2010-11-24

Twitterren arrakastaren gakoez

Codesyntaxeko bulegoetan twitter estudiatu eta Umap azaldu zuten aurrekoan, Joxek, Ibanek eta Luistxok.

Bi aldiz ikusi det bideoa, eta irakurri det Ibanen beste hura nik ba al dakit zenbat aldiz, eta Negroponte ere ezagutu det, bai izen xelebrea, eta bihurtu naiz twitter-aztertzaile amateur obsesibo xamarra.

Seguruasko ez daukate fundamentu haundirik esatera nijoanak, baina imajinatu zuzen nabilela momentu batez. Eta Evan Williamsek berak botatzen dituela hemendik urte batzuetara nik gaur esan ditudanak (ez al ditu honez gero esanak, hau estuasuna):







Zer du Twitterrek hain arrakastatsu izateko? Munduan zehar 1.900.000 erabiltzaile dira, eta kontua gorantza doa…

Lehen begiratu batean, ez da errexa ulertzen. Ez det nik esaten, Joxe Aranzabalek baizik (Iban Arantzabalek gauza bera xehe-xehe egiten du): Twitterren dagoen erdia baino gehiago (erdia baino gehiago!), berriketa hutsala, edo spama, edo autopromozioa da.

Beste erdia, elkarrizketak eta lotura interesgarriak. Eta - hau nik esaten det - hoietatik, zenbat zaizkizu interesgarri? Erdiaren osoa ez behintzat.

Fundamentuzko zerbait jasotzeko, zenbat denbora pasa – galdu? – behar da?

Nolatan orduan arrakasta? Ez da errexa ulertzen, baina nunbaiten egon behar du sekretuak...

Pentsatzen pentsatzen jarri nintzen, eta azkenean, hausnarketa luze, trinko baten ondoren, atera nituen. Horra, nere SUPER-ONDORIOAK:

Erabiltzaileek twitterretik jasotzen duten gauzarik garrantzitsuena, ez da inundik ere INFORMAZIOA…

Baizik eta EMOZIOA.

Luistxo Fernandez oker dabil twitter sare soziala baino, hedabidea dala esaten duenean. Hedabidea ere bai, bada, baina batipat sare soziala da. Komunitateko partaide izateko, eta komunitate horretan nor sentitu eta atsegin hartzeko tresna aparta da Twitter erreminta.

Atsegina, zertan?


Nik gako hauek aurkitu ditut, eta ez dira gutxi alajaina.

- Lehenbizikoa: Joxe Aranzabalek aipatu zuen hitz gakoa: “unibertsaltasuna.” Txorakeria dirudi, baina norbaitek 140 karaktere sarean ipintzen dituenean, NOR sentitzen da. Zuk zerbait utzi dezu sarean, munduko edonoren eskura. Sentsazioa, denborarekin apaltzen juten bada ere, - eta gezurra bada ere, izan ere, unibertsoa ez dago zuri begira – ikaragarria da. Beti da atsegina bizirik, eta hor zaudela munduari erakustea.

- Atsegina da, zuk zerbait esan, eta bakarrik ez zaudela egiaztatzea. Blogariok maiz, gero eta maizago daukagun sentsazioa, bakarrik egotearena. – Esaldi motx bati esaldi motx batekin erantzun dakioke, paragrafoen banaketan edo semantikan edo sintaxian neurona asko gastatu gabe. Twitterren erantzunak jasotzea oso gertagarria da.

- Atsegina da, informazioa ez datorkizulako modu hotzean, hedabideetatik bezela; pertsona baten eskutik baizik. Gomendio, lotura edo albiste garrantzitsuak, zure lagun batek eskeintzen dizkizu. Maite Goñiri gustatzen zaiona neri ere gustatzen zait (edo ez, baina ulertu didazue zentzua), eta berari gustatzea ere, informazio baliagarria zait.

- Atsegina da, zuk edozein informazio zabaltzen dezunean ere, asmo on bat erakusten dezulako: eskuzabala zera, eta horrek bete egiten zaitu. Bueltan norbaitek eskerrak ematen dizkizunean, asko gustatu zaiolako, betetasuna biderkatu egiten da. (Igor Leturia, gaztain egosiak, 3 minututan lapiko espresean, bere punttuan, mundialak, estimatzen da).

- Atsegina da, bapatean, batere espero ez dezunean, norbaitek aipatu egiten zaituelako. Hau idatzi dezulako, edo hura gomendatu zenuelako, edo ez dakit ze tokitan ez dakit zer egiten ari zeralako. Baliotsua zera.

- Atsegina da, zure modukoengana hurbiltzen zaituelako, eta harreman hoien beroa sentitzen dezulako. (interneteko azaleko harremenak? Hori beste gai bat da, baina estimu hori, ia ikutu leikena, egon, hor dago.)

- Atsegina da, blog baten edo albistegi baten aldean, bizi-bizia dalako, etengabe berritzen ari dana.

- Atsegina da, etengabe berritzeaz gainera, tarteka-tarteka zuk gogoko dituzunak azaltzen direlako. Zerbaitegatik dituzu gogoko. Batzuk oso-oso gogoko. Plazerra da haienak segitzea.

