

Ea nun lur hartzen dedan.

Bilbo hitza aipatu orduko, ordea, orain, bai nabigatu det toki jakin batera: aspaldi Iñigo Fernandez Ostolazari entzun nion sindrome baten hondarretara.

Jaso egin bainuen bere garaian, euskadi irratiko Mezularian, oraintxe akordatu naiz hor neukala, eta orain topatu det erakusteko aukera:

Bihar Iberdrola dorrea ikusiko baitet. Erdi bukatzear, edo bukatuta (?).


______


Lehenengoz berarekin topo egin nuenean, ikara sentitu nuen. Amorragarria iruditu zitzaidan. Zatarra, eta oso lekuz kanpokoa.

Bigarren aldi batean, ez zitzaidan hain ikaragarria iruditu…

Eta ea ba, bihar ze irudipen geratzen zaidan “erraldoi” hori ikusten dedanean. Deskuidatu ezkero, gustatu igual...

Honekin zer gertatuko dan, ezin esan. Baina bai da egia, badirela obra batzuk, eraikin batzuk, zeharo, baina zeharo aldrebesak direnak. Tokian tokiko eta garaian garaiko Alkate jaunaren hilezkortasun puxka baten peskiza hutsa jatorri dutenak.

"Faraoiaren sindromea". Iñigok halaxe izendatu, eta Javier Puldainek hain ondo deskribatu zuen erara.


Mapa bat egin beharko litzateke, Euskal-herriko Faraioaren sindromearen ondorioz sortutako txandrioekin…

Iberdrola dorrea ote da hoietako bat? Ez dakit ba. Besterik ba ote da Bilbon bertan? Hori ere ezin esan…

Baina ez ukatu neri, Azkuna jaunari, ez zaiola fenomeno geratzen trajea.



____

2010-09-23

Juan Kruz, etor bedi zure erreinua

Beste norbait ere ikusi nuen atzo Carrefourren…

____


Orain hurrengo, Etxeberri jatetxean topo egin nuen berarekin. Gela haundi bateko sakoneko mahai batean zegoen eserita, “lehendakari” postuan. Ezker-eskubi, mahai luze baten inguruan zituen, bera baino hogei urte zaharragoak ziren apaiz-apaiz jeneroko hamar bat lagun.

Badakizue horrelakoetan zertan entretenitzen dan bat. Parean duen lubinari begira, begi bat; aldameneko mahaiko ingurugiroari arreta guztia eskeiniz bestea.

Ba, Juan Kruz Mendizabali begira…





Hauxe pentsatu nuen:

- Ez al da askoz gehiago luzatuko bazkalondoa. Paretako paper estanpatuarekin bat egingo dute gizarajo hoiek bestela!

Juan Kruz sekulako erretolika ari zitzaien ematen bere bazkalkideei. San Pankrazio bere aldarean baino geldiago eta mutuago zeuden bazkalkideak.

Bitakoren bat - gogoratzen naiz pentsatu nuela - edo disimulatzen ari dira, eta shok bat izateko zorian daude agure hoiek, momentu batetik bestera, edo beraien arreta aurpegia benetakoa da, eta sekulako interesa du esaten ari zaienak…

Ba, aurrekoan, euskadi irratiko Faktorian Manu Etxezortuk eta Jone Larrañagak egin zioten elkarrizketa bikaina entzun ondoren, nere zalantzaren laino hura, alderik alde despejatu zan.

Bai gizon interesantea!

Izango ez da ba, interesantea:

Munillaren aldamenean aritu behar du ta, alajaina, honen izendapenaren kontrako agiria sinatu zuenean! (bildurrrraaaaaaaa....)

- Eta independentista da (Juan Kruz Mendizabal, etor bedi zure erreinua).
- Eta emakumeen apaizgoaren, eta apaizen arteko ezkontzaren aldekoa...
- Eta homosexualen topaketa batean meza emandakoa…
- Eta guzti hori gutxi balitz, kitarra, akordeoi, eta panderojolea.


