TVE2ko erreportaia bat ikusten aritu naiz afaldu aurretik, desagertuei buruz. Bapatean, norbait desagertu egiten da, pistarik eman gabe. Familiakoak eta lagunak, aiene batean bizi dira, bizirik ote dagoen, ondo ote dagoen jakin ezinik.
Pentsatu det, neu, ia bi hilabetez, ez nerean, ez inorenean azaldu gabe, pistarik eman gabe, banaizela nolabaiteko desagertu bat. Digitala, baina desagertua.
Inor aiene batean ez det imajinatzen nere faltagatik. Bestela, hor dauka ta nere emaila, galdera egiteko: “Tabakotara jun zinen eta, honez gero bilatuko zenuen ba estankoren bat, Patxi?“
Baina ezjakintasun jakin batek, horrek bai sor dezake ase ezinezko nolabaiteko hazkurea, txikiagoa edo haundiagoa, segun zeinengan. “Tipo hau nun kristo sartu da? Zertan dabil?”
- Krisiak irentsi du? Internet konexioa ordaindu ezinik dago?
- Familiak interneten menpekotasunaren kontrako talde batean izen ematera behartu du? Abstinentzia sindromea pasatzen ari da?
- Mehatxuak jaso ditu eta desagertzera behartuta sentitu da?
- Pasio berri batek garuna eta denbora libre guztia lapurtu dizkio? Ze izen dauka, zein dira bere neurriak?
Izan zitekeen goiko edozein, baina ez da hoietako bat ere. Arrazoia, askoz aspergarriagoa da. Lehenengo, egiteko ugariak izan ziren, eta kirola (asko nekatzen du kirolak). Gero, egitekoen zerrendan aspaldi kadukatutako batzuk derrigorrez bete beharra. Eta gero…
Gero… Fase horretantxe nago ba…
Uste det olatu batek noiz hartuko nauen zain nagoela. Nere borondatez isolatutako irlatxo honetatik aterako nauen olatu horren zain…
Baina antsiarik gabe. Bakartuta, mundutik aparte bizitzeak ere, bere abaintaila haundiak, abantaila guriak baititu...
…
“Quién sabe dónde” Lobatonen programa sonatu hartan, behin, desagertu baten senide batek mezu hau bidali zion galdutakoari, zuzenean:
“Pacooooooo! Llama a caza, hombre, que zon zinco duro…!”
Ba hori, Paco honek bost duro behintzat bazituela poltsikoan.
______


