2011-11-29

Danak geldiu, pintxaso!!!





Bodako tarta bat dirudien eliza hau, Azkoitian dago.

Urrategi izeneko toki batean.

Oraingoan ere, beste toki batera juteko asmoa nuen, baina hemen lur hartu det. Eta, oraingoan ere, 
harritu naiz zeozerekin.         
                                 

                                                                                                                                                                                                                                                                                                                         


Bertako eliza arduradunen erreklamo publizitario bikaina. Zer ipiniko eliza-atarian eta:

ONGI ETORRI AMAREN ETXERA





Gero, publizitatearekin maiz gertatzen dan bezela, usteak erdi ustel. Bertara sartuta, Amak ez baitizu paga ematen. Eskatu baizik! 

(bai, borondatezko lismosna, baina konpromiso galanta, poltsa pasatzen dutenean, txanda-pasa egitea)

Polita eliza. Polita tokia. Eta polita, bertako igoeran errepidean aurkitu ditudan pintadak. Inoiz ikusi ditudan orijinalenak, eta mundialenak. 


Hasierakoa, estandarra.





Bigarrena, melodramatikoa:

Hil edo bizi!





Hirugarrena, katxondoa, egilearen senaren araberakoa:






Laugarrena, aukerazkoa:

Lehertu, O, jun katia puskatzeke.

(txirrindulariaren indarraren arabera, pentsa daiteke)





Eta azkena, ironiaz betea. Idatzi  zuenak esperantza haundirik ez nunbait, txirrindularia iritsiko ote zan...

Ailau bai?





_____


Beste txikikeria mundial bat ere ikusi det Urrategin: nola twitter indarrean zegoen, XVII. mendean, baina frogarik ezin erakutsi, teknologiak huts egin baitu erabat ustekabean...

Ea ba. Erakutsiko dizuet, hurrena bertaratzen naizenean.

____


2011-11-26

Urrutiko intxaurrak lau, bertaratu eta... Hamalau

Lau intxaur, edo, hori ere ez. Horixe pentsatu nuen, Itsasoko San Lorentzo ermitara iritsi eta, hura begien parean ipini zitzaidanean.





Nere espektatibak haundiak ziren. Ermita bat, basoan galduta. Holako izen politarekin: "San Lorentzo". Ederra behar zuen...

Baina, “minimalista” tokatu.

Lau pareta.

Atea...Barrokoa ote? Gotikoa? Erromanikoa?




Kanpaiak, bat, eta hura ere, erdi eroria.





Leihoak... Bat. Leiho bat. “Esperantzari leiho bat”, dio abestiak. Hau baino haundiagoa izango al zan!





Sekula ikusitako ermitarik “umilena”. Han ikustekorik ez zegoela eta, ospa egitea pentsatu nuen...

Baina bazegoen han, informazio panel bat. Ea, egin diezaiogun kuku bat.

Nahikoa parre egin nuen. Ermita hura, umila izango da, baina ez horregatik historiarik gabea. Begira zer aurkitu nuen:




Gertakizun bitxi bat:

"Ermita honekin lotuta, 1799ko gertakizun bitxia dago jasota: lehorte gogor baten ondoren, uztak salbatzeko asmotan, prozesioa egin zen Itsasotik San Lorentzora. Goizeko 7etan hastekoak ziren, baina herriko alkatea agertzen ez zenez, honi itxaron gabe apaizak prozesioari hasiera eman zion letaniak abestuz. Alkatea, noski, hasarretu egin zen, eta arratsalde hartan bertan kontzeju edo udalbatza bildu zen apaizarekin. Eztabaidaren berotasunean, apaizak “mozkorra” deitu zion alkateari. Apaizak ziegan pasa behar izan zuen gau hura. A zer komeriak herriko bi goi-karguen artean!"

Kizkitzako beste pasadizo hartaz gogoratu, eta nere artean, parrezka: “baina ze motatako jende xelebrea bizi da Ezkio-Itsaso inguru honetan?!”

Eta hau bakarrik ez. Beste hau ere aurkitu nuen:





Fernando katolikoa!

Zer egiten duen Fernandok hor, badator azalpen misteriotsu bat panel horretan. Fundamentuzko gauzarik ez, baina tira, neri arratsaldea alaitu zidan.

Ikastolan seguru ikusiko nuela bere aurpegia, testu-libururen batean, baina ez nuen gogoratzen nolakoa zan.