Nun topo egin nuen berarekin?


Ba ez, ez. Ez zan emakumezkoen lentzeria atalean izan (eliza katolikoak nahikoa eskandalu ez balu bezela, azkenaldi honetan!) Informatika atalean zegoen…

Eta holaxe esan nion, ilusioz beteta, alkar agurtu ondoren, okasioa parean jarri zitzaidanean:

- Juan Kruz! Aurrekoan entzun ziñuztan irratian. Ta ez dakizu ondo nola gustatu zitzatan bota zenuen bat!

- A bai? Ez da izango! Zer izan ote zan?

Ez nintzen gogoratzen, harritzekoa.

- Itxoin pittin bat e, seguru gogoratzen naizela...

Eta gogoratu nintzen bai, nola ez ba:

- Bai, uste det, hitzez hitz hauxe esan zenuela:


"Ideia finkoak dituztenei bildurra diet. Ideiak sekula ez dira finkoak. Pertsonak aldakorrak gera…"


_________

2010-09-22

Marianico, eta Vicky

Gaur arratsaldean, bikote zoragarri batekin egin det topo Carrefourren.

Gizona “Marianico el corto”ren lehengusu propioa zan. Emakumea berriz, azken moda katalogotik eroritako modelo hegoamerikarrra. Venezuelan, edo Colombian, “miss elegancia” izendatu berria. Ez zan ederra bakarrik, bazeukan begietan halako zer bat, sorgingarria. Tentatuta egon naiz esateko:

“Ya quisiera Julia Roberts parecersete un poco”

Baina zein naiz ni, Marianico eta Vickyren artean, inolako interferentziarik sortzeko?

Neskak Red Bull bat hartu du, gizonari zuzenduz; galdezka edo…

- Noooooooo, ni se te ocurra! Deja eso, que es malo!

Neskak irriparre zoragarri bat utzi du erortzen, gizonari ulertu ez dedan zerbait xuxurlatzen zion bitartean...

Haien ondotik pasatzen ari bainintzen, “kasualitatez”, grazia egin dit egoerak, eta biei begiratu diet, konplizitatez betetako irriparrez.

- Holaaaaaaaa! - Esan dit Marianicok.

Okotza altxatu det nik, pixkat bakarrik, nik dakidala behintzat ez baitet Marianico ezagutzen.

Eta ondoren, ondorio mamitsu hau atera det:

“Marianicok “hola” esaten dit, ni ezagutu gabe ere, harro dagoelako. Euromilloia tokatu zaion bat sentitzen dalako. Bere aldamenean edozein gizasemek nahiko lukeen aingeru zoragarria duelako… Intereseko harreman huts bat izan arren neska honekin daukana…”

Baina nere lehenengo pentsakizunari, zuhurtziazko batek segitu dio:

Ez daukate zertan bikote izan beharrik ordea. Akaso bizilagunak dira, etxe bateko jabekide-adminsitratzaileak, Carrefourrera liburu notariala erostera etorriak…

Eta bigarren zuhurtziazko honi, pentsakizun “errebelde” batek hartu dio errelebo:

Ba ez jauna. Ze arraio. Bikote dira, bai jauna. Arauzko kanonen antipodetan kokatzen badira ere; eta beren harremana osoa, xamurra, eta sendoa da. Alkar maite dute, eta euren maitasuna betirakoa da.

Eta hiru aukera hauen artean, gogoeta prozesu konprimitu baten ondoren, hirugarrenarekin geratu naiz.

Seguruasko, Marianicorengandik gertuago sentitzen naizelako, edozein miss Colombiaren ondoan hortik zehar ibiltzen diren Brad Pit hoiengandik baino…

Eta ze gero, hiru aukeretan ederrena, eta desiragarriena, bai Marianico, bai Vicky, bai neretzako, hirugarrena dalako.

Nahiz eta, hirurak ez duten zertan kontraesankorrak izan. Izan ere, izan baidaiteke, izan daitekeenez, intereseko harreman huts bat, bai, hala ere alkarri maitasuna sentitu eta zor, bai, eta liburu notarial baten bila ibili jabekideen hurrengo bilerarako.


