2011-01-02

Ondo hasi degu urtea

Lehenengo eguna tramitezkoa izaten da, ez du kontatzen, baina bigarrena borobil jun da. Goizean paseotxo bat mendian. Betiko moduan, parre ugari, gaur bezelako egun grix batek eskatzen zuen kontrapuntua. Eta argazki txukunen bat ere bai.





Arratsaldean izotz-jauregira. Oso toki arriskutsua. Ehun kiloko patinatzaile ezjakinak hogeitamar kiloko umeen gainera. Bota zorrotzekin anputazioren bat izateko aukerak. Zerbait puskatzeko arrisku haundia - Juten naizen baikoitzean norbaitek zerbait puskatzen du; gaur Dyak eraman du nere aurrean belauna puskatu duen gizasemea -.

Gauza kaltegarriak debekatzeko sukar honek asko irauten badu, gutxi fiatu, laister Izotz-jauregiak bereak egin du.

Baina neu, eta nere ingurukoak gustora ibili gera. Ez duela bi urte bezain gustora, gaur danak ginen eta nahiko trebeak. Ez gera erori. Parre egin ere, hainbeste ere ez: hain perfektuak, hain aspergarriak...

Baina tira, ondo pasa degula. Argazkiak salatari.











_____

Ondo bukatu zan urtea

Ez zan beste munduko gauzarik gertatu urtearen azken egunean, arratsaldean telebistan harrapatu ninduen film bat kenduta. Once.



Denbora asko zan ez nintzela horrela hunkitzen pelikula batekin.

Zoriak bi musikari alkartzen ditu, eta harreman zoragarria sortzen da bien artean. Nahiz bakoitzak bere kuttuna izan, haien bihotzak nunbait badu tokirik beste batentzako, zoriak ekarritako lagun berri horrentzako.

Pelikularen momentu batean, mutilak esan egiten dio neskari “wonderful” dala, -“Fabulosa”, erderazko itzulpenean- , eta harekin nahi duela egon. Beste helburu potolorik gabe, berarekin egon.

Berritasunak liluratzen ditu biak. Ezezagun zaiena piskanaka-piskanaka ezagutzearen ederrak…

Ezezagunentzako baino ezin gera “fabulosoak” izan. Denborarekin jungo gera dohairen bat edo beste irabazten, baina gure xarma koloregabetuz juten da besteentzako oso ikusiak geran neurrian.

Gehien gustatu zitzaidan abestia hemen: "If you want me". Negargureak hartzen zaituen hoietakoa.
















____

2011-01-01

Urte berri on




Alaba gazteenak karikatura hauxe egin zidan, jun dan egunean. Horrelakoa naiz bere begietara. Seguruasko egongo da alderen bat berak atera nahi zuenetik azken emaitzara, baina bera gustora geratu zan, eta neri kristoren grazia egiten dit.

Egiten ari zala, behin baino gehiagotan errepikatu zidan: “Aita, egin parre!”

Artista txikiaren bere aitaren erretratuan ezin irriparrea falta beraz...

____


Lagun batek gabonak zoriondu zizkidan aurrekoan, eta hauxe bota zidan: “Gogor urte berriari”

Eta nik beste hau erantzun berari:

“Gogor heldu beharko diogu bai, nahiz eta bigantxa beterano bat baino hobeto mugitzen dan kabroia, eta geu erren xamarrak izan”

Ea ba, 2011 bukaera arte irriparreari eusteko gai geran. Gogor saiatuko gera.

Urte berri on guztioi.


____