A ze gaupasa aurpegia! Bizarra kendu gabe... Ze kuxidade da hori, errege batentzako? Etxeko bata jantzita... Ketxup mantxa bakarrik falta du alkandora zurian...

Eta, bertan nengoenez, leiho txiki horretatik barruan zer ikusten zan ikustera abiatu nintzan. Ez nuen gauza haundirik espero. Eta, zer aurkituko eta...

Ez dakit nundik. Leiho hartatik ez behintzat, barruraino sartu zan, justu momentu hartan, bera...





Lorentzo.

Kontrastea, poema eder-asko bat ernetzeko modukoa. Dana ilun, eta, ze bazterretatik sartu dan, jun eta jakin, baina hantxe barruan bera...




Eguzkia.

_____


Nun eta, ustez lau intxaur ximel baino ez zegoen toki batean... Hamalau, azkenean.

Itsasora bidean, atzera egin nuen topo berarekin, Lorentzorekin, mendiaren atzean ezkutatzera zijoanean.






2011-11-24

Bi ordain diferente



http://www.6milliardsdautres.org/


Tarteka, puzzlean klik egiten det, eta munduko beste mutur bateraino salto egiten det. Kolore desberdinak, kultura desberdinak… Baina ze berdinak geran gizakiak, bata bestearekin.

Esandako asko ditut gogoan, baina bereziki gustatu zitzaidan bat, telebista parean harrapatu ninduen bat,  bata bestearen ondoren propio ipini zituzten bi lagunena.

Bata, berrogei urte inguruko emakumea. Oso aurpegi nahigabetua zuen, asko sufritzen ari zan batena.

“Ni nere inguruko guztiak maitatzen saiatu naiz beti. Hainbeste eman diot jendeari! Dana eman diot, eta, bueltan, oso ordain txarra jaso det”

Bestea, bizardun sendo bat, hirurogei bat urtekoa. Begirada lasaiekoa.

“Nik beti egin det nerea, sekula ez diot begiratu besteek nitaz esango zutenari. Badakit zenbait jendek gorroto nauela, baina gorroto nauten haiek ere, estimatzen naute, miretsi egiten bainaute.”

Batek asko eman, eman adina jasotzea espero, eta zoritxarreko. Besteak, gutxi edo, neurrikoa eman, jasotzea gutxi espero, baina jasotzen duen apur hori, berarentzat, asko.

____

2011-11-23

Zartzuelaraino

Esango dezue, beharbada, hauteskundeen ondoren ez daukadala beste gairik, baina txo-ra-tzen bainago! Ez bakarrik izan diren emaitzak konponbiderantz urrats sendoa izango direla uste dedalako, hori ere bai. Baina baita  beste arrazoi batzurengatik ere!

Esate baterako...

Orain arte pentsaezinak ziren hainbat egoera harrigarri, eta masail-pozgarri ikusiko ditugulako!






"Amaiurko parlamentariak Zartzuelako aurkezpenean izango dira, Euskal-Herriaren aitortza aldarrikatzeko"




______

2011-11-22

Bota Mariano, bota!

Lotsatia betidanik gizona, baina azken garaipenarekin, soltatu egin omen da.  Boteka ikusi omen dute Madrilgo kaleetan zehar...

Kontuz ordea, Mariano, Kontuuuuuz...

(que vienen los vascooooosss....)


2011-11-21

Lehenengo eguna

Iñaki Antiguedaden lehenengo eguna, Espainiako kongresuan.


2011-11-19

Hutsune bakoitzak du birtute zati bat beregan

San Donaton, aurrekoan...
















apustu bat galtzeaz gain, gauza gogoangarri bat ere pasa zitzaidan.

Bertan izan zeratenok, ezagutzen dituzue bertako amildegiak…




Ba, ertze-ertzean ibili…  Eta erori ere egin nintzen.

Juanjo, nere koinatuak, esana zidan aspaldi, bazegoela nahikoa eskura, gailurretik gertu, kobazulo bat, bidetxidor baten bukaeran.

Eta hura ezagutzeko egunik bazan, huraxe zan.

Terrenoa modu hotzean estudiatu nuen. Panorama, ikaragarria zan, baina bidetxidorra, nahikoa segurua. Erorita ere, ez nintzen amilduko.

