2011-10-30

Anestesia

Atzo gerra-argazkilari batekin egon nintzen, zerbeza batzuk hartzen.

Zerbeza eta zerbeza artean, makina bat kontu kontatu zidan. Hurbilenak, Libian bizi izandakoak, Gadafik azken egunak pasa zituen tokian bertan jasotakoak, duela egun gutxi batzuk.

Bere web-gunearen berri eman zidan, eta etxera iritsitakoan, zuzen jun nintzen ordenagailura, kontatu zizkidanak ikustera.

Ikusi nituen bertako argazki guztiak... Eta harritu egin nintzen, nere buruarekin.

Ez dizuet esango argazkiekin aztoratu ez nintzenik, bai eragin baitzidaten, baina ez inola ere, nik espero nuen neurrian.

Bonba eta baletatik gertu, oso gertu egon behar dezu argazki hoiek ateratzeko. Eta hantxe imajinatzen nuen bera, Andoni, frankotiradorearen bila zebilen haren aldamenean




edo sua zerien misil-makina haien ondoan...




Baina, ez nintzen bereziki bildurtu.

Zergaitik baina? Etxeko sofa erosotik ikusitako gerra pelikula eta telefilmeak dira, nere aztoratzeko ahalmena zeharo anestesiatu dutenak?

Albistegietan ikusten ditugun irudi latzek, zirrara molestoren bat sortarazten digutenean, nola desegiten ditugun segundu erdi batean, zaping azkar bat eginez, umore edo txutxumutxu saio batera pasaz... Hori izango da?

Munduko tragediak, urrunak zaizkigu, eta askotan, benetakoak direla badakigun arren, fikzio huts bihurtzen ditugu.

Zeharo anestesiatuta gaude.

Baina ez da anestesia hori, beti, kasu guztietan, guk nahi gabe, gu konturatu gabe jasotzen deguna. Anestesia interesatua ere bada batzuetan:

Kontatzen zidan Andonik, euskaldunon trebeziaz, gerra-teknologian asmatzaile gisa. Nola sortu ditugun, adibidez, mina detektaezinak...

Gure industriaren parte-hartze zuzenaz, ez arma sorkuntzan bakarrik, baita  arma hoien zati solteak egiteko garaian.

Kontatzen zidan gure instituzioen eskuzabaltasunaz, arma-lantegi euskaldunekin...

Baina, et-et-et...

Orain PAKEAN bizi gera eta, nola arduratuko gera holako gauzetaz.


_________


Andonik beste gauza asko ere kontatu zizkidan, zirraragarriak, ahaztezinak, baina nola orain badaukadan haren aztarna segitzeko modua, erraz sortuko da haietaz aritzeko hizpidea.

Beste batean.

_________


Hemen Mezularian egin zioten Elkarrizketa:


2011-10-27

Josete, zuk esan eta nik bete

Ordenagailua zarata ateratzen hasi zan. Ohi zuena baino haundiagoa, askoz-askoz haundiagoa. Aulkitik altxa, zutitu, eta distantzia hartu behar izan nuen. Ze zarata zan hura? Zarata bakarrik ez, han hasi zan, dardarka! Nere amaren etxeko garbigailuarekin gogoratu nintzen, zentrifugatze arazo larriak zituen hura…

Zer egin? Itzaldu? Zein da kablera hurbiltzen dan Brave-Hearta?

Argiaren automatikoa itzaltzera jun nintzen, kuarto txikira.

Isiltasuna etxean, bapatean.

Tentuz, ordenagailurantz abiatu nintzen...

Gelara sartzeko ahalegin erdian gelditu nintzen. Atzera egin nuen, harri bilakatuta. Atzeraka erori nintzen, pasiloko paretaren kontra.

Lurretik ikus nezakeen. Zer zan hura? Espejismo bat, aluzinazio bat...

Truko bat. Truko bat  zan! Telebistako broma bat. Kamara ezkutu bat... Baina ondo egina gero. Hezur-haragizkoa zirudien, nahiz ke-itxurakoa zan. Begiak hala ere, oso biziak, gorrixkak, haiek bai ziruditela benetakoak...

- Eup.

- Zer da hau, Euskal Telebistako programa berriren bat?

- Marka da gero, beti gauza bera entzun beharra. Telebistak munduko jeniooi ekarri digun kaltea.

Ahoa zabaltzeko asmoa nuen, nere susmoa egiaztatze aldera, baina kez egindako esku luze bat ikusi nuen nere potroetaraino iristen. Nere izeba Felirekin gogoratu nintzen. Nola txikitzen zituen baserrian intxaurrak, bere esku hutsez lagunduta.

Nere aienea mundu honetakoa zan, potroak estutu zizkidan ke-itxurako esku hura bezela.

- Josete naiz, ordenagailuz ordenagailu dabilen jenioa. Eta hau da nere leloa: "neu naiz Josete, zuk esan, eta nik bete".

- Jenio bat... - arnasa berreskuratuz, kostata - Baina ez al zineten lanparetatik ateratzen?

- Ai... Disneyk munduko jeniooi ekarri digun kaltea. Lanparak? Zeinek dauka gaur egun etxean lanpara bat? Munduko jeniook aurrera egin degu, munduak bezela, eta plaka-base eta mikroprozesatzaileen artean aterpetzen gera.

- Loteria moduko bat tokatu zait orduan? Jenio bat zera?

- Ajam.

- Eta nahi dedana eska dezaket? Josete?

- Ekilikua. Nere izena, Josete. Zuk esan, eta nik bete.

- ...

Hura nere bizitzako aukera izan zitekeen.. Burua lanean ipini nuen.

- Azkarragoak ikusi ditut...

- Ez dakit ordea, zer eskatu. Erabaki zaila da...

- Tira ba. Zu bezelako zalantzatientzat, Pack berezi bat daukagu.

- Pack bat?

- Bai. Pack konpleto bat. Danetik pixkat duen bat.

- Eta zer du ba?

- Ba, edozeinek beretzako nahiko lukeen pakete bat, horra: lan on bat. Bulego batean, bista ederrekin. Ardura haundirik gabe eta internet egun osoan. Soldata polita, eta jai egun asko urtean. Etxe bat: zentro-zentroan, terraza haundia, azken pisuan. Kotxe dotorea, 4x4 bat, luxuzkoa. Kontukorrente potolo bat. Gastatu ahala betetzen dan hoietakoa. Lagun koadrila haundi bat, paseatzera ateratzeko hoietakoa. Bikote bat, zure edertasunaren araberakoa. Amorante bat ere bai, aukeran. Umeak ere aukeran. Lau arte nahi dituzunak. Izen bat ere bai. Alegia, ez zerala gizagaixo bat: jendeak miresten zaitu, edo tira, miresten du zure estatusa, boteretsu baitzera. Direktibo, politikari... Gisa horretako zerbait. Osasuna ere badezu, eta gimnasioko inbidia, zu zera.

Ahoa listuz bete zitzaidan, eta begiak zabaldu, aspaldi ez bezela.

- Ondo! Ez det gehiago entzun nahi. Horixe eskatzen dizut, Josete.

- Ederki! Hola gustoa ematen du. Hala ere... Nere lanak hala esijitzen du ta, pack alternatiboa aurkeztu beharrean naiz.

- Pack alternatibo bat?

- Bai. Askozaz ere xumeagoa. Hain da xumea, ez duela tokirik behar. Dohai batzuk dira.

- Dohai batzuk? Zein baina?

- Lau baino ez. Laburrak, eta gogoratzen errezak. Horra: 1.- Daukazuna estimazeko ahalmena. 2.- Norbera zein besteak maitatzeko gaitasuna 3.- Gozatzeko gaitasuna 4.- Garrantzitsua zer dan bereizteko ahalmena.

- ...

Pentsati atzera.

- Autolaguntza liburu batetik ateratakoa dirudi...

- Ajam....

- ....

- Eta? Ba al gera? Beste ordenagailu batzuk zain ditut. Zein da zure aukera?


____



Urtebete beranduago



- Josete!

- Et-et-et, etzaitez nahastu. Zure txanda pasa zan.

- Baina hemen zaude!

- Pen-drive-a erori zitzaidan. Oraintxe gogoratu det nun zegoen.

- Baina hemen zaudenez gero... Mesede bat egin behar didazu.

- Ez nabil oso eskuzabal. Hala ere, entzuteko desiatzen nago. Zer daukazu esateko?

- Beste pack hura nahi det, dohaiez beteriko hura.

- Ha ha ha...

- Nere bizitza kaka bat da.

- Bai ala?