________________

2010-09-21

Afizio ahaztu bat

Nere etxeak azkenaldi honetan museo turistiko bat dirudi. Nere seme-alabek euren lagunak ekartzen dituzte, multzoka, zientoka. Batzuetan nere etxean ala British musseumean ote nagoen galdetzen diot nere buruari.

Neu sofan etzanda, momia baten gisan, eta eurak pasarela bat osatuz nere aurretik, egongelaren iskinean dagoen ordenagailu txikiaren bidean.

Normalean lagun ezagunak dira, ikastolako gelakoak eta. Baina tarteka, gaur bezela, ale frexkoak etortzen dira, ale ezezagunak. Jakina, haientzako, koba ezezaguna da beren lagunaren etxea, eta helduok, izaki susmagarri-arriskutsu-mehatxugarriak gera.

Ez zaie arrazorik falta.

Joe, zenbat denbora halako espezimen goxuei hortzaka egin gabe! Zeharo ahaztuta neukan, nere afiziyua.

Tinbrea.

Atea zabaldu det...

Begiak bi plater bilakatuta, okotza altxata, kortina zuri bat bezain isilik.

- Kaixooooooo aitaaaa…. – alaba aurrena, espedizioburu -

Alabaren atzetik sartu dira bi neskatxak, goitik erortzean zegoen gillotina-xaflari begira...

Atea itxi det, batere presarik gabe. Batere presarik gabe irten dira nere ahotik hitzak:

- HA HA HA HA… Zuen bizitzaren azken minutuak dira hauek. Zuen azkena ezagutzera zoazte momentu batetik bestera, HA HA HA HA….

- Bam! Atera itxita. (ihesbiderik ez)


Eta, dana ondo kalkulatuta, justu segidan, aingerutxoak ikaratzen hasi baino lehen, doinua aldatu det, eta zuzendu natzaie, erropa denda batean baleude bezela: nolako gonak nahiago dituzue, luzeak ala motxak?

- Ea, nolako heriotza nahiago dezue? Bi aukera dituzue: kilima saio luze baten ondoren, EDO, sapaitik txintxilik buruz-behera. Bigarren aukera leunagoa da, baina aspergarriagoa.

Nere alabaren lagunak mutu daude. Irriparrez begiratzen didate, baina bere buruari galdetzen diote, nerekin aldi berean, horrelako umorearekin ondo pasatzeko beharbezelako prestakuntza ba ote duten.

Alabak erantzun du, haien partez:

- Sapaitik txintxilik hobeto.
- Bale ba – neuk – Zuek geldi hor, banua eskilararen bila.

Sofara zuzendu naiz zuzen-zuzen, jakina, umeen hilketa prestaketak ahaztuta.

Hala ere, hurrengo ordulaurdenean bi aldiz pasa naiz alabaren gela paretik.

- HA HA HA HA HA HA!!! – Frankenstein doktorearen parre sakon-ozen-burrunbatsua) – HA HA HA HA HA HA!

....

Gero Gorka etorri da, semearen laguntxo bat.

- Gorka, gauza garrantzitsu bat esan behar dizut:

Nere bi eskuekin, bere burua erdian jarrita, sandwitx bat egin det, eta bere begietara zuzen-zuzen begiratuz, esan diot:

- Gorka, badakit zer esaten dizuten etxean, zer esaten dizuten eskolan, zer entzuten dezun kalean eta telebistan, baina sinistuiazu, gezurretan ari zaizkizu. Hortzak hiru aldiz garbitu behar dituzula esaten dizute, ezta? Ba, ez da nahikoa, BEDERATZI aldiz garbitu behar dituzu, benetan, galduta zaude bestela.

Gorkak, nere hitz serioak gogoan hartzen ditu lehenengo momentuan, hain ari natzaio serioski hitzegiten, baina nunbait nere begi-ninien sakonean algaratxoren bat antzeman du, eta irriparrez hasi da.