- Atsegina da, sortzaile bihurtzen zaituelako. Zer esan, nola esan; ahalegin bat, lan bat, fruitu bat.

- Atsegina da, bizitzako loterian, lehenengo izateko aukera eskeintzen dizulako. Zu zeunden han, Hudson ibaian hegazkina erori zanean, edo zuk zabaldu zenuen Perurenaren bideoa, edo zuk erakutsi zenuen hain arrakastatsua izan dan gazta-tarta errezeta hori, amona Rosariok sekretuan zuena… Lehenengo izateak ez zaitu pertsona hobea bihurtzen, baina kalendarioan poz txiki bat da, eta ondo sentiarazten dizu, ze arraio.

- Atsegina da…

Hauek bururatu zaizkit orduerditxo batean, baina seguru gehiago daudela.

Esango nuke, sare sozialen arrakastaren gakoa, hori dala. Twitter informazio trafiko hutsa baino askoz gehiago da. Hedabide izaten bukatuko du, edo ez, baina oinarrian, bere balio garrantzitsuena beste hori da.

Galduko al du indarra twiterrek? Gizakia gizaki deino, ez. Ez bada gauza bera lortzeko beste zerbait sortzen, baina benetan kostako da.

____


Eta hemen nagoenez gero, hain garrantzi haundiko gauzak esaten, bota dezadan, prezio berean, beste irudipen bat, aspalditik gogoan daukadana:

Halako obsesio bat dagoela euskaldunon artean informazioarekin. Hain gutxi emozioekin.

Eta hartu lantxoa: aztertu, zeintzuk izan diren arrakasta lortu duten fenomenoak azken urtetoan, eta emozioek beraietan izan duten garrantzia.


____

2010-11-23

Erakargarri izatearen sekretua

Jun dan hilean Lasarteko hipodromoan izan nintzen lehenengo aldiz.

Ilusioz jun nintzen, beste hura ere gogoan hartuta: zerrendatik kentzera nijoala beste bat: oso gertu eta oso eskura izan arren, ezagutzeko betarik inoiz hartzen ez degun gauzen zerrenda luze horretatik, beste bat.

Ilusioz jun nintzen, eta pittin bat zapuztuta etorri ere bai. Gauza berria zan eta gozatu nuen, baina:

Espektakulu gisa ez da oso erakargarria. Zaldiak oso urrutitik irtetzen dira. Oso urrutian ikusten dituzu, eta iritsi, begira zauden tokitik ere, urruti pasatzen dira, eta oso azkar.

Hain urruti zeuden, nere argazki kamara ere triste ibili zala. Hemen harrapatu zuen itxurazko ale bakarrenetako bat:





Eta harrituta geratu nintzen. Han jende asko zegoelako. Arraioa, zerk erakartzen ditu orduan hipodromora? Espektakuluak ez behintzat…

Halako batez, garbi ikusi nuenean. Jendeak ondo pasatzen du hipodromoan, zergaitik eta, arrazoi xinple bategatik: odola azkartzen zaiolako. Odola hain zuzen, zaldien gisan TROSTAN ipintzen zaiolako.

Apustuak dira zaldi-karrerek duten gauza erakargarria. Zure sos batzuk jartzen dituzu zaldi batean, eta bihotza asko biziagotzen zaizu, hari lagundu nahiean. Zer esanik ez irabazteko zorian dabilenean, eta zer esanik ez irabazten duenean…

Eta deskubritu nuen zein dan jendea erakartzeko behar-beharrezkoa dan gakoa: erakargarri izango zera, baldin eta inori bihotza azkarragotzeko gai bazera.

Hartu orain edozein liburu, edozein egunkari, edozein irratsaio, edozein telebista saio, komunikazioa oinarri eta helburu duen edozein fenomeno, eta kontuak atera. Kalitateak garrantzia du? Birtuteak, jantzitasunak, borobiltasunak... Bai, badu. Baina hutsa, beste ezaugarri honen aldean.

Bizirik sentitu nahi degu. Parre egin, hunkitu, hasarratu, saltoka hasi… Odola trostan, zaldien gisan degula sentitu nahi degu, horrek betetzen gaitu, eta erakargarri izango gera besteentzako, hori lortzeko gauza geran heinean.


________

2010-11-22

Bera zan, ala ez zan?

Gaur goizean Umap-era sartu naiz, eta bertako makinerian harrapatuta geratu naiz, euli bat amaraunean nola. Tuit bat, beste bat, beste bat, beste bat… Begiak itzulika jarri zaizkit berehala. Salto hona, bisitatu hau, ikusi hau, jun hara… Garuna zeharo nahasteraino, hainbeste ordu bertan ematearen poderioan; halako neurriz, non, sukaldeko telebistatik bapatean ahots ezagun bat iritsi zaidan arratsalde erdian, iman haundi baten moduan erakarri nauena. Ahots partikular bat zan… Nere azpikontzienteak segituan atzeman duena…

Luistxo, Luistxo Fernandez.

Zer eta, hain zuzen, Umapi buruz hitzegiten. Hankak mugitzen hasi zaizkit bapatean. (Arnasa hartu det, ordenagailutik libratu bainau.)