Ausartu egin nintzen beraz… Eta, gutxien uste nuen tokian, erori. Hankak goruntz, ipurdiz lurrean eserita geratu nintzen.

Nik kalkulatu bezela, ez nintzen amildu… Baina egia osoa pantailaren ezker-eskubi jarrita, bihotzak bi zilipurdi bai egin zizkidan. Eta justu orduantxe, gogoratu, aspaldi entzundako hartaz: mendian, istripu larriak, gehiegizko konfidantzagatik gertatzen direla askotan.

Prudentzia. Zuhurtasuna. Birtute haundia bizitzan, hutsune haundia neregan. Gauzak pentsatu bai, baina askotan, behar adina ez. Beti pausu bat aurrerago ibiltzeko joera. Buruhauste askoren jatorri, makina bat alditan.

Baina tira, hutsunea, ez dala hutsune ehuneko ehunean. Hutsune bakoitzak du birtute zati bat beregan.

Ze gero. Kobazuloa mundiala zan.



___


2011-11-18

Xabier Mendiguren eta Maite Goñirekin, afari baten kronika

Afari baten kronika? Bai friboloa.

Ai, ezin eutsi prentsa arrosaren hatzaparretan erori gabe!

Noruntz doa euskal tribua? Ze bidetxidor gaizto hartzen ari da? Modak eta erraiek gidatutako norantza burugabea!

Bai, baina, tira: komeni baino burutsuagoa dalakoan, esandako tribua; egin daigun ahalegin txolin bat. Ahalegin terapeutikoa:

Goazen Maite Goñiren eta Xabier Mendigurenen sekretu batzuk ezagutzera!!!!!

_______


Tira, ez gehiegi emozionatu. Nere asmoak kutsu erabat didaktikoa du:

Imajinatzen baititut, Euskal-Herriko edozein herritan, ikasle gazte batzuk, hemendik puska batera:

      -         XX-XI mendeko idazleak? Bihar azterketa? No me jodas! Zein tokatzen da?
-         Xabier Mendiguren Elizegi.  
-         Zein, ehun eta berrogeitamar liburu idatzi zituen hori? Zer nahi dezu, atake bat ematea???

Edo/eta:

-         Lan bat egiten badegu, ez digula azterketarik egingo, hori esan du.
      -         Bua, tio, eskerrak! Ta zeri buruzkoa izan behar du?
      -         Maite Goñi. Interneten eragina XXI mende hasieran.  
      -         Sokorro! Emakume horrek ez zeukan neurririk! Zer egin behar degu, egin zuen guztia  laburtzea? Asteazkenerako?? Ezinezkoa!!


Holako “hezurrak” tokatuko baitzaizkie, gure etorkizuneko gaztetxo euskaldunei, izan dezatela hauen ikuspegi hurbilago-beroago bat, lurtarragoa, haien begietara atsegin bihurtuko dituena:

Xehetasun txiki batzuk baino ez.

(Benetan kontatzen dutenak, inor benetan nolakoa dan ezagutzeko garaian)


Xabier:

Orduari begiratu, eta, zortzi t’erdiak. Eta han nun ikusten dedan urrutian, bera sartzen, puntual!

Hau gizon fundamentuzkoa. Ni ia fundamentuzkoa. Bera baino bi minutu beranduago sartu nintzen. (Nere estiloan.)  

Tabernara sartu eta… Hantxe parean! Pozik neu! Agurtzera nijoan, haren eskua estutzera…

Ez zidan aukerarik eman:

-         Ze hartu behar dek?

Lehenengo, lehenengoa. Gorputz-espirituarentzako alimentua. Estutuak, irriparreak eta zermoduzak, gero etorri ziran.

Xabier Mendiguren, literato puntual eta praktiko hura!


Maite:

Nere artean… Joe, ba pittin bat tardatzen ari da. Puntual ez dator behintzat. Nun da??

Han azaldu zan. Gorri peligrosoz jantzita. A ze inpresioa.

Musika ze lagungarri suertatzen dan sentipen batzuk adierazteko garaian: horra, nola sentitu nintzan, hura ikusitakoan.


Maite Goñi, ikasleei -nunbait- puntualtasuna eskatzen ez dien irakasle eredugarria. Komunikazioaren esparruan, lehenengo inpresioaren garrantziaz ondo jabetzen dana.