________

2010-09-20

Txukun txukun

Neu zer ote naiz izatez, ordenatua, ala desordenatua?

Nere inguruak baldintzatu nau? ohitura txarrek bizi izan naute? Ala berezkoa det orain arte neregan nagusi izan dan DESORDENA?

Idazteko modua pista bat izan daiteke. Banaiz ideiak modu ordenatuan azaldu zalea…

Hizketa egiteko moduan ere aurki nezake argi zantzu bat. Zerbait kontatu nahi dedanean, saiatu egiten naiz esan behar ditudanak banan-bana eta modu txukunean esaten.

Ordenatua izateko nere ahalegin guztiak ordea, hauts bihurtu dira beti, zergaitik ez dakidala. Desegin egin dira, gorputz hartzera sikiera iritsi baino lehen.


_____


Badira momentu batzuk bizitzan, sentipen jakin batzuk, are irudi batzuk, zeharo aldatzen zaituztenak, modu erabatekoan.

Aurtengo oporretan, Suitzan, bi irudi itsatsi zaizkit burmuinean:

1.-

Zurichen, bazan aberatsentzako supermerkatu bat. Ehun gramoka saltzen zituzten jakiak. Ez zuten jakiak ematen ere, hain zeuden modu zerutiarraz antolatuta eta prestatuta. Koadroak ziruditen. Liluraz bete zitzaizkidan begiak.

2.-

Hamabi egunez Suitzan egon ondoren, Burdeoseko Restop batean, afaltzeko geratu ginen, errekatxo baten ondoan. Zabortegi hutsa zirudien errekatxo baten ondoan. Jarrita egon ginen egurrezko mahaiaren azpian, ehun mila zigarrokin zeuden…


_______



Etorri ginenetik, etxea, paperak eta beste batzuk ordenatzen aritu naiz, obsesio puntu batekin. Nere mahaiganak, adibide esanguratsu bat ipintzearren, ez du ematen Zurich-eko supermerkatu hura, baina arrimatzen zaio.





Ikusteko dago oraindik, hain luze irauten ari dan nere ordenarako joera hau, betirakoa dan ala ez, baina zeharo harrituta nago. Ilusionatuta bezainbat.

Hauts pixkat ikusi orduko atxiska hasteko joera berri honengatik ez balitz.


________

2010-09-14

Fa, el frescor salvaje de los limones del Caribe

Aurreko zapatuan, erdipurdiko thriller bat ikusi nuen telebistan. Diru gutxirekin egindako telebistarako film bat, edo itxura hori zuen behinik-behin. Edonola ere, bazituen bere puntu erakargarriak: maitasun istorio bat, nostalgiarako (bere aita zenarenganako) zubi melankoliko bat; ihes egiteko asmo frexkagarri-askagarri bat (Irlandara jun nahi zuen belauntzi batean bere ordurarteko bizitza atzean utziz)…

Xehetasun honekin geratu nintzen ordea, batipat:

Eszena tipikoa: neska bainatu egiten da biluzik laku bakarti batean… Gustoko duen mutila azaltzen danean.

Irrikaz betetako momentua: uretatik irten behar du. Nola egingo du? Hara… Badijoa kanpora…

Neska ederra, bulartsua… Ai, bai bai, zeozer-zeozer erakutsi du, baina ozta-ozta.

Eta Buñuelekin gogoratu nintzen.

Buñuelek zioen – hala gogoratzen det behintzat – ez zuela maite biluzi erabatekoa. Askoz erakargarriagoa zela biluzia sujeritzea.

(Belle de jour… Horren adibide gorena)





Guk, zaharrok (eztula, berriz eztula), ezagutu genuen transizio kilikagarri- erogarri hori. Batere ez lehenengo. Sujeritua gero (bi erronboak). Biluzi erabatekoa ondoren.