Adi-adi egon naiz harenak entzuten… Bapatean, zalantza haundi batek hartu nauenean. Morena hori, berdez jantzitakoa, alkarrizketatzen ari zaiona… Estitxu Fernandez da, ala ez da?

Zertarako itxoin? Bat-bateko komunikazioaren abantailak.

Korrika jun naiz ordenagailuraino, eta bota det tuit azkar bat. Hau:






Alajaina, alkarrizketaren bukaeran. Ez du denborarik eman. Bera zan ala ez jakin gabe geratu naiz.

Halako estuasun bat daukat (holako enigma motekin ipintzen zaidana). Inork egingo al dit argi pixkabat?

Bera zan, ala ez zan?

Bideo lagungarria, hona:




2010-11-15

Inozentziaren abantailak eta desabantailak

Abantailak


Pipik dioen bezela…

“San Martin egunez, azaroaren 11n, nahi duten herritar guztiak igotzen dituk ermitara kanpaia jotzera, eta herri osoan noiznahi aditzen dituk kanpai hotsak. Ni ere ez nauk aspaldi izan azaroaren 11 batez Azkoitian, baina esan zidatek tradizioa ez dela galdu.”





Ez da galdu ez. Goizean bertan izan ondoren, arratsaldean Zumarragan lanean dabilen lagun Azkoitiar bati kontatu nion bertan izan nintzala, ta istorio xamur hau kontatu zidan:

- Han eraman zituzten eskolako ume guztiak atzo ermitara, kanpaiak jotzera. Sekulako ilusioarekin ipintzen dira ilaran. Bakoitzak pare bat aldiz jo, ta behera
berriz danak. Nere alaba ere hantxe zan, ta galdetu ez zidan ba, etxera iritsitakoan:

“Ama, entzun al dituzu nik jotako bi kanpaiak?”

....


Desabantailak


Baina inuxente izateak bere desabantaila haundiak ere baditu, batipat inozentziaren titularrarentzat. Istorio hau beste lagun batek kontatu zidan, eta oraindik ez dio parreari buelta eman.

Bost urteko umea hor zebilen, ahuntzen moduan saltoka, karamelu haundi bat ahora sartu berritan, hura goberna ezinda.

- Bai, zu ibili zaitez tontoarena egiten, betiko moduan! Kontrako eztarritik juten bazaizu, jata hil egingo zera e? Zeuk ikusi!

Umeak, jakina, amari kasorik egin ez. Karamelua “eztarritik” osorik nola jungo zaio ba.

Halako batez, han entzuten du amak kolpe haundi bat, DANBA, umearen gelan. Amak ez du ikusi, baina umea muturrez aurrera erori da, eta Zzzzzup! Kolpe batez irentsi du karamelua.

Isiltasun tarte luze bat.

Handik bost minutura, han azaltzen zaio umea amari, zurbil, begiak platerak bezela irikita:

- Ama, karamelua tragatu ta gero, handik zenbat denborara hiltzen zera?


....


Hemen protagonista.





_______

2010-11-14

Azkoitiko tokirik politena

Zenbat gauza ote daude, atentzioa ematen digutenak, kotxez goazenean sarri-sarri ikusten ditugunak bide ondoan… Baina sekula ezagutuko ez ditugunak?

Ba neuk behintzat, bat kendu det zerrendatik.

Bere gainetik pasatzen nintzen bakoitzean, Azkoitiko saihesbidean zehar, begira-begira geratzen nintzaion. Ta Juan Luis Zabalak txikitako tokiak aipatu zituenean hemen… Esan nuen: hor seguro izango duela Pipik bizipen gogoangarriren bat...


_____






Ezagutzen ez dituzun tokiak ezagutzen dituzun egunean, biak izan zenitzazke: zaputza, ala atsegina.

Neri atsegina tokatu zitzaidan boletoan.

Ezaugarri ezinhobeak ditu inoren gustokoa izateko: herriaren erdian, muino bat: bista ederrak, halako nagusitasun sentsazioa; jauregiaren ezkaratzean dagoen erregea bazina bezela, bere domeinuen ikusmiran… (a ze burutazioa, ni bezelako errepublikazale batentzat)

Baina horrez gain, atentzioa eman zidaten gauza batzuk. Hainbeste herritan errepikatzen diren batzuk. Azkoitin nengoen, baina berdin izan zitekeen nerea, Zumarraga, edo izan zitekeen Euskal Herriko beste herri bat.

Hasteko…

Ermita bertaraino, errepiderik ez. Berrogeitamar metrotako tarte bat eskilaretan gora, haraino iristeko.

No problem.

Baina aiiii, ahaztu egin zaidala gauza bat: nola iristen da bertara, aulki gurpildunez dijoan bat?





Hemen ere, gauzak diseinatzen dira, beren bi hanken gainean gai direnentzako. Ezinduek, bila dezatela beste toki lauago bat.

Hara, gauza kurioso gehiago ere bai:

Ermitaren ondoan, eraikin moderno bat!





Txakurrentzako txalet ezin dotoreagoa. Bere burnizko segurtasun eremu eta guzti. Egokia, holako toki batentzat. Toki turistiko guztiek behar lukete holako bat.