- Bai... Lanean gaizki nabil. Zer dakit nik, motibazio falta. Etxeak akatsik ez, baina lehengo zaharrean gustora nengoen, huraxe daukat gogoan etengabe, zertarako aldatuko nuen. Todoterrenoa ondo dago, baina hain haundia da, eta ni hain baldarra gidatzen, tailerrekoak nik baino gehiago ikusten du. Dirua bai, baina, dagoeneko ezerk ez dit ilusiorik egiten, dana esku-eskura baitet. Koadrila bai, baina lagun-minik batere ez. Andregaia bai, baina, nahikoa maite ote dedan ez dakit. Amoranteagatik ote dan, ez dakit, harekiko beste hainbeste sentitzen baitet; bai, amorantea ere hartu bainuen. Umerik ez nuen hartu, baina, hain hutsik sentitzen naiz, merezi ote duen ez dakit esaten. Ezer badaukat, nere botere apurtxoa, badakizu? Politikan sartu bainintzen, baina ez dakit lehen baino gizagaixoagoa ez ote naizen sentitzen...

- Ba, zer egingo zaio ba, beste pack hura, gastatu zan, eta gainera, esan dizudana: zure txanda pasa zan.

- Eta, orduan, erremediorik ez?

- Erremediorik ez. Ase ezinda bizitzera kondenatu zinen.


_______

2011-10-25

Tai Chi-a baino, Sofa nahiago

Badaukat adixkide bat, Tai Chi-a praktikatzen duena.

Nik ere praktika dezadan saiatzen ari da aspalditik, asmo onekoa gizona, ariketa osasungarri honen onurak nik ere goza ditzadan, baina sinisgogor batekin topo egin du. Erdi eta erdi, sinisgogorra/nagia.

Maiz kontatzen dit nola ematen dituen orduak postura bakar bat lantzen, geldi, larunbata goiz osoak postura horretan… Eta haunditu baino ez da egiten nere sinisgogortasun/nagikeria.

Susmoa daukat, egunen batean sofan etzanda egotea Tai Chi-a bezain osasungarria dala demostratuko duela Michiganeko unibertsitate-zientzilari talde batek.

Zain nago bitartean.

Kontua da, istorio hau kontatu zidala, aurrekoan:

Etxezuloan baino, toki aparte bat aukeratzen omen du, gogoko duen postura batean, Zuhaitzaren posturan egoteko. Lorategi ahaztu batean, oso toki lasai eta bakartian.





Eta, hauxe gertatu omen zitzaion:

Toki aparte horretan, emakume bat azaldu, bapatean. Bere aldamenean jarri. Toaila zabaldu. Erropa erantzi. Beheko bikini bakarra lagun eguzkiari begira ipini, uhin ultrabioletak ehizatzera.

Bitartean, bera, geldi, jakina.






Ariketaren esentzia milimetro batez mailatu gabe…

Egoera, nahiko xelebrea da. Emakumea ez omen zan saiatu lagunarekin ligatzen, eguzkia- energia? – hartzera mugatu omen zan.

Aparteko toki hori, berak aurkitua izango zuen lehenago, eta hura, lehia territorial hutsa zan?

Edonola ere: nere beste lagun bat, gure arteko elkarrizketan ziritxoa sartu gabe, nola geratuko zan ba:

- Eta… Hura han ondoan zegoela…Ez al zitzaion zuhaitzari zutitu, adarren bat?

...

Ezetz, lagunak.

Jakina, konzentrazio haundia eskatzen baitu Tai Chi-a egiteak!

Horra, sofaren aldeko beste arrazoi bat.

_________

2011-10-24

Alper-alperrik

Gaur, beste zereginik ez eta, nere burua langintza haundi batean jarri det: bizitzan orain arte alper-alperrik sufritzen emandako orduak bata bestearen segidan ipini ditut.

Ipini ditut, xuxen-xuxen ilaran, hurrenez hurren, uste okerrak direla eta sufritutako orduak, lehendabizi. Hauek ugarienak. Bete ez diren zorigaitzen bildurrez galdutakoak ondoren, puska on bat; hanka sartuta edo ahultasunaren ondorioz egindako okerrengatik damututa emandakoak, nik ba al dakit zenbat; gaizki-ulertzeen ondorioz bizitakoak, beste pila bat; nere birtuteak atzematen ikasi arte motiburik gabe nere burua zigortuz emandakoak, mordoxka polit bat…



Ostiko bat eman diot soka hasierari. Kiribildu da, eta bihurtu da bola lodi bat, orduak xurgatu ahala haundituz jun dana, ibilian sendotuz jun dan hots bildurgarria bezela. Urruntzen ikusi ditut biak, bola eta zarata, zeruertzaren atzean ezkutatu diren arte.

Eta hementxe nago orain, hartutako lan eskergaren ondoren, emaitzarekin pozik. Pozik baino gehiago, txoratzen! Pake eta lasaitasun ederrean…



Itxoin…

Entzun al dezue zarata bat?


____

2011-10-22

Zesuma

Komunikazioak liluratu egiten nau. Adi-adi egoten naiz, berdin zaio zein dan formatua, jasotzen ari naizen hari begira, xehetasun guztiei erreparatuz.

Batzuetan izugarri gozatzen det, eta beste batzuetan alderantziz, juteko gogoa jartzen zait, baina beti ibiltzen naiz arrazoien bila. Zer dan kasu bakoitzean erakarri edo uxatzen nauen hura.

Batzuetan, dana da borobila, baina xehetasun txiki, ustez garrantzigabeko batek, dana hankaz gora botatzen du; eta alderantziz, batzuetan, erabat akastuna dana, paradoxikoki, ezin borobilagoa da, eta guztiz harrapatzen zaitu.

Ez da batere zehatza, komunikazioaren zientzia. Baina neu, nere pasio txiki honen irudipen batzuk erakustera noa, blog honetako zutabe berri batean.

Zutaz ari al naiz? Zoriontzeko bada, poztu zaitez. Eta ezer zuzentzeko bada, hasarratu behintzat ez zaitez egin. Estimatzen zaitudalako da.


____






Blog berriari Zesuma izena ipini diot. Holaxe egoten bainaiz askotan, zer suma.

Sumatu: Itxurak edo aztarnek hartaraturik, zerbait izan dela, badela edo izango dela uste izan edo pentsatu.

____

2011-10-21

New York Times eta nere alaba

Marka da gero, baina New York Times egunkaria...

- Basque Separatists Declare Halt to Violence - After nearly half a century of violence in its struggle for independence, the separatist group ETA declared a unilateral end to its campaign of bombings and shootings in Europe...

( Independentzia lortzeko borrokan berrogeitamar urtez biolentzia erabili duen ETA talde separatistak, aldebakarreko amaiera eman dio Europan burutzen ari zen bonba-jartze eta tiroketa jardunari...)
-

Eta nere alaba, bat etorri dira gaur arratsaldean, ETAren komunikatuaren berri izandakoan.

Biek INDEPENDENTZIA aipatu dute.

Oso adierazgarria da, Ney York Timesek "terrorist" hitzik ez erabiltzea; "unilateral" hitza erabiltzea bezela, inplizitoki "gatazka" onartuz; eta ETAren helburuetako bat, independentzia, nabarmentzea.

Alabak berriz - politikaz nik gizonezkoen kosmetikaz adina dakien horrek -, bere kezka azaldu dit:

- Joe, ze ondo, baina... Beste alde batetik, orain independentzia lortzetik urrutiago gaude, ezta?

Gora nere bi bekainak, alabaren ateraldiarekin harrituta, eta bapateko erantzuna segituan:

- Ez ez, bai zera... Gertuago gaudela esango nuke nik...

Txundituta utzi nau, zer eta independentziaz kezkatuta ibiltzeak. Ez baita, independentziaren aldeko sukarra, etxean jaso duen zerbait. Ez bada komentario solteren bat...

Baina bere hurrengo komentarioak utzi nau belarritik belarrirako irriparre batekin, albisteak oparitu didan pozari ginda ipiniz:

- A, ba hola baldin bada ondo... Hala ere, inoiz independentzia lortzen badegu, zer ikusiko degu, ETB eta Urola Telebista bakarrik? Tele5, Neox eta hoiek, ikusi ahal izango ditugu?

...

____

2011-10-19

Pornoa, azeituna, berberetxo, eta patata prijitu artean

Eguraldi beroak segitzen duenez, amentituko didazue iraileko oporretako beste pasadizo bat kontatzea. Ez beharbada wind-surfeko hura bezain parregarria, baina bai txit txispagarria.

...

Hotel txukuna, internetez enkargatu nuen hura. Gelako gauzarik aipagarriena, bertako balkoi-terraza. Mahai bat bai kabitzen da, bost aulki pasa ere bai, estuasunik gabe, eta gaueko giroa, zoragarria da.