Gure umeek, eta oraingo gazteek berriz? Ez dute holakorik apenas ezagutu. Bai errezago porno kanalak ostiral gauetan, edo filme esplizitu erabatekoak…

Ezin bainaiz haien azalean jarri, ez dakit gurea sanoagoa edo komenigarriagoa izan zan ala ez… Baina ez dakit ba, haiek inoiz sentitu ote duten, guk garai hartan sentitu genuen sukar klase hori.

Seguru bati baino gehiagori oiloipurdia jartzen zaiola, eta bakarren bati begiak lainotu ere bai (parre algara, berriz parre algara)…

Aspaldiko iragarki hau ikusten duenean






______

2010-09-13

Nun dagoen onena

Badira zure bizitzan bapatean azaltzen diren esaldi batzuk, zeharo zure baitara murgilarazten dizutenak.



Aurrekoan izan nuen lehenengo aldiz bere aditzea. Haren atzetik hasi, eta horra, blog bat dauka, eta hara, azaldu egiten du zergaitik ez dituen irakurtzen klasikoak…

Baina nere zentzuak erne ipini dituena, bukaerako esaldi hori da:

lo mejor no es siempre lo que me hace feliz.

"Onena ez da beti zoriontsu egiten nauena."

....


____

2010-09-10

Itsulapikoa

Proposamen polit bat dakarkizuet gaur. Parre pixkat egiteko bide polit bat.

_______


Herenegun Carrefourren izan nintzen, gauzatxo batzuk erosten.

Laberintoan galduta eta argirik gabe sentitu nintzen, ohi bezela. Eta ohi bezela, laguntza eskatu behar izan nuen.

Lehenengo langileari euskeraz zuzendu nintzaion… Eta berak erderaz erantzun zidan (hamarretik zortzitan bezela). Zer egingo zaio ba.

Bigarren zalantza piztu zitzaidanean, neska gazte batengana jo nuen, ordurako nere pilak ehuneko 40an. Zaputzaldi berri bat jasotzeko batere energiarik gabe egia esan.

- Apaaa, estoooo…. Huchas?

Bizi, haren erantzuna:

- Ezzzzz, ezteu saltzen. (sic!)

Tipikoa izaten da euskeraz langile batengana zuzendu, eta hark erderaz erantzutea. Alderantziz berriz, noiz gertatzen da? “Ezteu saltzen” hura zerutik etorritako ur-jauzi frexko baten modura jaso nuen…

Zoragarria...

Nahiz eta, galdera bat ere piztu zitzaidan:

- Ene ene, hain ote naiz etnikoki identifikagarria????


____



Gaur Zumarragan aritu naiz itsulapiko baten bila. Seguru egongo zala banekien toki batean. Soraluze kaleko Sordorenean.

- Bai, bai, badauzkagu.
– Baina giltzaduna? Iriki daitekeena?
– A, ez ez, kaja fuertea bai giltzaduna, baina txulorik gabekoa. Betiko itsulapikoa hobea da, motel – esperientziaren ahotsa, Josebarena - Iriki baldin badaiteke, orduan ez dezu sekula dirua gordetzea lortzen, beti ateratzen ari zera. Onena, betiko buztinezko txerritxoa. Betetakoan puskatzen dana.

Eta berak iradoki dit ba okurrentzia:

...

Zure bikotearekin bizi zera. Etxera etorri danean, zure ekonomiaren osasun kaxkarraz oharterazi diozu.

- Maitane, dirua gorde behar degu, galduta gaude bestela.

Eta handik pixkatera…

- Lasai egon hala ere, bilatu det eta erremedioa. Gelan dago eta, jun zaitez ikustera…

Eta hantxe jun da emakume arduratua gelara, jakinminak bultzatuta. Eta hantxe ikusi du bere gizon saiatuak etxeko ekonomia sosegatzeko ekarri duena...

Txinkl!










____

2010-09-09

Zain zoin bele

Aurrekoan, Euskal-Herriko mendi-auzo tipikoetan aurki dezakezun jeneroaz aritu nintzen, baina pasa egin zitzaidan erabat elementu esanguratsu bat aipatzea:

Belea.