….

Aldameneko baratzeko aitona jatorrak esan dit, San Martin duela izena ermitak, eta museoa ere badagoela bertan.

Halaxe da. 1999an inauguratu zuten. Eta harrez gero, ondo baino hobeto zaindu dituzte bertako letreroak.





Beste honekin ere akordatu dira: Azkoitiko parajeak izendatzen dituen gida edo mapa moduko bat, burnizko atril baten gainean. Bueno… Xehetasun txiki bat bakarrik, garrantzi gabekoa: mapa falta da. (Akaso, publizitatea ipintzeko gailu bat? Ipini xagua aldarearen gainean)




Beste bat, falta ezin zuena, nola faltako da ba: ikurriña. Baina ez dago bakarrik. Konpainia du eta.




Hainbat banderak duela bere armarria eta… Ez esan neri, gure azken urteotako historia ezagututa, ez lukeela ondo emango… Holako zera bat….

(Hemen ere berdin, jarri xagua beraren gainean…)




Ikusten dezue, euskaldunon izaera definitzen duten xehetasun txiki batzuk. Okerragoak, hobeak, gure-gureak.


_____


Hala ere, gure buruaren ezagutza-ariketak alde batera utzita – nahi izanez gero hain errez zuzen litezkeen xehetasun hoiek ahaztuta - inolako zalantzarik ez daukat, San Martin ermita, oso paraje ederra izateaz gainera, toki magikoa dala Azkoitiarrentzat, makina bat pasadizo eta oroimenen gordailu, eta poesiaz betetako tokia.

Eta hain zuzen, oparitu egin nahi diet Azkoitiarrei, burutazio poetiko bat. Zentzugabea, bai, baina justu horrexegatik, zentzu haundia duena.

Erakargarri turistiko ukaezina izango lukeena. Hori ere bai. Eta baita herriarentzako edergarri paregabea.

Izan ere, ondotik pasatakoan, beti iruditu izan zait, ermita bat baino gehiago, beste zerbait ematen duela…

Ematen duela…


derecha






Faro bat.



_____________

2010-11-12

Behin propaganda egiten hasita...

Ez ditzadan bakarrik aipatu artistak. Baita ere…





Gaztaina saltzaileak.


Kontraste on bat baino gauza politagorik ez dago. Negu gorrian, euria goian behean, burduntziak sudurretik txintxilik, belarriak hotzarengatik kirris-karras egiteko moduan… Hantxe, iskina batean, Jokin, su goritan dagoen danbolin baten ondoan, bero-bero….

Beharbada, gaztainazalea banaiz, ez da gaztainengatik beraiengatik; morkotxak gaztaina bezela, honek biltzen duen kontraste eder horrengatik baizik.

Urretxura bazatozte, pasa Jokinenetik, eta eskaizkiozue gaztainak. Munduko onenak. Eta esan Patxitraperok gomendatuta zoaztela.

(Ze… Gauza ederra da gaztaina beroak ahosapaian erabiltzea belarriak hotz-hotz dituzunean… Baina are ederragoa, debalde lortzen dituzunean, eskerronez publizitate pixkat egiteagatik ;-)

______


Dozena bat erosi nion azken aldian:


- Jokin, izango dira ba danbolin automatikoak. Burniari eragiten jardun beharrean…

Eta Jokinek erantzun:

- Bai, automatikoak egon, egongo dira, baina ze zentzu dauka geldi egoteak? ERAGINEZ hobeto pasatzen da.


_______



P.D.: Bere kideari, Jokin bera baino askoz guapoagoa, aterako nizkioke bertso batzuk, bertsotan baneki. Inor animatzen bada, utzi erantzunetan zortziko polit bat ;-)


____

2010-11-10

Patxi, enrolla hadi, propaganda pixkat egidak hire blogean...

Aurrekoan bota nuen, inoiz egin diodala errietan nere buruari, konputagailuaren aurrean denbora gehiegi emateagatik, eta hori dala ta beste zaletasun batzuk eta betiko lagunak alde batera uzteagatik…

Ba gaur goizean indartu egin da nere errieta egiteko barne-mintzo hori, ustekabean nere lagun Bererekin egin baitet topo, eta hainbestetan bezela, primeran pasa baitet berarekin.

Bai ondo. Biak asmo berberaz, nor bere bizikleta gainean, gailur baten peskizan. Ale ba, goazen Santa Barbarara. (% 13ko aldapa pikoa, 2 km. )

Denbora eman digu, beste batzuren artean:

- Neska katxarro bati bizi-taxi eskeintza bat egiteko (aprobetxatu ez duena, zergaitik ote).
- Emakume irripartsu bati gure asmo konkistatzaileen berri emateko (eguraldiaz beti ezin arituko gera berriketan ezezagunekin).
- Ingelesez, harnasestu artean, eztabaida sutsu bat burutzeko (ohi bezela, nik irabazi dedana).

Iritsi geranean, han bota dit alubak, halako batean:

- Patxi, enrolla hadi, propaganda pixkat egin behar didak hire blogean…

Erreflejoak erne nik:

- Bale, baina hiri argazki artistiko pare bat egiten uztekotan.