Afal dezagun terrazan, nola ez ba.

Terraza baten ametsetan bizi dan terrazarik gabeko familia batentzat, nobedadeak extra batzuk eskatzen ditu, gozagarri txiki batzuk, eta halaxe, bete degu mahaia, ohizko entsalada eta xerra enpanatuz gain, piskolabis begi-pizgarri batzuez. Zerbeza eta Kasa. Azeituna platerkadatxoa, berberetxo batzuk, eta patata-prijitu platerkada bi, batekin ez degu nahikoa ta.

Hasi gera jaten, mahaia merezi bezela bedeinkatuz, hau da, gozatzen ari geran momentua isiltasunez betez, konplizitate ederrean, alkarri begiratuz begiak eskerronez eta pozkarioz beteta…

Argi bat piztu danean, gure parean.

Errepidearen haruzkaldeko hotelaren alde horretan, bigarren pisuan, gure begien alturan.

Urruti baino, gertu. Hogeitamar metro edo, hortxe hortxe.

Neska baten silueta, garbi garbia. Aiba. Aiba. Erropa eranzten hasi da.




Hoteleko jabeari, iturginak kristal hura opakoa zala saldu zion nunbait, hura eraiki zutenean. Alajaina, ziri ederra sartu ziola!

Leiho luzeskak, neskaren luzera guztia hartzen du, belaunetik gora. Neska ederrari, ederra baitzan zorionekoa, dana antzematen zaio. Hankarteko ile eta titiburuak, juego konpletoa. Lepo gaineko melenatxoa ere bai, bi eskuez masajeatzen duena.

Danok kanporuntz begira baikeunden, danok konturatu gera, aldi berean konturatu ere, eta hasi gera komentatzen jokaldia. Bat baino gehiago urduri ere jarri da, nahigabeko parretxoak salatari…

Bigarren bat azaldu danean.

Mutil bat. Neskaren opor-laguna, itxura guztien arabera.

Garbiketa izango zan asmoa, baina dutxa estua baita, eltzea iturrira erori da. Bueno, hori, hasieran, ze gero, iturria eltze artera ere igo da, eta beso dantza oparo bat ere izan da. Ene bada, hori da etorria! Orain alde batera, orain bestera. Helduion orain hemendik, orain handikan horra…

Eta errepidez honuzkaldera, bigarren pisuan…

Bost aulki pasa estuasunik gabe kabitzen diren terraza jendetsu batean…

Jesus Jose ta Maria. Hori da hori, mahaiaren inguruan, patata-prijitu hotsa!!

Konturatu gera danok, aldi berean, espektakuluari eskeintzen ari ginen banda musikal nutritiboaz, eta lehertu gera parrez; berberetxoei muzin egin gabe, eta azeitunak aldamenekoari binaka lapurtuaz, baina hori bai, pareko ikuskizunari begirik kendu gabe, sarrerarik erosi beharrik ez da izan eta.

Jainkoari, edo bueno, zoriari, eskerrak eman dizkiot, ez gaituelako Opuseko egin. A ze komeriak bestela, holako sorpresa bat tokatu, eta holako mimoz prestatu degun mahaia desmontatu eta barrenean mahaia berriz montatu beharra, holako pekatutik derrigorrez urrundu beharrez…

Opusekoa baino, umore oneko koadrila bat, horren ordez. Hola ta hola ikaratzen ez dana, eta oso, baina oso, patata prijitu zalea ;-)

____

2011-10-18

Zapelatza eta sugea

Badira komunikatzaile bikainak, esan nahi dutena modu zoragarrian adierazten dutenak, zapelatza bezain zuzen, zure arretaren erdigunera zast! Iristen direnak.





Eta beste batzuk badira, hauek bezain artistak, hain justu kontrakoa lortzen dutenak: ezer esan gabe zerbait esan dutela sinistaraztea, mezuaren hartzailea sugeak txoria bezela zorabiaraziz.


@JKLakastak erakutsi zigun atzo, bigarren komunikatzaile klase honen adibide paregabea.





Galdera zuzena egiten diote: aizu Yolanda, politikari baino, unibertsitatean gehiago irabaziko zenuela bota zenuen, baina dietekin irabazten dezuna kontatzea ahaztu zitzaizun!

Eta Yolanda, sugetzarra bezela kiribiltzen da entzulearen inguruan, sorgintzen du hau bere miztoaren dardarizo ikusgarriaz; eta geratzen da, entzule txoria, zeharo aseta, sugearentzako harrapakin bat baino ez dala zeharo ahaztuta.


Ai...



derecha








Artista emakumea.


_______


Bai, garrantzitsua da, oso, ze hitz erabiltzen diren, kopurua, zentzua, eta intentzioa.

Nere adixkide batena kontatu didate, gaur arratsaldean, mundiala:

Gizona ITVa pasatzera jun da. Kotxea ondo zegoen, eta eman diote, kristalean ipintzeko pegatina.

Bera holakoxea baita, oso bere baitakoa, bere paretik pasa dan bati zuzendu zaio, bera ere zapelatza bezain zuzen, eta galdetu dio:

- ¿Tienes uñas?

Beste edozeinek, lehenengo azaldu egingo zion arazoa, aizu, - arratsaldeon - , begira, arazo bat daukat: hatzazalak jaten ditut eta hemendik bi hilabetera arte, nahita ere, ezingo nioke pegatina honi papera kendu, egingo didazu faborea, kenduko didazu zuk papera?

Nere adixkideak ez. Zuzen gizona.

- ¿Tienes uñas?

Pentsatu nahi det eskaera jaso duena ez zala mutu geratuko, eta galdetuko ziola zertara zetorren galdera, eta nere adixkideak esango ziola; baina galdera entzutean bere aurpegia imajinatzen det… Eta parrez lehertzen naiz.

Aizue, hemen bakoitzak, komunikatzeko bere estrategiak dauzkala.

____

2011-10-16

Bi olatu, eta apustu bat



Etxeko gela baten papera aldatzen hasi zera, ra-ra-ra… Eta han azaltzen da inoiz, honen aurretik egon zan paper zaharra, zuk gogoratu ere egiten ez zenuena: olatu txiki moduko bat igotzen zaizu behetik gora, paper hari lotuta etortzen baitzaizkizu, irudi edo gertaera hura, pertsona hura, emozio hura…

Ba asteburu honetan, neri bi olatu behintzat etorri zaizkit, behetik gora, inungo gelatako papera aldatzen hasi gabe.

Bata, duela 20-30 bat urte ikusten ez nuen pertsona bat ikusi nuenean. Ez edozein pertsona. Nere hormonak lehendabiziko aldiz dantzan jarri zituen neska.

Laburra izan zan aztoramena, praka motxetan nenbilen garai hartan, baina ez horregatik hutsala. Sufritu nuenik, ez det gogoratzen; gozatu nuela, hori bai. Nere masailak gorri-gorri gogoratzen ditut, belaunak dardarez, hura pareko espaloian pasatzen ari zala. Sekula ez nion hitz-erdirik zuzendu.

Begira geratu nintzaion, aurrekoan,  hainbeste urteren ondoren ikusteaz harrituta, berak ere begiratu zidan, eta – Hola -, esan nion, eta berak ere – Hola - , neri.

Bueno. Garai hartan baino zeozer urrutiago behintzat iritsi nintzan. Hemendik 30 urtera, aber eguraldiaz edo hitzegiten diodan pixka bat.

____


Bigarren olatua, usain bat izan zan.




Brinkolatik gora igo nintzan atzo, eguzkia gordetzen hasi zanean, Urbiarako bidean. Uste det nahasketa bat izan zala. Pinu-erretxinaren usaia, isiltasunarekin nahastuta…

Nere gaztetako mendi-ibilerak gogoan. Aspaldi mendi goietako pake sentsazio hori sentitu gabe. Hau ere sentsazio mistikoa, 10 urte nitueneko neskatxa harekikoa bezela.

_____


Mendi goietako pake hori, laister sentitzera noa berriz. Gaur lagun bati apustu latza egin diot eta. Ezetz San Donatora goraino igo, nerekin.




Ez baitet sinisten igotzeko kapaz danik, enbido gogorra bota diot: kapaza bada, hiru “Sálvame” ikusiko ditut, hirurak eserialdi batean.

Apustua egin ondoren, saio horrek lau ordu irauten duela enteratu naiz, - ezjakina ni -.

Elur-ekaitz bat tokatzen dan egunen bat aukeratu beharko da. Bera, ez baitakit kapaz izango dan San Donatora igotzeko, baina ni hiru “Sálvame” eserialdi batean ikusteko, inola ere ez. Seko erotu gabe ez behintzat.