Bele asko ikusi nuen Izarraitz azpian.

Beleak ugari ikusi ditut, betidanik, Euskal-Herriko mendi eta baserri askoren inguruetan.

Pentsatzen jarri naiz orain, beleak hain ugariak izanik, haietaz oso gauza gutxi dakigula, eta, beste alde batetik, beste animalia batzuk oso izen txarra duten bezela, beleez ez daukagula oso irudi petrala...

Beharbada, gurea bezelako herri ultrakatolikoan, urtetan eta urtetan konparazioa egitea errezegia izan dalako…





Eta ez zalako kontua, jakina, izaera beltza duten izaki hoietaz gaizki hitzegitea, ez al zuen beste haietako batek mokodun hoiengatik gaizki esandakoa bere kontra hartuko…

Zorionez, orain apaizgoa askozaz ere ulerkorragoa da.





Baina bereziki, belea ekarri nahi izan det gaur hona, jaso egin nahi nuelako nunbaiten neretzako bereziki ederra dan alegia.

Bertsio asko daude, baina nik hauxe aurkitu det sarean; laburra, eta euskera zoragarrian idatzia:

AZERIA ETA BELEA

1.Belea haragiki
puska bat mokoan,
haren jateko zagon
haitz baten kaskoan.
Azeria ihizin,
han gaindi baitzohan.
Usainka eta beha trikatzen zaio han.

2.Egun on, musde bele,
zer jaun ederra zu!
Zure luma dizdiraz
liluratzen nauzu.
Kantari eder baten
fama ere duzu,
nahi zintuzket entzun,
otoi kanta zazu.

3.Belea lorietan
hasten da kantatzen,
zehe bat duelarik
mokoa zabaltzen.
Bere zitzia zaio
lurrerat erortzen,
azeria hain zuzen
altxatzeko han zen.

4.Azeriak: mil esker,
dio beleari,
ez gaitela, to, fida
lausenkariari,
eta ez ere gure
eder usteari.
Jaki hau daiat hartzen
hitz on horren sari."

____


Han, beste hau ere aurkitu det, aurrekoa bezain euskera ederrean, eta ikasgai batekin hau ere: ondo erreparatu azkeneko bertsoari!:

Gabiraba eta belea (Pepe Artola)

Gabiraba zebillen
goiz batean larri,
txito bat arrapatu
nairik izugarri;
eziñ zuben iñondik
au bereganatu,
eta modu ontara
zan txit ernegatu;
ala, kolpe batez rau
egiñik sarrera,
sartu zan ollo-toki
estu zar batera;
txito batzuek laister
zituben bertan jan,
baña ikusirikan
bere burua an,
asi zain beleari
ojuka, mesedez
libra zezala andik
kupiturik arrez,
iñola ere igas
ezin zezakela,
libratzeko, bestela
an ilko zutela;
beleak esan zion:
“aizak, ¿zergatik len
ibildu aiz bakarrik
mokaruak jaten?
¿oraiñ abiyatzen aiz
laguntzaren billa?
¿len esaten ez ukan
intzala abilla?
oraiñ ere bakarrik
or konpondu ari,
ez diat egin nai nik
mesederik iri”;
ontan etorririkan
bertako mutilla,
eskuetan arturik
zubela makilla,
joan oi zan makurtuta
gabirabaen billa,
eta jorik buruan
utzi zuben illa.



Gabirabaen gisa
gizon asko dira,
litxarreriyan iñoiz
aspertzen ez dira,
eta iritxitzian
estura larrira,
orduan erreguka
abiyatzen dira.

____

2010-09-08

Iturrian zer dago?

Ea ba, nun aurkitzen degun iturri bat Azkoitian…

Hantxe!