Baietz berak (burugabea).






____






Baita asmatu ere nik. Bietan harrapatu det bere esentzia, bete-betean.

Hala ere, pozikago geratu naiz eginarazi dizkiodanak egiten ikustean. Bai esanekoa gizona. Hor ibili da lokatzetan, nik agindutako tokian, eta errebentatuta, bizikleta goi-goian eutsi beharrean.


____


Agindutakoa zor:

Bere dibujante aparta da, kategorikoa.

Eta enkarguak jasotzen ditu. Bidaliozu argazki pare bat, eta karikatura elegantea egingo dizu (euro gutxi batzuren prezioan).

Begira ze detaile polita, adibidez...

- Zure maitearentzako (zaindu maite dezun hori)...
- Zure amantearentzako (zaindu txolinduta zaituen hori)...
- Karnet-esaminatzailearentzako (laugarren saiakera, eta oraindik kotxe-karneta atera gabe? erabaki desesperatuak hartzeko garaia da)...
- Zure amarentzako (asteburuko tuberpare hoiek, duela bi aste estudiante-pisura ekarri ez dizkizunak)...

Lan estilizatuagoak ere egiten ditu. Argazki zaharrak berritu, eta holakoak.




Eta bera bezelako artista haundi bati dagozkion artelanak, orotarikoak.


Bere webgunea (Bererena), HEMEN





Mezua bukatzeko, zer moduz adibide bat? Bere artelanen artean neri gehien gustatzen zaidanetako bat. Euskaldunok urte askoan gogoratuko degun alkarrizketa frexko mundiaaaaaaaaal baten protagonistari eskeinia...





______


2010-11-09

Zentsuratzen ez diren batzuk

Zalaparta haundia sortu zan “A serbian film” pelikularen zentsura dala ta.

Neronek ezin juzkatuko det erabaki hau berau ikusi gabe. Zentsuraz ere eztabaida liteke puskatxo bat... Baina bada betidanik harritu eta kezkatu nauen gauza bat, hain lasai onartu eta ontzat ematen dan kontu baten inguruan.


____


Atzo iragarki bat ikusi nuen telebistan, antzeko zerbait zioena: “Hispania gana a Belen Esteban”.

Nunbait, Hispaniak Belen Estebanen ez dakit zer programak baino ikusle gehiago izan zituen.

Hispania?

Jun dan asteko kontua. Ohizko zaping momentua, nere etxeko egongelan. Ez daukat gogoan zer ikusten ari ginen ni eta nere familia ugaria - hiru umeduna –, etxeko sofan eserita, ipurdia ondo hondoratuta… Bapatean, Hispania telesailarekin topo egin genuenean.

“Ba ikusi egin beharko degu pixkat. Entzun det kritika onak jasotzen ari dala”

Halako batez Jesús Olmedo aktorea azaldu zanean...





Soldadu erromatar baten lana betetzen. Herrixka batera iristen da, eta emakume bat bere bi umerekin dagoen etxolan sartzen da.

“Armak nun daude?” “Ez daukagu armarik.” “Eta hori zer da?” “Hori jateko haiztoa da - umeetako batek - Zerekin nahi dezu janaria txikitzea?”

….

- Hortzekin.

Ustekabean… Zintzurra ebakitzen dio haizto batez erromatarrak hamar bat urteko umeari.

Zineman ondo estudiatzen dira planoak. Hemen ez zuten asko estudiatu behar izan. Zuzeneko plano bat zan.

Urdailak zazpi buelta eman zizkigun, gutako bakoitzari. Katez aldatu genuen, bastante zurbil gure aurpegiak – batipat bi txikienak – eta gaur arte, ez degu gehiago ikusi zorioneko telesaila.

Zintzurra ebaki zioten ume horrek, aita edo ama bat izango du ba. Aita edo ama horrek eman zuen ba baimena, ume horrek egoera jakin hori antzez zezan…

...

Bai, ni bezelako jendearekin munduko filmategia askoz laburragoa izango zan, baina jakin nahiko nuke, gustora jakin ere, ume aktore askoren digestio psikologikoa zenbait pelikula egin ondoren nolakoa izan dan.


_____

2010-11-08

Zalantzarik gabe, desberdinak gera

Jun dan egunean nahikoa parre egin nuen, eta gizonon eta emakumeen arteko desberdintasunen lagin ezinhobea jaso nuen.

Egoera: neu, eta bi lagun, emakumeak biak, denda batean. Hizketan, interes haundiko gai bati buruz.

Bapatean bera sartu da. Gizon espektakularra. Bere ondoan ale akastun sentiarazten zaituen hoietakoa. Ederra. Egiptoko pelikula batetik ateratako edertasun nubioa, edo desodorante iragarki batetik kalera salto egin berri dan top-modela, bestela.

Lan-jantziekin bazan ere, eta ikatz koloreko begiekin, honen estiloko bat, gutxigorabehera.





Sartu da dendara, eta gauzatxo bat eskatu du, minutu bateko kontua.

Nik begiak iltzatu ditut harengan, baita nere bi lagunek ere, lehenengo momentuan. Nere harridurarako ordea, biek hizketan segitu dute, hura sartu ordez, laurogei urteko aitona maxpaxa sartu izan balitz bezela!