____

2011-10-15

Txibigorrian zehar



Txibigorri: euskal "bidegorri" hitzaren aldaera sinpatikoa, erdaldunen batek sortua eta dexente zabaldua gure bailaran: 
"Me voy a pasear al txibigorri (Bidegorri), un poco hasta Txiberri (Etxeberri), pero sin llegar a Pirutxo (aizpurutxo)"

____


Errepideak bai ditugula Euskal-Herrian, pareka. Baina ibiltzeko toki lauak, bidegorriak, gero eta gehiago bai, baina oraindik asko ere ez.

Zumarragan, esate baterako, bidegorri bat bada: estua, derrigorrez erabiltzaile mota askok konpartitu beharrekoa.

Bertan biltzen gera egunero: jubilatuak (bastoidunak, muletadunak, errenak, zuzenen bat ere bai), korrikalariak (errekorra haustera doazenak eta zapatilen pisua juxtu-juxtuan eramateko gai direnak – errukarriak -), txirrindulariak (oreka zer dan jun dan astean ikasi berriak, eta kamikaze eroak ere bai), patinatzaileak (abilak, eta ni bezelakoak), umeak (preferentzia arauak ezagutzen ez dituzten anarkista txiki hoiek), txakurrak (soka luzedunak – arriskutsuenak –, soka motxekoak – ito beharrean gixajoak -, eta sokarik gabeak – ez umeak bezain arriskutsuak, baina hortxe-hortxe -), emakume haurdunak (zuzen doazen bitartean ondo, albo batera jiratzen direnean komeriak) eta … Idi pare bat ere ibili ohi da tarteka, kontuak atera.

Portaventura urruti dago, eta segun ze arrisku kirolekin ere, endredu haundia da: ordaindu egin behar, edo materiala eskatu behar lagunei, edo Pirineotaraino jun behar, edo…

Keba keba: adrenalina pixkabat askatzeko, eta arrisku dosis pizgarri batez abenturazale sentitzeko, bidegorria bezelakorik ez dago.

Nik egunero ematen det bueltatxo bat.



Bidegorriko bi erabiltzaile tipiko, hemen.

_______

2011-10-14

Parre egin, zer bestela?

Gaur nere buruari galdezka hasi naiz, noiz sentitu naizen makilatua azkenengo aldiz. Noiz eman didaten azkenekoz astindu on bat… Eta aurtengo oporretaraino jun naiz. Mediterraneoraino.

Ordu pare bat izan zan, baina a zer ordu parea. Kontua da, orain gogoratzen hasi, eta parregurea sartzen zaidala, eta nola geratuko naiz ba, neu bakarrik, nere parregure honekin? Jesukristok ere esaten zuen: konpartitzea gauza polita da.


















Alabaren desio haundi bat bete nahiean hasi zan dana. Wind-Surfa probatu nahi zuen. Lau eguneko tabarra eman zidan.

Ala ba. Orduerdiko paseotxoa, hondartzaren beste puntaraino, goazen ba.

Iritsi gera. Lehenengo zaplada iritsitakoan: Wind-surf taulak alokatzen zituen mutila.

( Betiko galdera, hura ikusi orduko: zergaitik izan behar duten surflari gehienek itxura berbera. Mutil katxarroa. Ilehori erdi-trentzatua. Melenatxoa. Txulopiszinas tankera. Honek Kurt Kobainen antza haundia zuen gainera.)
















Txiringitoan zegoen gizona, lasai ederrean, gu azaldu ginenean. Haizea zebilen eta, egun hartan, gu lehenengo, eta eguneko bezero bakarrak. Wind-surf taula alokatzeko asmoa azaldu nionean izugarrizko mesprezu aurpegiarekin begiratu zidan. Ez zeukan batere gogorik gizonak, tabernan okupatuta zeukan taburetea utzi, eta guri atenditzeko. Are gutxiago, guk wind-surf egiten ez genekiela eta, oinarrizko azalpenak emateko. Baina nunbait, ni bezela jun zitzaion azkenekoari, ezezkoa eman zion, eta maldizio bat erori zitzaion zerutik, zer dakit nik, herpes bat, almorrana gaizto bat… Eta gogoz kontra bazan ere, bigarren maldizio baten bildurrez, eman zigun taula, eta azaldu zizkigun azaldu beharrekoak.

Klaro, begirada asesino hura jasan behar. Superstiziosoa bai, baina ez horregatik derrigorrez atsegina. Ederki despatxatu zan.

Eta mendekua ere, hartu zidan. Derrigorrezkoa zala, eta txaleko-salbabidasa ipini zidan. Ez nere neurrikoa ordea – kabroia -. Uretara erortzen nintzen bakoitzean, sudurreraino igotzen zitzaidan, eta txalekoarekin batera gora etorri zitzaidan, erori nintzan aldiro, mediterraneo erdia. Nere bizi guztian ez det hainbeste ur tragatu! Salbabidasa baino, hura kitabidasa zan.

Ordu t’erdian, berrehun aldiz bai eroriko nintzan uretara! - gehiago igual - ( Jakina, wind-surf taula gainean igotzea, lehenengo aldi batean behintzat, ez da banketa baten gainera igotzea. Zeozer gehiago mugitzen da).

Eta, ura tragatzearena, kalte bakarra izan balitz!

Hura, hondartzaren bukaera zan, eskolleraren ondoan. Aizkorriko mendilerro guztian harri gutxiago dago, han hondoan zegoena baino. Erortzen nintzen bakoitzean, hankak mota eta klase guztitako harri ertzdunekin topo egiten zuten. Hiru aste beranduago, nere oinek body-paintig maisulan bat ematen zuten, danak beltzunez bete-beteta. Kolore guztietakoak.

- Aiii!! Uiiii!! Aaaa!

Txarrena ez zan mina izan, hala ere. Txarrena, wind-surf taularen gainera igotzea izan zan.

Arazo tekniko txiki bat baneukan: nere bainujantzia, ez zan egokiena. Duela bi urte, gomak bazuen indar pixkat, baina gaur egun laurdena ere ez.

Taulara igotzen nintzen bakoitzean, bainujantzia jeisten zitzaidan, ipurdi-erdiraino bai.

Nola ez ba. Hondartza, jendez beteta. Igande goiza zan.

Hiru aldiz begiratzen ausartu nintzen hondartza aldera, eta korrotxoak somatu nituen nere parean. Eguzkia baino dizdira haundiagoa zuten begi-irriparretsuak, neri begira. Algararen bat ere bai.

Egia esan, espektakulu gisa, ez zeukan berdinik. Tiketak saldu banitu sikiera.

Gehiago bai? Bai. Desexorzizatzailearen neskatilatxoa
















Nere alaba.

Klaro, taula bakarra eskatu genuen biontzat, eta hura konpartitu beharra zegoen. Pixkat tardatzen banuen igotzen, ikusi egin behar zan nola jartzen zan, berari ibiltzeko minutuak lapurtzen bainizkion! Ni, ahal bezela defenditzen nintzan:

- Aizu, 90 kilo ditudala! Olatua noiz etorriko zain egon beharra daukat, harekin batera igotzeko! Ezin det bestela!

Infanteriako tentiente-koronel askok nere alabak baino karraxi gutxiago egiten dute, eta bastante leunago.

Gero, nere harrotasuna ere bai, hura ere ondo mailatu zan. Ordu t’erdian, nik 25 metro egingo nituen taula gainean. Hark 200 egin zituen.

Autx….!

Eta, nola ez ba, perkusioa bakarrik falta zan.

200 metro hoiek egin, eta wind-surf eremutik irten ginen, bañisten artera.

Gurutze-gorrian lehenengo eguna zuen sorosle bat zegoen. Txikitan txilibitu bat euki nahi izan zuen, baina ez zioten erosi, eta gurekin hartu zuen ordaina, juxtu egun hartan.

- Piiiiiiiiiiiiii!!!!! Piiiiiiiiii!!!!!!!!!!!! Piiiiiiiiiiiiiiiiiiiiii!!!!!!!!!

Hondartzan lo goxoan zeudenak ere esnatu zituen. Eta klaro, erruduna, neu – alaba adin-txikikoa baita, hark ezin ardurarik izan – eta danak neri begira. Bañistak, eta loti esnatu berriak. Zapaterok ere ez zuen jaso nik adinako mesprezurik, Pilarika egunean.

Eta errematea, bukatzeko: Kurt Kobain bigarrenarekin berriz alkartu beharra. Ze bildurra. Hitz-erdi bat ere ez. Begiratu zidan bere begiratu fosilizatu horrekin, eta agur-erdi bat ere ez zidan esan.

Zeozer kontsolatu nintzan hala ere, txiringitoan bere ondoan zegoenari entzun nionean, azken momentuan, bere petralkeriaren arrazoia:

Tortikulisa zeukan!