Toki ezkutu batean. Eta ez agerian ez dagoelako, bere kokapenak ikusezin bihurtzen duelako baizik. Zelai baten erdin balego, edo muino baten gainean… Baina errotonda (Et! Biribilgune) baten aldamenean dago, eta badakigu gure begiak zertan entretenitzen diren biribilgunetara iristean. Ez tokiko arkitekturari erreparatzen, baizik eta ezkerretik datorkizun bolidoaren abiadurari; edo biribilari berari, ez al dezu tapakubosen bat (Et! Edergarriren bat) errepidean baztarren batean utziko…

Nik iturri bat behar nuen ordea, eta horregatik lur hartu nuen han, Hansel eta Grettelena dirudien etxean.

Konparazio baterako:








Ze ederra, bere txikian.

Ze santu ari ote da hautsa pilatzen hor barrenean?

Turismo bulegoa bertan zegoen. Ermitaren ondoan, aitona-amona prestu pare bat, egun sargori batean zuhaitz baten itzalean egon ohi diren aitona-amona prestu pare hoietako bat.





Haiekin komunikatzeko pasahitz egokia erabili nuen:

- Eeeeeeeep, egunon!

San Antonio omen da, barruko zaindaria. Hori esan zidaten, eta beste kontu batzuk ere bai. Ohi bezela, nere solaskideak ez ziren jakin-minez gelditu: nundik zatoz? nungoa zera? Eta istorio xelebre bat ere kontatu zidaten, etxeruntz nindoala kontatu nienean, Zumarragan Rallya zegoelako.

- Bai, ba, gure semea ere ibili zan, lehengusu bati laguntzen. Hura bolantean, ta gure semea kopiloto, rekorridoa grabatzen. Irten ziren halako batez kurba batean… Adios, ez zitzaien ezer pasa, baina gurea behintzat ez da gehiago ibili holako traste batean.

Azkoitiko San Antonio ermitaren ondoan entzuten direnak, edozein egunetan, iturriko ur trago baten aitzakian...

____

2010-09-07

Madarixa bidean, Olaso

Madarixa (Madariaga, Azkoitia) nuen helburu, baina Katuin auzoan (bai toponimia zoragarria, Azkoitiarrena) Olaso irakurri, ta haraxe abiatu nintzen.

Aldapa haundirik ez dago. Bihurgune asko, bakoitza hurrengora gonbidatzen, eta
Hiru kilometroren ondoren… Postrea:

Alajaina, taberna bat behintzat espero nuen, baina iturri triste bat ere ez nuen aurkitu!

Gorputzaren beharrik behinenak asetzeko materialik ez, baina bai paraje eder bat, Izarraitzko Kakute mendi azpian…




Eta Euskal-Herriko mendi-auzo tipikoenean aurki dezakezun jeneroa, hala nola:

-Baserri bat. Nola ez ba.
- Baserrian katean lotuta dagoen txakurra, ni azaldu arte triste bizi zana, baina neri zaunka eginez nola uxatu ninduen, ba irabazi zuen zentzu pixkat bere bizimodu zakurrak.
- Beste baserri bat. Bertan, eskape librea duen motorra probatzen ari dan gaztea. Jira alde batera, jira bestera, saludatzeko beta behintzat hartu du. Zaratatsua, baina jatorra.
- Honen gaineko baserrian, itzalean, plastikozko aulkian jarrita, familiako moja, zalantzarik gabe misioetatik aurten bisitan etorri berria.
- Aldamenekoan berriz, umeak, pare bat, edo bat behintzat bai, hau ere zaratatsua, piszina tolesgarri zezenplazaformadunean plisti-plasta dabilena.
- Izeba Kontxi, edo Dolores, edo Mari Karmen, aingerutxoa plisti- plasta dabilen bitartean bideokamararekin lurrikara bat simulatzen ari dana, bere eskumuturraren mugimendu bortitzaz.
- Ama Nekane, ni etorri arte hamakan eguzkia hartzen gustora ari zana. Txirrindularitza ez du sekula gustoko izan Nekanek. Are gutxiago baserritar eguzkizaleak molestatzeko mania duten ni bezelako txirrindulari despistatuak.
- Eta artasoro bat, nola ez ba. Mandeuli koadrila bat, (nerekin seko maitemindu dan ale sentibera barne), enara ale batzuk ere bai, mandeuli bila, eta…

Todoterrenoan goruntz datozen bi autoktono. Burua altxatuz agur egin diet, baina James Bonden filme batetik irtenak dirudite. Norbait bota dute itsasora orkatilean porlan bloke bati lotuta, eta, jakina, James Bonden pelikuletako gaiztoek, turista tximeletazale bati, noiztik egiten diote agur? Begiradarekin gurutziltzatu naute, beren ofizioak hala eskatzen die eta.