Ez da posible. Nola leike. Baina ez al dira fijatu?

Jakinmin zientifiko hutsez jarri naiz eszenari begira. Gizonari begira bai, baina haien erreakzioei begira batipat. Zeozer arraroa bai somatzen diet, baina zeharka ere ez diote begiratu, behin bada ere! Behin ere ez! Nere galdera berriz: nola leike????

Halako batez, irten da gizona dendatik, eta biak, sinkronizatuki, arnasa lau minutuz eusten aritu izan balira bezela, hasi dira aspabientoka, eta uluka:

“Hau gizon katxarroa! Nun egon da orain arte ezkutatuta? Beraz, ez da fotoxopa bakarrik, holakoak ere esistitzen dira! Nere urtebetetzerako holako bat nahi det!” eta holaxe, zerrenda amaigabea.

Eraso, nik: “baina ez diozue begiratu ere egin eta!”

Haien erantzuna: “Aiiii, gizajoa! Ze uste dezu, nere begi ertza lan betean egon da. Zuek gizonak bezain deskaratuak geralakoan ala?” "Ez gerala fijatu!, zuk bai uste, ez gerala fijatu, tentela!”

….

Nere ondorioa: ba ez, ez dira fijatu. Lehenengo segundu erdiko inpresioarekin bakarrik geratu dira.

Hemen, beste behin, giza-abereon ezaugarriak eman dira: gizonok, batzuk gutxiago, beste batzuk gehiago, bereziki arduratzen gera gustoko degun emakumeak jakin dezan gustokoa degula; eta emakumeak aldiz, gustoko gizona lortzeko estrategiari lotzen zaie inkonszienteki ahalegin betean: “ai txikito, ni ez naiz eskuraerreza! Ez nago zuri begira!”

________


Neri ez dit inork begiratzen. Horregatik ote da?? ;-)


________

2010-11-07

Twitter? Facebook?



Bietan eman nuen izena, eta bietan murgildu izan naiz, baina azkar atera naiz berriz azalera.

Merkatal zentru batera juten naizenean bezela gertatzen zait twitter eta facebookekin: zorabiatu egiten naiz, ito egiten nau hainbeste jende toki berean, hainbese mugimendu, hainbeste "produktu" hain toki estuan izatea. Urduri jartzen naiz. Eta ez da produktu batzuk – hainbeste produkturen artean, nola ez ditut ba aurkituko nere gustokoak – erakartzen ez nautenik. Baina nagusitu egiten da neregan halako sentsazio txar bat: ez naiz iristen denera, gauza asko galtzen ditut. Eta gustoko hoien bilaketan, denbora asko ere pasatzen det. Begiak gehiegi nekatzen zaizkit..

Twitter eta Facebook, bakoitza bere ezaugarriekin, bixigarri izan da askorentzat, izena eman duen jende mordoa lekuko. Ez da harritzekoa. Bertan parte hartzeko ez da zertan ondo idatzi behar, ez da idazle edo sortzaile izan behar. Neuk ere hori senitu nuen blogen sorrerarekin. Eta baditu beste abantaila batzuk ere, noski. Zure afizio eta sentsibilitate berdineko jendea ezagutzea, harreman berriak sortzea, eta beste batzuk.

Baina neuk, hauek etorri aurretik ere, banuen kezka bat: sarean emandako orduen ondorioz, betiko lagunak, beste zaletasun batzuk, ez ote nituen alde batera utzi….

Twitter eta Facebookekin kateatu banintz?

Eta orain UMAP dator atzetik, eta BERRIKETAN...

Sare sozialak geratzeko etorri direla, ez direla moda, nik garbi daukat. Baliotsuak direla eta gauza batzuk irauli ditzaketela ere bai. Neurriz ibiliz gero, mesederako direla, nola ez ba. Baina nola eman buelta bertan ibiltzen naizenetan sentitzen dedan urduritasunari?

Ohituko naiz?


_____


Gogoetarako:


"Infoxikazioa zer dan? (information overload): informazio gaindosia, zarata-interferentzia, erabilearengan ezinegona ere sor dezakeena, honek bilatzen duena aurkitzeko gai ez danean. Munduan ematen ari dan informazioaren ugaltze fenomenoari, “informazioaren eztanda” deitu izan zaio, nahiz eta benetan “desinformazioaren eztanda” deitu beharko litzaiokeen; irentsiezin eta nahaslea .”


Hemendik hartua

____

2010-11-06

Maltratatua

Atzo, nere telefono mugikorraren konpainia berrira hotsegin nuen. Azken faktura ulertuko zuenik ez zegoen.

Haiekin harremanetan jartzen naizen bakoitzean gertatu ohi dana gertatu zan, baina oraingo honetan biderkatuta:

Nere datuak behin eta berriz eskatu ondoren, eta sail batetik beste sail batera dantzan ibili ondoren, berrogeitabost, BERROGEITABOST minutuz euki ninduten zain, nere nerbioak kiskaltzen sentitzen nituen bitartean, entzutea beste erremediorik ez nuen sintonia gorrotagarriaren mailupean.