Eskerrak, ez nintzan neu – ez guztiz behinik behin – Bere amorruaren erruduna. Bere lepoa zan!

Hankak minbera, bainu-jantzia titien pareraino ondo igota, eta alabaren parretxo isekarien laguntzaz – han itzuli ginen, toailara.

Erabaki sendo bat bertara iritsitakoan: Wind-surfa, berriz probatu? Ez horixe! Puentig-a sokarik gabe aukeran.


_________

2011-10-13

Next!

TDTa etxean jarri genuenetik, norbait pozik badago, hori gure behatz potoloa da. Lehen maxkal-maxkala zan eta, harrez gero, sekulako indarra irabazi du. Hainbeste kanal daude, hainbeste! Eguna mandoaren “next” botoia sakatuz pasatzen degu... Next – next – next – next – next….




Kateak, mordo bat, baina fundamentuzko bat bilatzerako, mandoaren ibilbide osoa hiru aldiz bete behar degu askotan, tendinitisaren mugetaraino.

"Next" esan al det? Hortxe, saio itxuroso bat. Neox katean. Next.





Telebista hezitzaile eta aberasgarriaren antipodetan, baina gure garai honetako gazte-talde jakin baten ispilu. Irudiarekin obsesionatuta dagoen gazte-talde zabal-zabal hori.

Neri, antropologo sena pizten zait saio honi begira jartzen naizenean, eta izugarri gozatzen det; Livingstone doktoreak makina bat espezimen aurkituko zuen bere Afrikako bidaietan, hemen azaltzen direnak baino dexente normalagoak...

Baina batipat saio honen momentu jakin batekin gozatzen det izugarri:

Aukeratzaileak “Next” esaten duen momentua – Mutila izan daiteke, edo neska, saioaren arabera. Bost pretendiente ditu aukeran. Banan-bana, bere amorantegaiak ezagutuko ditu, egokia aurkitu arte, baldin eta zorte hori badu. Nekez gertatzen da halakorik ordea. Denbora guztia kalabazak ematen pasatzen dute, aukeratzeko dohaia duten hoiek. “Next!”

Zitak dirauen bitartean, goxo, leun-leun portatzen dira hautagaiak, euren alde guria erakutsiz … Baina aukeratzeko boterea duen neska edo mutilak ezezkoa ematen dienean… Buenoooooooooooo!!!

Ze nolako amorruak, ze despetxo zitalak! Harrotasuna, larriki zaurituta. Hor azaltzen da, bapatean, gordeta zegoen mounstroa, bere benetako bizar eta hatzaparrak erakutsiz.

Ai, gaztetxo gixajoak, oskoletik atera berriak. Oraindik ez dakite, bizitzan ate bat zabaltzen zaigunerako, hogei isten zaizkigula. Ez maitasun alorrean bakarrik, beste alor guztietan.

Bigarren B mailako futbol-taldeak gera, haundi geratzen zaigun Txanpion League batean.




derecha

2011-10-12

Smartphone-ak, beste erabilpen posible batzuk

Hiru lagunetik batek smartphone bat omen dauka. Sakelako edo, mugikor inteligentea esaten zaiona. Traste miragarri bat. Ez bere jabea inteligenteago egiten duelako - alderantziz beharbada (dana berak egiten baitu, askoren burmuina kamusten ari ote dan…) -, baizik eta ehunka, milaka aukera eskeintzen dituelako. Bueno, zer kontatuko dizuet nik zuei, ez dakizuenik, smartphoneei buruz.

Bere abantailak ordea, ez dira publizitatean azaltzen diren ezaugarrietara mugatzen. Nik behintzat, beste 3 aurkitu dizkiot, txit probetxugarriak.


1.Pizgailu kardiobaskularra.


Dana eramaten det eta nik nere mugikorrean. Azken bi urtetako argazkiak. Diru kontuak, transferentziak egiteko bidetxidorrak. Nere postontzi guztia, azken hamar urtetako mezu sexual-sentsual-espiritualen bilduma… DANA eramaten baitet nere mugikorrean…

Egunero gertatzen zait. Eskua poltsikora eramaten det, mugikorra eraman ohi dedan poltsikora, egunean hirurogei aldiz bai, bertan dagoela ziurtatzeko – burukomin ederra, galduko balitz! Zeinen eskutan eroriko da? Desfalkoren bat egingo dit? - eta bertan somatzen ez dedanean… Ai!,Ai! Ia bihotzeko bat ematen dit. Gero, hamarretik hamarretan, hau da, beti, beste poltsiko batean, txaketako, motxilako edo danadalakoan utzi dedala gogoratzen naiz, eta nere bihotzak bere taupada-erritmoa berreskuratzen du.

Bua! Kafeina baino eraginkorragoa. Mini-elektro suspergarriak, logure egunetan eta hain mesedegarriak.


2. Endorfina dosis bat, astean behin (gehiagotan ere bai)


Maiz gertatzen zait. Ohean nagoela, mesanotxetik hartzen det, eta interneten sartzen naiz, posta, blogak, egunkariak… Zernahi irakurtzeko. Gero aspertu egiten naiz, eta mesanotxeraino luzatzeko perezaz, ohean bertan uzten det. Beranduago, ordea, askotan ez naiz gogoratzen nun utzi dedan, eta haztaka hasten naiz, edredoiaren tolesen artean. Ez det aurkitzen. Beraz? Edredoiaren azpian dago. Edredoia altxatzen det bortizki. Sorpresa! Edredoi azpian ez dago, nola ba, toles batean zegoen eta, katapultatu egin det mugikor gizarajoa pareko paretaraino.Zarata bildurgarria da. Hiru zati eginda - bateria-estalkia-gorputza -, lehen todouno trinkoa zana…

Ez dakit zenbat aldiz gertatu zaidan erosi nuenetik – duela bi urte -. Astean behin? Hor nunbait. Eta ez da oraindik puskatu!

Hainbestetan timatzen gaituzte; erosten ditugu ustez onak diren gauzak, asko pagatuta batzuk, zertarako eta, lehen erorikoan hondatuta ikusteko…

Nere Nokia honek ematen didan poza! Astero astero. Lurretik altxatu, pusketak josi eta erosi nuenean bezela ez dabil ba! Nere satisfazioa!


3.- Wonderbra

Hirugarrena, behar duenarentzako. Ezagutzen dituzue noski, Wonderbra famatuak. Gizakiak egin dituen asmakizunik garrantzitsuenen zerrendan bosgarren postuan omen dago. Ba, duela gutxi jakin nuen, gizonezkoentzako ere ba omen dagoela! Aumentador de pefil, esaten omen zaio.




Hankartean zer erakutsi askorik ez daukazu, eta kezkatu egiten zaitu? Eraman zure Smartphonea kantzontzilo azpira, wonderbra garestietan xentimorik gastatu gabe!. Sekulako paketea daukazula emango du. Eta ez dezu zalantzarik izango, inoiz, ze poltsikotan utzi dezun. Lasaitasunean irabaziko dezu!


(bibragailua desaktibatzea gomendatzen da – edo ez - )


(txoritxoen melodiak web-gune honetan eskuragarri)


_________

2011-10-11

Dicen que un clavo saca otro clavo

Jun dan astean Donostiara jun nintzen, kotxez halabeharrez. Ipurdia, eserlekuan jarrita; hankak pedaletan kateatuta, eta eskuak bolantean itsatsita. Geldi derrigorrez, karrozeria pusketa bati lotuta.

Buruan berriz, inola ere kanporatu ezin nuen kezka amorragarri bat, hura ere lau pareten artean sartuta.

Ez zan oso potoloa, baina nola itsasten zan alubita!

Ohi bezela, Euskadi irratia jarrita neukan. Villabona ingurura iritsi nintzenean, beti bezela, frekuentzia galdu zan, eta beti bezela, hura ondo entzuteko beste frekuentzia baten bila hasi nintzan…

Ttak… ( La oreja de Van Gogh inicia su gira de…. ) Ttak… ( El espiritu santo obró por gracia de… ) Ttak… ( El Partido Popular plantea reducir… )

Han azaldu zan, bapatean. “Radio Salsa” edo, antzeko batean. Aspaldiko kanta ezaguna. El gran Combo. Por más que yo quiera no puedo olvidarte:





Por más que yo quieraaaa, no puedo olvidarteeee, en la vida hay amores que nuncaaaaaa, pueden olvidarseeee…

Dicen que un clavo saca otro clavoooo, MENTIRA!!




Iltze batek ezin duela beste bat atera...

Bai jauna. Ondo asmatua.