Xabier-Maite:

Pote pare bat. Ze ardo hartuko degu? Hau, hura… Veronia zeragoa da… Maques de eztakit zer-ek beste puntu bat dauka… Hau-da-hau-mingain-sibarita parea!

Plazer selektuen zaleak, bi-biak.


Xabier:

Eseri gera, eta eskatu ditugu zizka-mizkak. Ze hartuko degu? Biak ados etorri dira, eta neu, notarioa, edozerekin konformatzen dan hoietakoa.

Nola gozatzen duen Xabierrek jateko garaian! Ikustekoa zan. Neuk, bereziki egun hartan. Egia esan behar bada, antsioso xamarra bainaiz jateko (jateko, definiziorik zabalena) garaian, eta majo erreprimitu nintzan. Jan gutxi… Eta begiratu asko.

Begiratu, Xabierri, jaten. Zenbat disfrutatzen duen! Bada, zalantzarik gabe, zerbaiten seinalea. Baina badaki baita ere, aldamenekoez gogoratzen.

Kroketa bat zegoen han, hiruron esku-eskura. Inork hartu gabe geratzen dan azkena. Eta, neuk eskatu gabe, Maiteri eskeini eta honek uko egin ondoren, nere platertxora bota zuen. Bai detallista-eskuzabala.


Maite:

Bukatu ditugu bukatu beharrekoak… Eta bistan da, motz geratu gera. Beste zerbait eskatzeko tenorea da. Hara, zer irten zan, bere ahotik:

-         Bueno… Beste zerbait eskatu beharko degu, ala? Ez dakit ba, “txerrikeri” batzuk edo…

Egia esan, naturaletik gehiago du lizunetik baino; ez naiz berataz ari, nitaz baino. Baina plazerra izan zan, Maite “txerrikeri” haiek (oilasko-hego enpanatu goxo haiek) jaten ikustea.

Xabierrek ere jan zituen ala? Ez dakit. Ez daukat gogoan!


Argazkien momentua

Momentua inmortalizatu egin beharko da ba? Kamarero prestu-prestu bat tokatu zaigu, eta atera digu bilduma paregabea. Hemen, Maitek txintxilikatutako adibidea. Argazki ofiziala.




Argazkilari on batek ordea, beste asmo bat bilatzen du. Erretratoan azaltzekoa dana, ahalik eta naturalen azaltzea. Ez da izaten kontu erreza, baina saiatu gabe, nola geratuko gera ba:




"- Xabier, pajaro, etzazu argi guztia zutzako hartu. Ba dakizu zenbat kostatu zitzaidan soineko hau dendan aukeratzea?"



"- Maite, ez nekien hain gerrialde sentsiblea zeneukanik. Baina ondo dago jakitea." 




" - Patxi, hobe dezu, blogean ezer argiraratu behar badezu, argazki formal xamar bat aukeratzea. Bestela, badakizu zein izango dan hurrengo Gaurko hitza:  "Txilibitu-mozketa"

...

Ez esan, ofizialaren aldean, askoz egiatiagoa ez danik, nere bilduma.

Etorkizuneko ikasleek, argazki hauek ikusi, eta burua liburutik (e-book-etik) kendu gabe ikasiko dituzte danak. Xabier Mendigurenen eragina Euskal Literaturan eta Maite Goñiren iraultza interneten bilakaeran!



____


Aipa nitzake beste xehetasun batzuk, txit interesgarriak, esaterako, zientzia ezkutuen arlokoak:

-  Zer du Maite Goñik bere poltsa barruan, hogei kilotik gora pisatzen duena? (altxatzea tokatu zitzaidan: Iñaki Perurena, bapateko pentsakizun automatikoa)

-         Ezer ikusten al du Xabierrek betaurrekorik gabe? (edozein betaurrekodunen aurrean bati pizten zaion galdera, betaurrekoak kentzen dituenean)

Baina asko luzatzen ari naiz eta...

Asko hitzegin genuen, oso giro ederrean, toki paregabean. Gozatu genuen merezi adina. Eta aipatu genuen hirugarren hitzordu baterako asmoa, neska peligrosoaren terrenoan, Ordizian.

Kronika gustatu zaizuelakoan.;-)


_____

2011-11-16

Kizkitzako miraria


Gaur, Kizkitzara, paseotxoa.

Hogeitamarren bat urte bai izango ziren, bertaratzen ez nintzela. Ahaztuta nengoen zeharo nolakoa zan bertako faroa.