Maltratatua sentitu nintzen.


MALTRATATUA...


Hara nun, nere mugikorraren zirkuito elektrikoak soldatzen dituen gaiak, oso izen xelebrea duen. Kasiterita. Afrikako Kongotik dator.

Lehia gogorra dago Kongon, kasiteritaren kontrola zeinek atxikiko. Talde armatuak daude. Kontrola izatea ez dute armez bakarrik lortzen. Bertakoak bildurtzeko beste modu batzuk ere badaude, nunbait eraginkorragoak: esate baterako, herrixka bateko emakume guztiak bortxatzea. 284.





Diru puxka baten trukean (miseriatik ateratzeko pronto dauden bolondresak aurkitzea, zein erreza dan) gazte batzuk minetako zuloetan sartzen dira. Inolako aurrez egindako ikerketarik gabe, batere segurtasun neurririk gabe. Zeharo itsumustuan. Sartzea posible izaten da. Ez ateratzea, askotan errezagoa.

Bertan geratutakoak kontatzea zailagoa. Inork ez du halako lanik hartzen.





Kasiteritaren garraioak ere badu bere zera: 50 kilometro karga karga eginda, lokatzetan, sekulako hezetasunaren baitan…

Eta guzti honekin ere, hala ere, mixeria gorriaren muinetan egonda ere, badute gure bizimodu oparo eta segurua momentu batzuetan zeharo hutsal bihurtzen duen hori. Nik izenik jartzen asmatzen ez dedana.





Telefonia mugikorraz ari gera azken finean eta, zer egokiago mezu hau bukatzeko, Olariagaren umore zinta ezin aproposagoa baino:


W.C.

Wireless Comunity




______


Cuatro kateko erreportaiaren xehetasun guztiak, hemen.

2010-11-04

Zer ginen eta nun gauden

Blogen eztanda gertatu zanean, nik garbi ikusi nuen zein izango zan garapen naturala. Gogoan det, alkarrizketa honetan, hau bota nuela:

"Eta hau hasi besterik ez da egin. Gero eta lotsagabeagoak izango gara euskaldunak geure burua erakusteko garaian, eta horrek mesede baino ezin digu egin orokorrean, orain garen baino sueltoagoak izango baikara"

Duela hiruzpalau urte, urrutira jun gabe... Zeinek erakusten zuen bere argazki bat sarean? Zer esanik ez bideo bat!

Fijatu berriz orain, edozein tokitan, blogetan, sare sozialetan, egunkarietan, telebistako kale-elkarrizketetan... Lehen baino askoz askoz errezago erakusten degu gure burua. Gure argazki eta bideoak daude bazter guztietan.

Eta horra, esaten ari naizen honen adibide zoragarria! Frexko frexkoa!

Maite Goñik gonbidapena bota, "Gaurko hitza"ren bigarren urtemugan, ta zenbat jendek erantzun duen! Eta oraindik etorriko direnak!





( Orain, nere iragarpenaren bigarren zatia, goiko esaldiaren jarraipena betetzea bakarrik falta da:

"Jaiotza tasak gora egingo du, zalantzarik gabe, hemendik gutxira." ;-)


____

2010-11-02

Inoiz irakurri dedan elkarrizketarik aberatsena

Beharbada, inoiz irakurri dedan elkarrizketarik aberatsena, eta hunkigarriena:

Onena, osorik irakurtzea da, baina hemen ere gorde nahi nituen guzti hauek, eta etiketatu, inoiz erabiltzen ditudanerako, eskura izateko.

Josu Martinez da...





Ea halakoak esaten ditu:


Kontatzearen plazerra


- Luxua da jendeari entzun, eta entzundakoa, zuri pasioa sortzen dizun hori, transmititu ahal izatea hitzaren edo irudiaren bidez. Handia da.


Argazki-albumik gabeko familia


- Patricio Guzmanek, Donostiako Zinemaldian izan den zuzendari txiletarrak esaten du memoria-dokumentalik gabeko herria argazki-albumik gabeko familia bezalakoa dela.


Emakumeak kontalari hobeak

- Oro har, emakumeak kontalari hobeak zaretela uste dut. Baina kanpotik maiz ez da berdin jasotzen.


Deseraiki beharrekoak

- “ Peixotorengana joan nintzen bisitan eta agurtzean “a, eta goraintziak zure neskalagunari”, esan zidan. Nik “ze neskalagun?” esan nion, eta hark, “Haize ez da zure neskalaguna, ala?”. Konturatu naiz jende pila batek pentsatzen duela Haize neskalaguna nuelako egin nuela dokumentala. Eta ez Haizerekin bakarrik; Kristianek 69 urte ditu, baina izan da berarekin maiteminduta nagoen galdetu didanik ere! (…) Egia esan grazia egiten dit, ez naiz haserretzen, baina iruditzen zait oraindik gauza asko deseraiki behar ditugula.


Inor gutxiestearen katea

- Guztiek gutxiesten zaituztenean, zuk ere zure burua gutxiesten duzu, eta pentsatzen duzu kontatzeko duzun hori ez dela hain garrantzitsua, edo zuretzat garrantzitsua izan arren ez dela duina besteekin konpartitzeko.