....

Ikusitakoarekin pozik, Olason behera jo det, lasai-lasai, Azkoiti alderuntz, iturri baten bila…

Eta aurkitu det iturria, nola ez ba, baina datorren mezurarte itxoin beharko dezue, zuen asmoa beronen kanilatik edatea bada.


_____

2010-09-06

High society

Herenegun Callejeros saioaren pusketa bat ikusi nuen: multimiloidunak.

Harri eta zur geratu nintzen. Halako batez gaizki sentitzen hasi nintzen, eta utzi egin nion ikusteari.

Arin xamar ariko naiz, ez dakit, baina nere uste potoloa da, ezingo nintzakeela lasai bizi horrelako dirutzekin.

Nahiz eta, nik ere baditudan nere herriko "High societyn" nere kontaktuak.

Badakizue zer esaten dan, esaidazu zeinekin ibiltzen zeran, eta esango dizut nolakoa zeran...

Ba horra, ni pozarren zeinengana arrimatzen naizen, nere herrian:




____

2010-09-05

Nekea ez da esistitzen, soilik...

Atzo Xabierrek...






Antzerkira eraman ninduen.

Antzezlana ez dakit gogoratuko dedan hemendik urte batzuetara. Bai gogoratuko dedana, inolako zalantzarik gabe, pasadizo txiki hau da:

Antzezlana eskeraz izango zala saldu zuten, eta asmo horrekin hurbildu ginen antzokiko guztiak. Azken momentuan aldiz, letrero hauxe zegoen atean itsatsita:

"Bueno, osea, gazteleraz izango dala azkenean, baina berdin da"

Letreroan ez zuen hau literalki jartzen, noski, baina nik bai atzeman nion esanahi hori. Letreroan, doi-doi, antzezlana gazteleraz izango zala jartzen zuen.

Katxondoa izan zan Xabier takilakoari erreklamazio orriak eskatzen ikustea. Barrutik ia lehertu nintzen parrez. Izan ere, bezeroaren eskubideak talka egiten baitu modu sendoan ilaran zure atzean dauden laurogei lagunen interesekin!

Bai, Xabier ere jabetu zan, eta erretiratu zan, baina ez behintzat ixilik.

Bejondaiala.


Tatami






Gorka Aginagalde eta Naiara Arnedo eszenatokian.

Antzerkiak bere magia propioa du. Haundiagoa, musikaren edo antzezle gehiagoren babesik ez daukazunean. Liluragarria, lana ondo ateratzen danean. Eta ondo atera zan.

Gorkaren papera erreza da, eta maisuki antzezten du (tira, ez dakit maisuki antzezten duen, baina neri ikaragarri gustatzen zait). Naiararena, askoz zailagoa, prozesu bat erakutsi behar baita antzezlanean zehar, eta lortzen du nik uste Naiarak soka gainean erori gabe ibiltzea.

Tira ba, oso ondo egon zala antzezlana. Baina onen-onena neretzako, gidoia izan zan (Alberto Olmosen liburu batean oinarritua)...

Antzezlana berriz ikusiko nuke galdu nituen pasarteak jasotzeko.

Bi esaldi geratu zitzaizkidan bereziki gogoan. Batekin ez naiz gogoratzen, - harritzekoa neregan, holako hutsune garrantzitsuak izatea -. Baina bestearekin bai:

"Nekea ez da esistitzen. Soilik motibazio falta".

____