Faroari ez diot argazkirik atera, makil baten gainean dagoen diskotekako foko bat dalako. Izan zitekeen politagoa, baina tira, edonola ere, bada nahikoa xarmangarria, itsasotik 40 kilometrora, mendi-puntan faro bat izatea, ezta?

Faroa ez ezik, ermita bera, eta parajea, oso ederra da.

Argazki batzuk hemen:


















Etxera etorrita, bila jarri naiz, ermita honen historia zein dan, eta, horra, ze kontu bitxia:

"1818an Ezkioko “Juan Yon de Aranzady” parrokoak informe bat egin zuen Kizkitzari buruz, Iruñako gotzainak eskatuta. Ermitaren egoera kaxkarra azaltzeaz gain, aipatzen du ermitak Alegiako Magdalena elizarekin duen zorra ez duela ordaindu, eta ez duela ordaintzeko aukerarik. Bestalde, erromeriako egunean dantza publiko lizunak, borrokak eta eztabaidak izaten direla salatzen du. Informe hau kontuan hartuta, ermita eraisteko agindu zuen Iruñako gotzaindegiak 1820an, bere materialekin lortzen den dirua Magdalena elizarekin duen zorra kitatzeko, eta ama birjinaren irudia parrokiara jaisteko.




Irudia jaitsi zuten elizara, baina handik gutxira Kizkitzarako bidean agertu zen zuhaitz baten ondoan. Jendeak miraritzat hartu zuen, eta prozesio batean Kizkitzara itzuli zuten. 30 urte geroago herriko bi gaztek aitortu zuten beraiek utzi zutela zuhaitzaren ondoan. Kizkitzaraino eramateko asmoa zuten baina bidean beldurtu egin zirelako utzi zuten bertan.  




Miraria? Burrukan eta lizunkeritan segitzeko gogoa! Eta lortu zuten segitzea!

Haiek bai merezi, monumentua!

Honen ordez, amabirjina, itsasontzira igota (hemen ez da askorik antzematen baina).




Faroak ez dakit batere argituko duen gauez, baina suerteko egunetan, egunez, faroak adina argitzen duten irriparre politak aurkitzen dituzu bertan.

Zorte onekoa neu, hantxe topatu behar gaur arratsaldean, pare ederra!



















____

2011-11-15

Hartu ta zabaltzazu


Neu, aukeran, lotsagabe xamar portatzearen aldekoa naiz. Fede txarrez ez, hori, inola ere ez, baina zalantzaren aurrean… “Egin dezaket?” “Libre da?” “Inportako dio?”, ausart jokatzearen aldekoa naiz. Zuk, egin, eta ezin bazenuen egin, esango dizute.

Hobe barkamena eskatzea, egin ez izanaren damuz ibiltzea baino.

Bai. Sarean, nahikoa modu piratan portatu naiz. Hor zeuden abestiak, bideoak, argazkiak… Nereak izan gabe, egileari baimenik eskatu gabe, nere orrietan erakutsiz. Inolako diru asmorik gabe, hori bai.

Neure testu, bideo, eta argazkiekin berriz, pereza hutsez, ez naiz sekula lizentziez eta antzekoez arduratu. Ondorioz, ezer esaten ez dan bitartean, ulertzen da, dana “nerea-bakarrik-nerea” dala, eta hala bedi aurrerantzean ere, baina, batak ez baitu bestea kentzen, nola esijituko diot nik inori, neuk betetzen ez dedan zerbait?

Erabil dezakezu Patxitraperoren irudi, edo danadalako hori, hainbeste gustatzen zaizuna? Libre al da? Inportako al dit?

Ausart jokatu. 

____


Herenegun, Mirandaola gainean, San Migel ermitan aterrizatu nuen, eta, argirik gabe, mobilaren kamara kaxkarrarekin, baina gordetzeko moduko hauek atera nituen.

Gustatu egin zaizula batenbat? Zabaldu poltsikoa…

Hop!













2011-11-14

Zer da baina, sexy izatea?


Oso sexya da. Baina zer da sexy izatea?

Ederra izateak dexente laguntzen du. Baina izan daiteke erdipurdikoa (erdipurdikoa, euskaldun hauek, ze gauzak erabiltzen dituzten segun zer gauza adierazteko), eta guztiz erogarria izan. Iman bat bezela funtzionatu. Ezin harengandik begiak apartatu, zelula guztiak soka-saltoan izan.