Pentsaezinezko poza

- “Nola egongo da andre hau? Biziko ote da oraindik?” (…) Deitzen diodan bakoitzean beldur horrekin deitzen diot, ea telefonoa hartuko didan pentsatuz, baina beti entzuten dut “Digim?” eta esaten diot “Hola Carme! ¿Sabes quién soy?”, eta beti erantzuten dit “sí, hombre, ¡mi amigo de Bilbao!”, eta horrek pentsaezinezko poza ematen dit.


Borroka, xamurtasunaren eskutik


- “Jose Martí le escribió con 18 años a su madre una postdata. Ésta es la misma postdata: no son inútiles la lucha y la ternura. Madre, no padezca”. Hau gauza bera da, la lucha, lana edo borroka ez da xamurtasunetik bereizita joan behar, batera joan behar dira. Batak bestea gabe ez dauka zentzurik.


Puskatzen zailak diren burbuilak


- Pentsatzen duzu: “Agian neuk ere egin dut zerbait pertsona honek hemendik aurrera errealitate hauek diferente hauteman ditzan. Torturatuak edo kartzelaratuak diferente pertzibituko ditu agian”. Nik uste nuen ari ginela bide bat egiten, gutxika-gutxika horma zulatzen, baina oso gutxi dira kantitatean. Oraindik oso zaila da horma hori edo burbuila hori puskatzea.


Beren burua biktimatzat ez


- Haizek bere burua ez du biktimatzat, ezta Krisitianek eta Alfonsok ere. Bizi duzun egoeraren baitan hautu kontzienteak egiten dituzunean eta jarrera aktiboa duzunean ez zara biktima, biktimarena oso paper tristea da, berarekin jarrera pasiboa dakarrena


Bulling isila


- Baina burbuila apurtzen ez dugun bitartean ez gara existitzen, beraz ez gara arazo. Ez politikan bakarrik, euskal kulturan oro har ere hala da. Ez gaituzte ezagutzen. Esaterako, ni Euskadi Irratian, Arratsaldekoan oso-oso libre sentitzen naiz eta pentsatu ahala hitz egiten dut, baita irrati katearen kontra ere. Baina zer ardura du? Total, Euskadi Irratiko buruek ez dute Euskadi Irratia entzuten! Hori da egiten diguten bullinga.


Herri sortzailea


- Gerrako garai gogorretatik aterata, Euskal Herri berriaren oinarria kultura izan behar da. Horrekin konbentzituta nago. Herri sortzailea izan behar dugu.



(Uxue Alberdik atera dizkio eta, hari ere pagatu beharko zaio ondo egindakoaren zorra)


________

2010-11-01

Artista haundiei dana barkatzen zaie

Artista haundiei, dana barkatzen zaie. Gizaki arruntoi berriz…

Federico Fellinik, Marcello Mastroiani irudika lezake Treviko iturriaren barruan bustita, Anita Ekberg oparoaren zeharo mendean, haren edertasunak zeharo txolinduta…





Baina Federico ez da izango horregatik inorentzako, parretxoak eragiten dituen gizagaixo errukarria, holakoak asmatzeagatik.



Demagun ordea, berrogei urteko gizaseme arrunta. Marcelok baino ile dexente gutxiago duena, hura baino bajuagoa, ta tripatxo baten jabea.

Demagun, familiarekin abiatu dala erropa denda batera, eta aldageletan dagoela, gizonezkoak holako toki batean burutu ohi duten eginkizunean: pertxeroarena egiten.

Eta, demagun, bapatean, bertako langile bat azaltzen dala. Bera baino hogei urte gazteagoa. Beltzarana, beltzez jantzita goitik behera. Begi beltz sorgingarri batzuen jabea. Iharra bezain ederra.

Neskatxa, bapatean, gizonaren aurrean paratzen da, eta bere zereginari lotzen zaio. Erropak tolesteari ematen zaio. Horretarako, lehenago lurrera botatzen ditu, eta bakoitza lurretik jasotzen duen aldiro, makurtu egiten da.

Makurtzen dan aldiro, ipurdiaren erreten zatitxoa erakusten du.

Pentsa liteke, jabetuta dagoela xehetasun horretaz, baina auskalo.

Edonola ere: gizona ez da urtzen neskaren erretena begien parean geratzen dan momentu hoiengatik (ez hoiengatik bakarrik). Askoz gehiago, banketaren gainera igotzen dan aldiro, begien parean egokitzen zaion ile liso zoragarriarengatik. Goma xume batez helduta duena.

Egoerak luze irauten du…

Neskak gizonaren emoziorik sentitzen ote duen, seguruasko ez.

Gizona, egoera bitxi horretaz jabetu dan inor inguruan ba ote dan jakitun ote dan… Zalantzarik gabe, ez.

Inor jakitun balitz, gizagaixo errukarritzat hartuko lukeen...


....


Eta, hala ere, aldagela hoietan, Treviko iturrian adina poesia bazegoen; erreten polit eta begi eta ile zoragarri hoiek gozatu zituen honentzako behintzat.

(P.D: neskatxak ez zidan, banketa gainetik, "Franchesco, come here" esan.)



______