______



Iritsi ginen Donostiara, neu eta nere kezka itsaskorra, eta halako ernegazio bat sentitu nuen, pentsatzean momentu batez, ze inutilak geran gizakiok, pentsamentu soil deseroso bat burutik aldentzeko hain inkapazak…

...

Sartu nintzen dendara, egin nuen egin beharrekoa, eta… Hau dek hau. Sartu nintzenean ez nuen kezka berri batekin atera nintzan! Eman zidaten sorpresa bat, petral hoietakoa.

Egun borobila.

Lapikoari presio pixkat kentzeko, bota nituen juramentu batzuk kotxera sartu orduko, dantzatu nituen begiak Marujita Diazek bezela, eta jarri nintzen martxan etxera lehenbailehen iristeko irrikitan.




Berrogei minutu beranduago, han! Zumarragara iritsi nintzenean, orduantxe konturatu nintzan:

- Ostras! ¿¿?? Eta Donostiara bidean buruan itsatsita eraman dedan kezka hori? Alegia, bestea?

Arrastorik ez.

Kezka haundiak txikia jan zuen. Bueltako bidean kezka berria gobernatzen nahikoa lan izan nuen nunbait, Donostiara eraman nuen beste harekin gogoratu ere ez nintzen egin bueltako bidaia guztian…

….

“¿Dicen que un clavo saca otro clavo?

VERDAD!

______

2011-10-10

Kateter bat txilibituan barrena

Norbait muturrez aurrera erortzen danean, parre egiten zaio askotan. Eta hainbati, parre egiteko joera hau, gaizki iruditzen zaio. Neri lehen ere bai. Parre egin nuen, adibidez, elurretan emakume hura hankaz gora erori eta “mis huevos, mis huevos” esanez apatx eginda geratu zanean, arraultzez betetako poltsak eskuetan zituela; baina gero gaizki sentitu nintzen.

Orain ordea, ez naiz gehiegi saiatzen nere parrea gordetzen. Duela gutxi fundamentuzko teoria bat entzun nuelako:

Nunbait, garai batean, pertsona baino gehiago Australopitecus ginenean, norbait erortzen zanean, tribua parrezka hasten zitzaion; baina ez iseka egiteko asmotan, baizik eta hartutako mina leuntzeko helburuarekin, adieraziz: “lasai egon: muturra puskatu dezu, baina ez da larria, ondo jarriko zera. Larria izango balitz, ez ginateke egongo parrezka”.

Horixe litzateke jatorria.

….

Zalantzaz geratu zera?

Irakurri beste hau, goiko teoria indartu baino egiten ez duen pasadizoa, jun dan astekoa:

- Ospitalean izan zera, Patxi? Aitari laguntzen?
- Bai… ITVa pasatzen. Kateter bat sartu diote txilibitutik.

Hiru gizonkote nere aurrean, triangelu bat osatuz. 1,85tik gora bai, bakoitza: “Kateter” eta “txilibitu” hitzak entzun orduko, hirurei ipurdiak atzera egin die 20 zentimetro. Aldi berean hiruei. Dantza sinkronizatua zirudien.

- Ostiaaaaaaaaaa….

Izua hiruen begietan, eta simultaneoki, hirurak parretxoak egiten. Txisteak egiten. Jakina, nolabait neutralizatu behar izu atabiko hori! Asuntoari ertzak leunduz, umoreari toki eginez, nola bestela!

Animatuta zeudenez, kontatu egin nien beste hura: kateterra sartu ezinda, aurrera eta atzera, tximinia garbitzen balebil bezela ibili zan erizain ajolagabe harena; gaixoak, minez akatzen, saladesperan zain zegoen koinatari sartzeko erregutu zion arte, hura xuabeago ibiliko zan esperantzan…

(Irakurle maitea, faborez, eraman ipurdi hori aurrera ;-)

Australopitecusaren teoria hark arrazoi du: desgrazia segurua danean, parrerik ez zaigu ateratzen, baina oinazea segurua izanik ere, emaitza positiboa danean, parrezka hasten gera. Zenbat eta oinaze haundiagoa, katxondeo haundiagoa.

Izua tapatzea da helburua.


Bildurra eta odolaren joerak


Hau ere, igual jakingo dezue, baina badaezbadaere:

Kontua da, bildurtzen geranean, gure gorputzak modu jakin batean erreakzionatzen duela, beti: odola oinetara juten zaigu – korrika ihes egitea errazteko -, gainerantzeko zatiak suministrorik gabe utziz, hoztuta… Zenbat eta izu haundiagoa, pentsa liteke, orduan eta hotz haundiagoa…

Nere kasuan, bi lan-talde beharko dira, kateterra sartzeko: kateterra sartzeko lana hartuko duena, eta….Prospekzio ekipo espezializatua.

Ea lortzen duten figura hoiek txilibitua aurkitzea.


___________

2011-10-09

Sentsual

Zer ote da, erakargarri baino, sentsual egiten duena?

Ez da beste munduko emakumea. Ez da bere ondotik pasatzean jiratzea beste erremediorik geratzen ez zaizun hoietakoa, baina zerbait du, eta susmatu ere ez det egiten, zer izan daitekeen.

Ez naiz bere bila ibiltzen, baina aldamenean tokatzen danean, asko gozatzen det. Inungo asmorik edo helbururik gabe; ez det nerekin eramaten inora – buruan, gogoan esan nahi det–, ezta nere ametsetara sikiera, baina nere ondoan suertatzen danean, zentzuak esnatzen zaizkit, banan-bana.

Eta, kontua da, bera ere sumatzen dedala nerekiko… Nola esan, “interesatuta”. Baina ez dakit esker on hutsa ez ote dan. Alegia, egunen batean somatuko ninduen ezustean begira; nabarituko zuen begi-niniak asko zabaltzen zitzaizkidala bere ondoan, eta ondo sentitu zan.

Jeneroa ematen didanean, begiratu egiten diot, eta berak ere begiratu egiten dit, eta segundu-erdi bat baino ez du irauten, baina neurria ez da sistema metrikoarena. Minarekin gertatzen dan bezela, plazerrarekin halaxe: segunduak dilatatu egiten dira.





_____

2011-10-08

Hiru kamarero

(Zure burua ikusten badezu hauetako batengan islatuta, kasualitate hutsa da.)

Hotelean parean tokatutakoak:

Hiru kamarero. Batek berrogeiak, hogeitamar bigarrenak, eta bi aldiz hamar hirugarrenak.

Zaharrena, gizon serioa da, oso arduratsua. Beti ostalaritzan ibilitakoa, negozioa ondo ezagutzen duena; baina oso gora iritsi ez dana. Hain zuzen, zama horrekin bizi da; edo beste zama batekin, auskalo zein, soluziorik gabea. Kosta egiten zaio irriparre bat eskeintzea, eta eskeintzen duenean, benetakoa dan ez zaizu garbi geratzen. Pentsa liteke, espermatozoideen gisara, kanpora iristen direnerako indarra galduta daudela oso aldian behineko bere irriparre bakanak. Karikatura bat egitea okurritu zait, eta, itsasontzi haundi baten aingura lepotik txintxilik duela imajinatu det.

Atsegina izaten saiatzen da – ofizioa ondo bete nahia – baina bere tristura estaliko duen makilajerik ez dago.

Erdikoak bai, badarama: estalki gogorra, sendoa, gutxienez errinozeronte batena, helburu bakar batekin eraikia: minik ez hartzekoa. Gizona oso isila da. Beharrezko hitzak baino ez ditu erabiltzen. Ez dizu begietara zuzen begiratzen. Ez dakizu lotsa, ala beste zerbait dan, baina ikertzeko aukerarik ez dizu ematen; erreparoa ematen dizu harekin atsegin izateak. Baina nere semeak – ikasi gabea oraindik, ume bati dagokion moduan, guztiz inuxentea -, ez du gizon biluzi bat besterik ikusten beste miloika gizon biluziren artean. Bromak egiten dizkio, bere geruza lodia alderik alde zeharkatuz. Zauri hoietatik, hoteleko irriparre beteenak, irriparre zintzoenak kanporatzen dira. - Beste ume batenak?

Hirugarrena, gazteena, neska polit bat da. Begi zoragarriak ditu. Mototx dantzari bat. Pirzing bat sudurrean. Uniformerik ez darama, eta harritzekoa da, han inor bada batere agintzen ez duena, bera baita. Derrigorrez esanekoa, etxera dirua eraman beharra: egoera latzen bat gaueko hamaiketatik goizeko hamarretara. Kutsu goibel bat badu, eta hala ere, badaki zer dan maitasuna. Nunbaiten jasotzen du, eta jasotzen duelako helerazten du bere ingurukoengana…

Baina etxera derrigorrez dirua eraman beharrak, muga bat aurkitu du, egun batean. Zerk atera duen bere onetik, auskalo. Beharbada banatzeko soberan duen eta banatzen saiatu dan maitasunak ordainik ez izateak; bere lankideen hoztasun eta zurruntasunak…

Lehertu egin da, eta bere oihuak sukalde barrenetik irten eta jangelako mahai guztien gainetik ibili dira…

Bost minutuko sesio haundi baten ondoren, elkarrizketa guztiak isildu dituen sesio urdurigarri baten ondoren, iskin batean ikusi degu, negarrez, zigarro bat eskuan duela….