Ze ezaugarri izan behar du orduan norbaitek, “sexy” izendapena irabazteko?

Ba, zure zelulak zerk ipintzen dituen dantzan, horren arabera:

Neri adibidez, berdin zait ze emakume mota dan. Argala ala mardula. Ile motxa ala luzea. Motxa, ala oso altua. Punkya ala Barby-a…

Baina hizketan jakin behar du; begiratzen adina. Azkarra izan behar du. Horrek erakartzen nau, ezerk erakartzekotan.  

Alaia bada, erantsiozu plus bat. Umorea badu, beste dozena bat. Eta, guzti hori izanda… Bere gustokoa naizela jakiten badet… Orduan bai sexya. Ez baitago norbaiten zelulak dantzan jartzeko erregai hoberik, bete daitezkeen espektatiba itxaropentsu batzuk baino.

Eta, berea naiz guztiz, jakina! Egin dezake nerekin nahi duena.

(tira, hitzegiteko modu bat da, ez naiz literalki ari, nola ba ;-).

Badakit gehienontzako beste neurri batzuk funtziontzen dutela, askoz lorterrezagoak: Askorentzat, ederra bada, planto. Ederra eta jatorra, zeozer gehiago eskatzekotan…

Baina ni holako sofistikatu eta esijentea naiz, “zoritxar” hori daukat.


_____

2011-11-08

Nor kexatu da ETBtik fikzioa kendu dutenean?

Gauza politen bilduma egiten ari dan “Gauza politak” blogean…





Errontegiko zubia ipini zuenean, esan nuen nere artean: “Hara!”

“Bere puntua dauka” dio azpitituluak.

Pentsatu nuen: Errontegiko zubia, polita danik, ezin ba oso altu esan… Baldin eta ez badaukazu zubi honekin lotutako bizipen atseginik. Eta blog honen egileak, seguruasko, badauka.


New York polita?





Errontegiko zubia bezain polita…

Gertatzen dana da, gutako bakoitzak, baduela, zementozko oihan horretan bizi izandako sentipenen bat, dozenaka, edo ehunka sentipen ez bada.

Film, telesail, bideoklip, edo dana dalakoarekin lotuta.

Aizarnazabal ez degu jakingo kokatzen mapa batean. Baina Manhattan, Brooklyn, edo Bronxen, nolakoak diren bertako eraikuntzak, trafiko seinaleak, dendak, iragarki-panelak, errepideak, sute-eskilarak, taxiak, tabernak… Jendea...

Hantxe biziko bagina bezela-bezela.

Estatu-batuarrek konkistatu egin gaituzte. Baina ez nagusiki ekonomikoki, edo militarki… Baizik eta guregana helerazten asmatu duten fikzio-ekoizpen oparoari esker.

Fikzioaren bidez egin gaituzte eurenak.

Eta hemen zer?

Eneko Olasagasti gogora:




“Nor kexatu da ETBtik fikzioa kendu dutenean?”


______

2011-11-07

Bakarrik

Bera, zuretzat, dana zan. Dana da... Zu berarentzat aldiz…



















Eta, gauzak zer diren: bada hor nunbait, beste norbait, zu bezain bakarrik sentitzen dana...


























Aspalditik zurekin etengabe gogoratzen dana.

____

2011-11-04

Ikasitakoa, eta berezkoa

Batek izerdi galantak bota behar izan ditu bizitzan, egonkortasun pixkat irabazteko; makina bat buruhauste izan, makina bat mataza askatu, bidea pixkat zabaltzeko; laberinto askotan ernegatu, su-goritan hankapeak erre, sarritan, ikasgai batzuk bereganatzeko…

Eta, hara nun, lagun batzuri begira, batzuetan, gogoeta hau egiten dedan: “alajaina, honek ez du ezer ikasi behar izan. Honek berezkoa du!”

Hemen, hoietako bat.




Nik haunditan, nere alaba zaharrena bezelakoa izan nahi det.

______


Suitzan bere esentzia harrapatu nahiean ibili nintzen iaz, eta egin nituen bozeto batzuk ( % aren gainean Klik!)






















____

2011-11-02

Arrisku haundiko apustuak

Apustu egin nuen...




Eta ia-ia irabazi nuen. San Donaton, basotik irten eta paretazarra ikusi zuenean...




Ia behera etorri zan, etsitzeko zorian egon zan... Baina arraiuak aurrera egin zuen, eta goraino iritsi zan. Ia bota zuen gibela, baina iritsi zan.

Aspaldiko erretzaileok, batere kirolik egiten ez dezuenok, jakizue fisikoki posible dala San Donatora igotzea osasuna arriskuan jarri gabe (astebeteko agujetak baino ez).

Egin lagunekin apustu lasai! Irabazita daukazue.

Harropuzkeria pagatu egiten da, beti, eta nik nere gehiegizko segurantza, hasia naiz ordaintzen. Hiru Sálvame ikusi behar eserialdi batean, hori pagatu beharrekoa, atzo irentsi nuen lehenengoa. Beste bi geratzen zaizkit. Uste det, baikorra ni, lehenengo paretazarra igo det eta, kapaz izango naizela, nere laguna bezela, iristeko bukaerara osasuna arriskuan jarri gabe.

____

2011-11-01

Hilerrira umeekin

Atzo etxeko panteoia garbitzera jun nintzen. Gurasoak holako lanetarako ez eta, norbaitek egin beharko, aurten neuk eskeini nuen nere burua, lehenengo aldiz.

Umeak eraman nituen nerekin.

Zaharrenak ez zuen etorri nahi izan, baina ez hilerriak bildurra ematen diolako, baizik eta ez zegoelako beharbezela orraztuta.

Besteak, jakin-minez eta errezeloz abiatu ziren, sekula ez direlako beren herriko hilerrian egon. Ez ditut sekulan eraman.

Neuk, aparteko ikararik ez diet, baina munduko gauzarik zatarrena, gusto txarrekoena iruditzen zaizkit hilerriak. Nola eramango ditut ba umeak holako toki batera?

Gizarte honek heriotza tabu izatea, ez da hain harritzekoa. Arrazoi nagusienetakoa, nagusiena ez bada, hilerrietako estetika bildurgarria da.

Nere seme-alabei, nere ikuskera transmititu nien, badaezbadaere, eskilaretan gora:

“Gure hilerriak mundu honetako tokirik itsusiena, eta bildurgarriena dira. Eta zentzugabekoena ere bai. Gure hildakoak toki jakin batera eramaten ditugu, haietaz gogora gaitezen, nunbaiten ditugula senti dezagun... Eta, nola jazten degu haien “etxea”? Marmol beltzez. Kandelabro barrokoz. Angustiarik latzena transmititzen duten irudirik hotzenez. Amabirjina negartiz eta Jesukristo torturatuz. Ez da kabala”

Hitzak aukeratzeko garaian ere, kontuz ibiltzeko eskatu nion txikiari, - Gure aitona-amonak han daude - esaten entzun bainion.

“Kontuz gero, ez esan zure aitona-amonak hor daudenik. Zure aitona-amonen hezurrak daude hor. Alde ederra dago ba!”

Bereizketa, derrigorrezkoa da.

Oso txiki nintzela, ni bai eraman baininduten, “amama bisitatzera”; eta gutxira arte nik bizi-bizirik ezagututako amama, panteoi hartan, zulo beltz bildurgarri hartan, pareta baten atzean zegoela pentsatze hutsak... Nere bizitzako amesgaizto-kate luze eta ikaragarriena hasi zuen

Amesgaizto haiek nere barruko zutabeak dardarez ipini zituzten, nik ba al dakit noiz arte.

Atzo berriz, hantxe ni, panteoiaren barruan belauniko, lurreko harlausari hautsa kentzen, kanpoko atetxoak itxita neu barruan nintzela, kristalak beharbezela garbitzen...

Asmo jakin bat banuen, panteoia garbitzeko nere burua eskeini nuenean. Txikitako bildur haien hondarrak, baldin eta bildur hondarrik bazegoen, betirako ezabatzea.

Eta, lasaiatasun osoz ibili bainintzen garbiketa lanetan, baita nere burua barruan erdi-itxi behar izan nuenean ere, uste det iritsi nuela nere helburua.

Azpikontzientearen zain egon behar, hark zer esango. Hura ez baitago asmo oneko ekintza hutsez lotzerik.

Bart ederki lo egin det eta, momentuz bare dago behintzat. Memoria txarrekoa, ez dirudi asko akordatzen danik.


____