Kamarero zaharrenak bere aurpegi zurrunarekin segitzen du. Lotsatuta, eta errabiaz beteta. Apenas antzematen zaio.

Erdikoa, mahai artean pasa da, bezeroen begiradak saihestuz; baina estuasunik gabe, horretan, oharkabean pasatzen, ondo trebatua baita.

Eta kamarera gaztea, behin barrenak hustutakoan, zerbitzatzera itzuli da, postreen garaian. Bere ohizko begirada atsegin eskuzabala eskeiniz. Bera ere, trebatuta nunbait, etxean ilunak utzita, kalean argiz ibiltzen.

Azken bazkaria da. Bagoaz, eta ez ditugu gehiago ikusiko.


________

2011-10-07

Sakarina bera baino kaltegarriagoa



Oporraldi motelak aurtengoak, oso mugimendu gutxikoak, baina nahi ezta ere, beti izaten da zerbait gogoaren kajarako. Eta neri, oraintxe, gogoan jasotako hura tekla punttetara etorri.

Maiz esaten da tabernariez, psikologoak izatea tokatzen zaiela askotan, tabernari baino gehiago. Eta kasu askotan hala izango da, baina ez beti horratio. Ni atenditu ninduen hark behintzat, bezeroak ezagutu eta zaintzeko asignaturan, ez zuen nota alturik aterako.

- Me pones un cortao?

Ekarri zidan kafea, baina, nere akatsa, ez nion eskaria beharbezela, osorik egin.

- Ai, no no, me cambias el azúcar por una sacarina por favor?

- Cómo no, caballero.

Gizona sakarina bila abiatu zan, neu “Caballero” harekin geratu nintzan bitartean. Danok ditugu gure maniatxoak, eta neri, “Caballero” deitzen didaten bakoitzean, mila neurona kortozirkuitatzen zaizkit. Ohitu arteko zerbait izango da, ez dakit.

Etorri da, kendu dit azukrea katilua gainean duen platertxotik, ipini du sakarina haren ordez, baina, ez da horrekin konformatu. Bihotzonekoa gizona, aholkuak ematen hasi zait: ea ez al nekien. Sakarina oso kaltegarria dala. Minbizia sortzen duela. Askoz hobe nuela azukrea hartzea, sakarinak gaitzak baino ekartzen ez dituelako.

Ezin ebitatu irriparretxoa, begi muturretan. Batetik, Oier Gorosabelen hura irakurri nuelako, eta mediterraneoko tabernariez baino, ingles perfektua darabilten osteopata bizkaitarrez mila aldiz gehiago fidatzen naizelako. Baina batipat, tabernari haren neurri baldarrarengatik gehiago. Bezero berri bati, zer eta, minbizia aitatu? Eta hipokondriakoa baldinbanaiz? Eta gertuan halakorik tokatu berri bazait? Eta oporretan nagoela, gaixotasunez akordatzea, nere egitekoen zerrendan azken-azken ilaran badago?

Neuk bai, psikologo izan gabe, psikologia zale xamarra, saio bat egin nuen, haren aurpegiko zimurretan irakurtzen; aurpegiko kolore zuria- zuriegia deszifratzen; polo koloregabe eta zapatila zuri-nahi zikin haien historia zein ote zan imajinatzen, eta, neu bai bihotzonekoa, aholku emaile bihurtu nintzen, nere diagnostikoan gizona hipokondriako hutsa zala atera baitzen:

- Ba, zer esango dizut ba. Sakarinak kalte egingo du akaso, beste eguneroko mila gauza txikik bezela, baina nere ustetan behintzat, gaixotu-gaixotu, komeni baino gehiago kezkatzeak gaixotzen gaitu.

....

Ez dakit gogoan hartuko zuen.

____

2011-10-06

Darwin, nere esperantza

Jun dan astean, bi egunetan gauza bera pasa zitzaidan. Nere aho sapaiak ondo gogoratzeko moduko gertaera desatsegina.

Kalean, bero. Logelak, leihoak zabalik danak, gaueko frexkura sar zedin.

Neu etxean azkena oheratzen. Telebistan edo, sukaldea jasotzen ibiliko nintzan, ez naiz gogoratzen. Ohi bezela, nere gautxori senari obedituz, berandu arte geratuta.

Banua ohera. Sartu naiz logelan eta… Jainko maitia, baina baina hau zer da??

Laino trinko bat. Ikusezina argi gutxirekin, baina ez horregatik sumaezina. Terriblea. Auskalo ze lantegitatik haizeak ekarritako erregalu pozoitua.


Nere burmuinaren erreakzio logiko-automatikoa: leihoak zabaldu, irten dadin! Baina, hain zuzen kontrakoa geratu baita! Kanpotik sartu da barrura!

Itxi det leihoa, lainoa oraindik kalean pasiatzen balebil ere, gehiago sar ez dadin; eta ohera sartu naiz.

Sudurzuloetan gora, gelako airea, sudurzuloetan behera. Gora, behera, gora, behera… bost minutu ere ez dira pasa: ahoa Cola-caoz beteta daukadala dirudi, esne ttanttorik gabe baina. Pttak… Pttak… Pttak…

Buruko mina jarri zait segituan. Ez dakit keak berak, ala nere kezkak eraginda.

Paranoiko izan gabe, burutik pasa zait lehertu dala hor nunbaiten zeozer, eta kea etxe guztietara sartzen ari dala, nerera bezela; eta hurrengo eguneko periodikoetan aterako gerala danak, istripu larri baten kaltetu zorigaiztoko gisa.

Tira, New York Timesen lerroburu nagusi izateak ere, xarmangarria izan behar duela.


_____



Kutsadurarena nere herrian, aspaldiko kontua da. Euskal-Herriko herri kutsatuenetakoa da Zumarraga. Urteak aurrera doaz, baina arazoa ez doa urteekin batera. Ondo asentatuta dago gurean.

Oso osasuntsua ez du izan behar. Kutsadura eta gaixotasunak, noraino dauden lotuta, ez da kontu matematikoa, nahiz eta inork ukatu ez, batek bestea dakarrela… Eta, bati, kezka jartzen zaio, neri, nere ingurukoei, tokatuko ote zaigun gaixo jartzeko grazia….


Eskerrak Darwini, eskerrak




Euskadi irratiko Faktorian, elkarrizketa gogoangarria.





Oso, oso polita. Xabier Erkiziak, eta beste batzuk, soinuak jasotzeko lana hartu dute, eta ari dira bitxi benetan harrigarriak lortzen. Itsasazpikoak bezela, guri aditzea ezinezko zaigunak baina hor daudenak, edo galtzear daudenak… Zeharo oharkabean pasatzen zaigun bizi-zantzu bilduma zoragarria…

Eta gogoan hartzekoak, oraintxe-oraintxe, bi. Bata, esaera bat, grazia haundia egin zidana: “Belarriek ez dute betazalik”. Adierazteko, ezer ikusi nahi ez badegu, nahikoa degula begiak istea; baina belarriak erabat isteko modurik ez daukagula.

Bestea berriz, esperantza pittin bat izatera naramana, ke-hauts-kutsadura giro trinko honen erdian:

Itsasazpian, Bilboko portuan adibidez, neurtuta daudela 140 dezibelio (oinazearen muga, 120koa izanik), eta ikusi dutela, baleek…



Euren kantua aldatu dutela azken hamarkadaotan, zertarako eta, itsasontzien zaratatik desberdinduz, euren artean komunikatu ahal izateko!

Hau sorpresa. Darwinen eboluzioaren teoria, azaletik ezagutzen nuen, baina holako aldaketak izateko, bizidunek mende batzuk behintzat behar zituztela uste nuen. Eta hara nun, baleek behintzat, lortu duten hamarkada gutxi batzuetan moldatzea!

Batek daki! Akaso, gure organismoak ere, ari dira PM10, nitrato, fosfato, merkurio, berun eta halakoetara ohitzen, baleak bezela moldatzen, eta ari gera lantzen poliki-poliki, kutsadurara moldatutako gorputz suntsiezina! Gure DNAn itsatsi, eta datozen belaunaldiei oparituko dieguna!



Zentzu exkaxeko esperantza txatxua? Baliteke, baina esperantza, azken finean…

Logela kez beteta, ahosapaia bera Cola-Caoz bete eta hipokondriak antsietate atake bat izateko zorian ipintzen nauen hurrengorako, zeoze-zeoze beharko da…


____

2011-10-05

Bi esaera mundial

Nere esaera kuttunenen artean, hau dago:

“Batzuetan, hobe da gaztelu bat galtzea, berau defendatzen indar gehiegi galtzea baino”.

Etekin asko atera diot esaldi honi bizitzan.

Bada beste bat berriz, zaldi egoskor bat, majo kostatzen ari zaidana dominatzea, nahiz eta ondo jakin dominatzen dedan egunean, zeru erdia irabazita dagoela.

“Visteme despacio que tengo prisa”.

“Lan laisterra, lan alferra”, euskera jatorrean.


___________

Eta biren prezioan, otsi hirugarren bat. Erderaz berak uste baino dexente okerrago moldatzen zan batena, nere lagun batek jasoa. Tente asko botatzen omen zuen gizonak esalditxoa, gustora geratzen omen zan:

'Aunque la mona se vista de queda, tu siempre nunca.


___________

2011-10-04

Bost zentimetro gorago

Bi mezu beherago azaltzen dan modeloetako bat, aspaldiko lagun bat da. Romero.

Poz haundia ematen dit kalean berarekin topo egiteak, urrutitik deitzen baitit beti, Patxiiiiiiiiiiiii!! Irripartsu beti.

Haundia da Romero, baina ez bakarrik bi-hankako gizatiar gisa; hezur-haragitan ere, ni baino puska bat haundiagoa ere bada, zabaleran bezela luzeran.

Nahiz eta argazki honi erreparatuta, ez dirudien hala danik, ezta?





Trukoa nun dan ikusteko, botoiaren gainean egin klik.



derecha











Jakina. Patinen gainean nago ta.

Ba, horixe da ba, patinen gainean ibiltzen naizenean sentitzen dedan gozamenetako bat. Askozaz ere altuagoa naizela. Lagunengana arrimatzen naiz, eta goitik behera begiratzen diet, nobedadearekin pozik.


Sketchers shape ups




Ikusi nituenean, esan nuen, kontxo, garesti xamarrak dira ba. Baina, ni oso zalea bainaiz orekarekin zerikusia duten tramankulu guztiekin - batek daki zergaitik -. Bai bizikleta, monoziklo, patin edo dana dalakoekin; eta entzunda baineukan zapatila hauen gainean zenbaitzuk ez direla ondo moldatzen, oso egonkorrak ez direlako… Erostea erabaki nuen, jakin-minak bultzaturik.

Erosi nituenetik, txoratzen nago. Ez sentsazioa asko gustatzen zaidalako bakarrik, baizik eta, patinekin gertatzen zaidan bezela, 5 zm luzeago egiten nautelako.

Ez nuen berehala esango 5 zmk hain probetxuzko gertatuko zirenik! Ze ondo sentitzen dan hor goian.

Emakumeez eta takoien tiraniaz inoiz zeozer idatzi dedalakoan nago. Baina, ez bainuen altuagoa sentitzearen gozamenaren arrastorik!

Munduko emakumeak, zuengandik, lehen baino 5 zm hurbilago nago.

...

Baldin eta… Ez bada, benetan, beste arrazoi ezkutu bat, zapatila hauek erostera eraman ninduena. Bizikletan edo patinetan ibiltzeak dakarren abantaila bilatzen duen arrazoi berbera...

Ipur-masailak gogor-gogor ipintzen baitzaizkizu! Hala entzunda daukat nik.

Ze gero. Ruperrek arrazoi zuen eta…


derecha


Zaindu maite dezun hori.








____

2011-10-02

Drew, eta bestea

Urte luzez iraun duen zalantzaren ondoren, azkenean, atzo arratsaldean, lortu nuen zeinen antza duen jakitea.



Norbaiten antza badu ba, norbaiten antza badu ba... Eta hantxe agertu zan, azkenean, Drew Barrimore, larunbat arratsaldeko film erromantiko batean. Klaro ba, Drew Barrimoreren antza dauka.

Orain, bestea, haren antza duen hori ikusten dedan aldiro - eta maiz xamarrean ikusten det - derrigorrez harekin gogoratuko naiz.

____


Drewri buruz zeozer bilatzen hasi naiz ordea, eta, hara, zerekin egin dedan topo. Aldizkari batean, elkarrizketa batean, hara zer bota omen zuen:

30 urteak bete ondoren, eta haurtzaro gorabeheratsu baten ondoren, formalduta omen dagoela guztiz; baina oraindik ere egiten dituela erokeriak. Hala nola, Irlandara juten danean, kotxea bide bazterrean utzi, erropak erantzi, eta biluzik, gari-soroetan korrika abiatzeko haizealdiak jotzen omen dio noizean behin. Ez inork ikusteko, baizik eta libre sentitzeko.

Hummm... Gari-soro batean biluzik korrika ibiltze hori... Oso erromantikoa bai, baina ez dakit ba oso egingarria danik. Aus-ka-lo ze sorpresak aurki ditzakezun gari-soro galdu baten erdian: Zirauneak, sarde ahaztuak, biluzik korrika dabiltzan beste emakume biluztu batzuk, behi tripaundiren batek utzitako "sorpresa", un zulo, Iulian Yantzi... Ilunabarreko argi gorrixka-leunean brisara gozo bat ere bai, baina beste hauek ere, edo beste insospetxatu batzuk, ez dakit ba.

Baina irudia, bere horretan, indar haundikoa da, eta ekidiezina izango da. Ikusiko det nere beste hau, eta gari-soro baten erdian imajinatuko det.

Zalantza berri batzuk

(Inoiz esan ote diote gauza bera? Drew Barrimoreren antza duela?
Antzemango ote dit, begiradan, bera dala antza hartu diodan hori?
Antzematen badit, gari-soroan aurkitutako sardea iltzatu nahiko dit, ala ilunabarra bezain gorrixka ipiniko da?)

___

Inkontzientearen adierazpenak

Duela hilabete batzuk, nere buruarekin harritu nintzen, gutxitan harritu naizen bezela.

Aspaldiko ezagun batekin nengoen hizketan, eta hor bota nuen, halako batean, bota behar ez nuen haundi bat.

Ezin nuen sinistu nere ahotik irten zan hura neronek sortutakoa izatea.

Ezagun hau, ez zan sumindu. Harrigarria, baina itxuraz behintzat, ez zion minik eman nere eztenak. Errieta egitea merezi nuen, zaputzaldi bat, begirada hasarrekor bat… Holakorik ez zan izan.

Nere buruari zuzendu nintzaion segituan. Galdezka, nola zitekeen ezagun hari holako ostiko zentzugabea ematea. Azalpen eske, nun sortua zan, min emateko asmo ulertezin hura…


____


Hainbeste harritu nintzan, gertakari hura, ate berri bat zabaltzea bezelako zerbait izan zan.

Nere erabaki eta ibilera askoren azpian zer zegoen arreta jartzen hasi nintzan. Halaxe, nere ingurukoenetan. Eta, ondorio lauso bat atera det, azkenean:

Gure erabakiak ez dituela gure kontzienteak hartzen; gure barruko ume hezigabe, kapritxoso horrek baizik.

Mozorrotu egingo ditugu erabakiak hartzeko arrazoiak, hartuko ditugu biderik aldrebesenak, jantziko ditugu gure hitzak nahi erara, baina norabidea, beti, berbera izango da: ume horren apetak betetzera daramana.

Gure kalterako bada ere, ez zaigula komeni sinistuta ere… Beti haren esaneko, haren aginduetara; beti, hala ez badirudi ere.


____



Azken hilabeteotan buruan bueltaka hori dana, hara nun, gaur, Zumarragako kultur-etxean, erakusketa bat ikusten suertatu naizen, kasualitatez.


INKONTZIENTEAREN ADIERAZPENAK


Erakusketa zeinena zan, arrastorik ez neukan. If Matxikoterena.

Pila bat gustatu zaizkit koadroak.

Eta, erakusketa zaintzen duen lagunaren esanetan, neri bakarrik ez:

“Erakusketa honek ez dakit zer izango duen, baina mundu guztiari gustatzen zaio”.

Nere barruko artista esnatu da orduantxe, eta, hori zortea nerea, bi lagun hantxe, nere instrukzioak segitzeko prest. Jarri hola, itxi begiak, luzatu hankak, jarri eskubirago, begiratu gora… Neuk agindu, eta haiek bete; inkontzientea gutako bakoitzarekin bezela-bezelaxe.















______